Etnografia atalak

0

Uyuniko gatzaga. Bolivia, 2015. Autorearen kortesia.

Urteko sasoi honetan, irailean, ahoz aho dabilen galdera da honako hau: “nora joan zara oporretan?”. Batzuek eta besteek horri emandako erantzunek lehia deserosoa sortzen dute, tokirik bitxiena nork bisitatu ote duen. Sare sozialetan etengabe partekatu eta argitaratu ditugun irudi paregabeek, udazkeneko elkarrizketak dinamizatzen dituzten pasadizoen oroitzapenek eta gure ingurunera itzultzean harro erakusten dugun azal beltzak oporrez gozatu egin dugula, asko berriz, adierazten diete ahaide, adiskide eta bestelakoei. Egia esan, oporretako atsedenaldiaren gozamena bidaiatzeari lotuta dago, gaur egun; ohiko ingurunetik ateratzeko ia nahitaezko beharrari, zenbat eta urrunago alde egin eta zenbat eta esperientzia bereziagoak izan, orduan eta poz-atsegin gozoagoak aurkituko ditugulakoan.

Gure arbasoek ere hamaikatxo arrazoi izango zuten bidaiatzeko, baina oporretan kanpora joatea aspaldion orokortu den fenomenoa da. Duela bi belaunaldi baino ez, joan den mendeko 1920ko eta 1930eko hamarkadetan, ezkonberriek trenez edo autobusez egiten zuten eztei-bidaia zen lehen bidaia turistikoa, eta, kasu askotan, bakarra, landa-eremuko gizarte-mailetan, gastatzeko ahalmen txiki samarra zutenentzat. Jaioterria zein, helmuga hura izaten zen: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Santander edota Logroño. Egun baterako edo birako joaten ziren, eta ostatu edo senideren baten etxean egiten zuten gaua, hotela garestiegia baitzen beraien poltsikorako. Baliabide gehien zituzten bikoteak, ordea, urrunago joaten ziren, hala nola, Zaragozara, Madrilera edo Bartzelonara.

Eztialdia Bartzelonan, 1965. Autorearen kortesia.

Geroago, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, gizartearen hobekuntza ekonomiko eraginkorraren ondorioz, astebeteko edo biko ezkonbidaiak egiten ziren. Kanariar Uharteak eta Balearrak ziren, Andaluziarekin batera, ezkonberrien helmugarik gogokoenak. Hegazkinez bidaiatzen zuten, gehienetan, Madrilen edo Bartzelonan geldialdia eginda. Orduantxe hasi zen, hain justu, toki turistikoen hedapena, baita bidaiari-kopuruaren eta -tipologiaren goraldia ere. Geroztik, asko eta askotarikoak ziren bidaiazaleak, adinean zein jatorri ekonomiko eta sozialean anitzak, eta luzatu egin zituzten bidaldiak, behinolako mugetatik hainbat haratago.

Erabakigarria izan da lan-harremanetako lege-esparrua aldatzea, bi ezkontideek inoren kontura lan egitea baita joera. Bestalde, funtsezkoa da garraiobideetan egin diren aurrerapenekin gertatu den jauzi kualitatibo izugarria. Gaur egun, hegazkina da garraiobide nagusia, eta kostu txikiko aire-konpainiak ugaritzeak turismo-bidaiak areagotzea eta hedatzea ekarri du. Are gehiago, agentzia eta enpresa espezializatuen eskaintza zabalek kontsumorako produktu bihurtu dituzte irtenaldi antolatuak. Hortaz, horregatik guztiagatik, gero eta bidaia turistiko gehiago egiten da, eta gure joan-etorri eta egonaldiak luzeagoak dira, bai distantzian zein iraupenean.

Norvegiako fiordoak, 2006. Autorearen kortesia.

Kontsumo-gizarte honetan, irrikatzen gaude estimulu berriak eta handiagoak esperimentatzeko; eta, aldi berean, bizi izan dugun guztia erakusteko beharra dugu, lotsarik gabe eta harrotasunez. Batetik, pozgarria da egiten ditugun bidaietako bizipenak ezagutaraztea; eta, bestetik, batzuetan, oporretan pilatu ditugun esperientziak beste inorenak baino hobeak izan direla erakusteko suertatzen den norgehiagokak atsekabetu egiten gaitu. Gure aitona-amona askoren turismoa, ostera, eztei-bidaiara zegoen mugatuta. Eta, bidaia gehiagorik egin ez arren, beren autoestimuak ez zuen behera egiten, eta ez ziren beren hurko eta bizilagunekin lehiatzen. Gure aurrekoek ez zuten bidaiatzeko premia larririk sentitzen; oporretan nora edo nora joan ezean, ez zituzten guk pairatzen ditugun goibeltasuna eta tristura sumatzen, ez zituztelako guk ditugun aukerak izan.

 

Zuriñe Goitia – Antropologoa

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~