Odolosteak eta buzkantzak gogoan eta aho-mihietan darabiltzagun berbak dira. Baina izen bion artean dagoen aldea zein da?
Esan dezagun txerriaren heste mehearekin egiten denari deritzola odolostea eta lodiarekin egiten denari, ostera, buzkantza. Bizkai sartaldean murtzillea erabiltzen da gehiago aurreko izen biak baino. Baina leku askotan ez da bereizkuntzarik egiten eta biei buzkentza edo mortzillea edo odolostea deritzete.
Euskaltzaindiaren Dialektologia Atlasak, goiko izenez gainera, baturik dakartzan izen ezagun batzuk hauexek dira: Euskararen erdialdetik ekialderantz eta Nafarroan odolkia, Iparraldean odolgia aldaera duela. Eta euskararen ekialdean, eta Nafarroako alderdi batzuetan, tripota.
Eta lopea, lopetoa, aita lopea edo Jainkoa deritzo buzkantz lodiari, gaztelaniaz “morcillón” izena dagokionari, Nafarroan eta ekialdeko hizkeretan mondongoa deritzonari. Nafarroan, txerria hiltzen zenean, odolosteak egiten etxekoandreei laguntzen etortzen ziren auzoko andreei mondongerak deitzen zieten. Horrela da, kasurako, Aniz herrian.
Azpeitian, ia orain dela mende bete, J. M. Barandiaran etnografoari azalpen hau eman zioten. Gaztelaniaz idatzita: “Se distinguen tres clases de morcillas: delgadas y de forma circular cuyo nombre es odolostia; rectas y algo más gruesas llamadas mortzilla, y las muy gruesas que reciben el nombre de jangizon o jaungoikua (G-azp)” (AnEuskFolk 1928, 18).
Odolostea zelan egiten den Bizkaiko herri bitan, honelaxe azaldurik dator Dialektologia Atlasean. Berrizen: “odola, kipulie, porrue, lorengainue…, arroza be bai. Pikantie be eitten dotzie batzuk… Odol gustue kendu eitten dotzala…”. Eta Ondarroan: “gatza pixkat, eta porru ta kipula pixkat. Guk emen oraganu be bai. Ereiñotzik ez. Da gero kordak ein da gero, zumiaz eiñ txibistiñe lez, da gero galdara kobrezkuen antxe egosi, ta gero ese(g)i”.
Esaera ezaguna da: Odolosteak ordeaz. Erdialdeko hizkeretan: Odolkiak ordainetan. Zein usadio datza horren azpian? Txerria hiltzen zenean usu zen auzoen artean, txerria hil zutenek auzoari edo etxekonekoari odoloste-txorta bat ematea. Behin odolosteak egin, eta kordatuz gero, mihimenarekin edo zumitzarekin lotzen ziren eta goian (ezkaratzean, ganbaran edo sabaian) eskegita ipini, arratoi eta katuek harrapatu ez zezaten, eta hantxe sikatzen eduki. Eta behin sikatuz gero, txortatxo bana opetsi auzoko hurrekoei.
Gure umetako denboran, herriko abadeari eta maisuari ere eroaten zitzaizkien odolosteak, txorta bana, aza orrietan batuta.
Txarriboda berba modaratu da Bilbon eta uri nagusietan, gure herri txikietan txarri-hiltzea esaten zaionari gaina hartuta. Ezteguarekin lotuago dagoen boda hitza sartu da hor irudi-berba lez, txarri-hiltze ospakizunari egotzita.
Adolfo Arejita — Euskaltzaina