Toponimoek lekuak izendatzen dituzte: etxeak, kaleak, errekak, auzoak, mendiak, parajeak eta abar. Gure hiri eta inguruneari buruzko lekukotasuna eskaintzen digu toponimiak; hainbat eta hainbat datu, ezaugarri geografiko, historiko eta etnografiko ematen digu. Eta, inguruaz, gizarteaz eta bizimoduaz jardun ez ezik, hizkuntzaren berri ere ematen du.
Horrexegatik jagon behar dugu, hain zuzen ere, kultur ondarea osatzen duten gainerako elementu guztiak zaindu behar diren moduan. Are gehiago kontuan hartzen badugu zein azkar ari den gizartea aldatzen, zein azkar ari garen aurrera egiten. Izan ere, azken hamarkadetan, guztiz urbanizatu eta kaletartu dira gure inguruak; eta horren eraginez, zoritxarrez, leku askotan galtzen ari dira leku-izenak. Baina beste batzuetan toponimo berriak ere sortzen dira.
Sarritan, ez dakigu ondo zer dagoen auzo, kale, plaza edo iturri baten atzean: zer ezkutatzen duen leku horren izenak, zer historia edo pasadizo gertatu diren bertan; zelan bizi izan zen, lehenago, inguru horretako jendea…
Eta hain justu, Bilboko hiriko toponimia edo leku-izenak ezagutarazteko eta zabaltzeko helburuz sortu da Non eta Bilbon argitalpena. Bilbotarrak toponimiaren garrantziaz ohartzeko; hiri barruko eta inguruetako leku-izenen esanahiaz jabetzeko, eta bide batez, horiek erabiltzeko bidea errazteko.
2020. urtean argitaratu zen, Bilbon hara-hona: leku izenak eta euren arrastoak izenburupean, 40 artikulu biltzen dituen liburua. Eta orduan hasitako bideari jarraipena eman zaio argitalpen honen bidez, arlo desberdinetako adituek sortutako beste 40 artikuludun sorta batekin.
Arestian esan bezala, toponimiak informazio asko ematen du tokien gainean; eta Bilbo gaur egun oso aldatuta dagoen arren, behialako hiria nolakoa zen jakiteko zantzuak aurkituko ditu irakurleak lan honetan. Denboraren poderioz, eta hiria garatuz joan ahala, aldaketa nabarmena izan duten parajeak aipatzen dira, batetik: Abando, Arangoiti, Errekalde, Miribilla, Otxarkoaga edota Txurdinaga. Bilbotarrentzat, urte askoan, ohikoak izan diren txokoetan barrena osteratxo bat egiteko aukera izango dugu, bestetik: Plaza Zaharrean, Erriberako merkatuan eta Campo Volantin pasealekuan, kasurako.
Horiez gain, gertaera historikoren bat tarteko delako ezagun egin ziren lekuen berri izango dugu: Gudabikolanda, Larraskituko San Roke edota Zubileta. Halaber, mitologian ospe handia izan duen Kastrexanako zubian pasatutakoak jakingo ditugu. Eta Bilbo inguratzen duten Elorriaga, Meazabal, Iturritxualde eta Pagasarri mendien gaineko bitxikeriak; Ibaizabal Bizkaiko ibairik zabalenari buruz idatzi eta esandakoak; eta Botikazarreko zaindariak eta San Anton zubiaz bestalde kantuan aritzen ziren igelek ikusi eta bizi izandakoen berri izango dugu.
Argitalpeneko ilustrazioak Mikel Erkiaga margolari eta artistak egin ditu. Argazkiak manipulatu eta artelan bihurtu ditu, argazkien euren gainean zuzenean margotuta. Kasu batzuetan, euretan agertzen diren formak azpimarratu ditu; eta beste batzuetan konposizio abstraktuagoa bilatu du. Goraipatzeko lana, zalantzarik gabe.
Ziortza Artabe Etxebarria – Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa