Industriak ibilbide luzea du Euskal Herrian eta urte horietan, askotariko gorabeherak izan ditu. Eskualde bakoitzak bere historia eta istorioak ditu, baina kasu honetan, Tolosaldean (Gipuzkoa) horren nabarmena izan zen papergintzari buruz arituko gara. 1842. urtean Nuestra señora de la Esperanza paper-fabrika ireki zenean hasi zen paper industria eskualdean eta ondoren lantegi gehiago zabaldu zituzten, batez ere Oria ibaiaren arroan.
Paper-fabrikak martxan jarri eta mantentzeko langileak erruz behar ziren. Mekanizatu gabeko lanak izaten ziren gehienak eta, beraz, eskulana barra-barra behar izaten zen. Egoera berri horrek eragin zuzena izan zuen ordura arte baserriko bizimodua nagusi zen herri txikietan. Aldaketa horrek biztanleria osoari eragin bazion ere, garai hartako neska gazteei erreparatzen die artikulutxo honek. Izan ere, neska asko paper-fabriketan aritu ziren lanean 14 urterekin eskola amaitu eta ezkondu bitarteko urteetan.
Aipatzekoa da kasu honetan gaztetan Berrobin (Tolosaldea, Gipuzkoa) papergintzan aritu ziren emakumeak elkarrizketatu ziren arren, antzeko egoerak ematen zirela eskualdeko beste paper-fabriketan edo bestelako industrietan[1].
Gaiari helduz, 1950-60. hamarkadetan, frankismo bete-betean, erregimenak emakumeen ardura nagusitzat familia eta etxea zaintzea jotzen zuela kontutan hartuta, 14 urterekin eskola amaitu ostean emakume gutxiren buruan zegoen ikasketekin jarraitzea. Adin horrekin eskura zituzten beste aukerak baserrian aritzea edo neskametza lanak ziren. Egoera horretan, paper-fabrikan lan egitea zen irtenbide errentagarriena.
“Baldintza hobeak eskaintzen zizkiguten fabrikan, igandeetan jai izaten genuen eta ordu estrak ordaindu egiten zituzten, zer hobe? Gainera, lana gaur eskatu eta hurrengo egunean hasten ginen”.
Emakume gehienen zeregina papera pasa, garbitu, abanikoetan jarri eta kontatzea izaten zen; hau da, gaur egun makinek egiten duten baina orduan eskuz egiten zen lana. Areto batean egoten ziren papera sailkatzen eta gizonek beste eremu bat zuten lantegian, lanak oso definituak zeudelako. Bestalde, lan gutxi zen egunetan, gizonezkoen komunak garbitzen jartzen zituzten, “ez nuen batere gogokoa lan hori, propio zikintzen zutenaren irudipena izaten genuen” dio elkarrizketatu batek.
Independentzia ekonomikorik eskaintzen ez bazien ere, emakume hauentzako astero-astero dirua jasotzea pozgarria zen oso. Batzuk dirua etxean entregatu behar izaten zuten, baina beste batzuek kapritxo txikietarako edo arreorako gorde zuten. Soldatari dagokionean, emakumeek gizonek baino gutxiago irabazten zutela azpimarratu dute lekukoek. Gerora, fabrikan lan egindako urte haietan Gizarte Segurantzan kotizatu izanagatik jubilazioan ordainsaria jasotzen dute gehienek.
Eskola, fabrikako lana eta ondoren, ezkontza. Hori da egiten zena. Horregatik, ezkontzen zirenean lana uzten zuten ia denek. Nabarmentzen dute eurentzat gauzak horrela zirela eta hartutako erabakiarekin konforme daude gehienak.
“Garai hartan lana uztea zen normalena, denek halaxe egiten zuten, soldata bakarra nahikoa zen etxean eta emakumeak umeak hazten genituen etxean gozo-gozo. Oso normalizatutako erabakia zen, gaur egun gauzak oso ezberdinak dira, nik gaur gaurkoz ez nuen lana utziko”.
Hurrengo hamarkadetan ere emakumeek paper-fabrikan lan egiten zuten, eta geroz eta gehiago ziren ezkonduagatik ere lanean jarraitu zutenak.
Maddi Dorronsoro – Antropologoa
[1] Horren adibide da Tolosaldean bertan Bidaniako Ontzi fabrikan lan egiten zuten neska gazte edo emakume ezkongabeen kasua. Gaian sakontzeko irakurri “Bidaniako Ontzi Fabrika” (2021).