Etnografia atalak

Espartzua lantzen.

Kultura Ondare Immaterialaren arloan eztabaida eta buruhauste handiak sortzen ditu egile eskubideen araudiak. Izan ere, gure sistema juridikoak jabetzaren araberako lege sistema garatu du eta jabetza, immaterialaren esparruan, sorkuntza edota egiletzarekin lotzen du.

Zer gertatzen da, orduan, egile definiturik zehaztea zaila edo ezinezkoa den Kultura Ondare Immaterialaren adierazpideen kasuan? Nori dagozkio legeak aitortzen dituen “egile eskubideak”?

Akademian eta nazioartean oro har, Kultura Ondare Immaterialaren adierazpideez aritzerakoan, eztabaida sakonak sortzen dira zuzenbidearen esparruan. Izan ere, gure lege sistemek jabegoa eta egiletza bezalako kontzeptu eta printzipio sendoetan ardazten baitituzte eskubideak.

Kultura Ondare Immaterialean (KOI), berez, ezinezkoa da jabea edota egilea identifikatzea, ez baitago egilerik eta ez baitago jaberik. Komunitate Eramailea deritzogu edozein Kultura Ondasun Immaterial bizirik mantentzen duen kolektiboari. Komunitate eramaileak ez du ondasun, jakintza edo adierazpide hori sortu, baina haren ordezkaritzaren zilegitasuna zor zaio, hura baita arbasoengandik eta hurrengo belaunaldietara ondasuna bizirik daramatenak.

Egungo zuzenbideak sortarazten duen lehenengo arazoa, ordea, Komunitate Eramailea identifikatzea da. Nortzuk osatzen dute Interes Kulturaleko Ondasun Immaterial izendatuta dagoen Hiru Behien Zerga ekitaldiaren komunitatea? Baretous (Biarno) eta Erronkari ibarreko udal batzuetako ordezkariek? Behiak prestatu eta bertaratzen diren abeltzainek eta herritarrek ez?

Dantza tradizionala. Iturria: Asociación de Coros y Danzas Rosa del Azafrán.

Nortzuk osatzen dute Bertsolaritzaren Komunitate Eramailea? Bertsozale Elkarteak ordezkatzen al ditu bertsolari eta bertsozale guztiak? Zergatik aitortuko zaio instituzionalizatutako (legeztatutako) egitura bati haren mugak gainditzen dituen ondasun baten ordezkaritza?

Komunitate Eramailea identifikatzea arazoa izanik ere, haren legeztatze eta instituzionalizatzea da gaurko legediak eskatzen diena KOIaren eramaileei ondasunaren gaineko inolako eskubiderik aitortzekotan; baina ez hori bakarrik.

Kontratazio Publikoaren legeak, gainera, baldintza gehigarriak ezartzen ditu instituzio publikoek diruztatu ahal izan ditzaten tradizioz Komunitate Eramaile batek mantentzen duen KOIaren adierazpidea. Horixe gertatu da, erraterako, Iruñeko Erraldoi eta Kilikien Konpartsarekin. Sanferminetan txiki eta nagusien irriak eta korrikak sortzen dituen konpartsak haien erraldoien dantzen koreografia batzuk erregistratu behar izan dituzte Jabego Intelektualaren Erregistroan Udalak Konpartsa eta ez bertze inor kontrata dezan. Horrezaz gain eta baita hori egin ahal izateko, Konpartsak bere burua instituzionalizatu eta egituratu behar izan du Elkarte bihurtuz legearen aitzinean.

Mexikoko Nancy Jazmín Pérezek[1] bere doktore tesian dioen bezala, KOIak bere Zuzenbide propioaren beharra du.

 

Gaizka Aranguren Urrotz – Memoriaren eta Ondare Immaterialaren balioztatzean doktorea

Labrit Ondareko zuzendari nagusia

 

[1] Nancy Jazmín Pérez Ramírez mexikarra Zuzenbide eta Globalizazioan Doktore da. Bere tesirako esteka: http://riaa.uaem.mx/xmlui/handle/20.500.12055/1013?locale-attribute=en

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~