Etnografia atalak

0

Artisau xaboia. Egilea: Seferikalbiye.

COVIDaren pandemia igaro berriak gogorarazi digu zein garrantzitsua den etxearen eta norberaren higienea ondo zaintzea, gaixotasun kutsakorrak zabaldu ez daitezen eta guztion osasuna zaindu dezagun.

“Higiene” hitza Hygíea izenetik dator. Hygíea osasunaren jainkosa zen antzinako greziarrentzat, eta, haien mitologiaren arabera, Asklepio medikuntzaren jainkoaren eta Epione sendakuntzaren jainkosaren alaba zen. Kristo aurreko 7. menderako, greziarrentzat lotuta zeuden pertsonen osasuna eta garbitasuna.

Greziar eta erromatar kulturetan, bainu publiko ugari bazeuden ere hiri gehienetan, ondorengo mendeetan utzi egin zitzaion norberaren burua garbitzeko ura erabiltzeari, uste baitzen urarekin errazago kutsatzen zirela eritasunak. XIX. mendean, ordea, zientzia jabetu zen norberaren higienea eta uraren erabilera funtsezkoak zirela gaixotasunak saihesteko.

Gure inguruan ere, aurreko mendearen hasieran ez ginen jabetzen norberaren gorputza osorik garbitzeko beharraz; gorputzaren zati batzuk baino ez ziren garbitzen. XX. mendearen bigarren erdira arte ez zen bainuontziaren erabilera zabaldu, eta geroago asmatu zen dutxa.

Esan daiteke, oro har, gorputza goizean garbitzen zela, sukaldean, eta azpil batean, harraskan edo konketak erabiliz egiten zen. Etxean egindako espartzuarekin edo xaboiarekin igurzten zen gorputza. Etnikerren inkestaren arabera, Valtierran (N), bainua ibaian hartzen zen udan eta sukaldean neguan, eta xaboi lilia erabiltzen zuten.

Tradizioz, xaboia eskuz egiten zen etxean bertan. Hala ez bazen, txerpolariei erosten zitzaien, ekoitzia saltzen baitzuten haiek. Hainbat modu zeuden xaboia egiteko. Zenbaitetan, etxeko abereen soberako koipea erabiltzen zen (behia, txerria, ardia, zaldia…). Koipea gatz pixka batekin irakinarazten zen, eta, gero, lixiba eransten zitzaion, edukiz gero. Gehien erabiltzen ziren koipeak bilgorra eta urina izaten ziren. Xaboia egiteko beste modu bat, irina sodarekin, amoniakoarekin edo soda kaustikoarekin nahastea zen.

Artisau xaboia XX. mendearen erdialdera arte erabili zen, eta gorputza garbitzeko ez ezik, arropa garbitzeko ere erabiltzen zen. Horretarako, eta iturriko ura etxeetara iritsi aurretik, emakumeek garbitegira edo ibaira joan behar izaten zuten arropa xaboiarekin igurztera, eta ibaian behera zetorren urak eramaten zuen zikinkeria herrestan.

Xaboirik ez zegoenean, edo arropa zuritu nahi zenean, errautsa erabiltzen zen. Arropa azpil edo tina batean uzten zen, eta, iragazki moduko oihal bat erabiliz, errautsa botatzen zitzaion gainean. Ondoren, ur beroa isurtzen zen errautsen gainera, kolorazio efektua eraginez, eta behar adina aldiz errepikatzen zen ekintza bera.

Iturria: Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Etxeko baxera eta janaria prestatzeko erabilitako tresnak garbitzeko ere metodo berberak erabiltzen ziren. Tresnak igurzteko eta janari hondarrak kentzeko, gainera, hondarra, lokatza, errautsa edo espartzua erabiltzen zen. Jakina da espartzua egiteko sokak desegiten zirela, esaterakom arrain kaxek ekartzen zituztenak. Vianan (N) jaso zen, esate baterako, ontziak igurzteko, hondarra botatzen zela material horren harixkekin edo baliagarriak ez ziren material horren zatiekin egindako espartzuaren gainean.

Gaur egun badakigu elikadura motak eta kalitateak zuzeneko eragina duela hortzen osasunean, eta hori erabakigarria da, orobat, gorputz osoaren osasunean. Hala ere, duela gutxira arte ez zen ohikoa hortzak garbitzea, eta eskuilak eta hortzetako pasta erabiltzea ere ohiz kanpokoa zen. Allon (N) oso ondo gogoratzen dute ahoa oso noizean behin garbitzen zela, eta, gehienetan, haginen batek min ematen zuenean edo medikuak hala egiteko gomendatzen zuenean egiten zela. Sarritan, urarekin eta ozpinarekin egiten zuten lan hori. Murchanten (N), berriz, bikarbonatoz garbitzen zituzten hortzak.

Ondorio gisa, esan dezakegu artisau xaboia eta gure arbasoek norberaren burua eta etxea garbitzeko erabiltzen zituzten materialak eta metodoak baliabide jasangarria eta ekonomikoa direla gaur egun garbiketarako dauden milaka produktuen aurrean. Ingurumena zaintzen eta produktu naturalak ekoizten laguntzeko modu erraza da, inondik ere.

 

Zuriñe Goitia – Antropologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~