Etnografia atalak

0

Egilea: Zuriñe Goitia.

Gure alderdi klimatikoan tenperatura eta ingurumen-baldintzak aldatu egiten dira urteko lau urtaroak igaro ahala, baita egun bakoitzaren barruan ere, eguzkiak distiraz jo edo ilargiak argitzen badigu. Gure gorputza ezin da beti aldaketa horietara egokitu, eta, beraz, sistema desberdinekin lagundu behar diogu, gorputz-tenperatura ahalik eta konstanteena izan dadin.

Hotzari aurre egiteko orduan, sua da gure lehen aliatua. Neguko gau luzeetan sugarrak piztuta edukitzeko, egurra bota behar dugu etengabe sutara, eta lo gauden bitartean ezin dugu hori egin. Sukaldeak (suaren aldeak) beti eman du beroa inguruan, baina arazoa dugu gainerako etxebizitza etengabe berotu nahi dugunean; izan ere, logelak hotz-hotz gera daitezke gauez neguko hilabeteetan.

Hortaz, gure arbasoek etxeko abereen beroa hartu zuten oinarri gisa logelak berotzeko, eta animaliarik handienak barrualdeko esparru berezi batean kokatu zituzten, baserriaren beheko solairuan: korta izenekoan. Logelak lehenengo solairuan zeuden, eta, hala, baserritarrek beheko ukuilutik zetorren beroaren onura hartzen zuten.

Animalien beroaren ekarpen aski ez zuten eraikuntzetan edo barruan korta edo ukuilurik ez zutenetan, beste sistema bat bilatu zuten, gaurik hotzenetan nolabait eroso lokartu ahal izateko. Ohe barruan tresnaren bat sartzen hasi ziren, lotara joatean hezetasun- eta hotz-sentsazioa arintzeko.

Braserue edo su-ontzi izeneko berogailua asko erabiltzen zen: zartagin baten antzeko ontzia zen, eta oheetako izaretan sartzen zuten, epeldu, eta beroa modu uniformean zabaltzeko. Estalki bat zeukan, txingarren beroa irradiatzeko zuloak, eta kirten luze bat ere bai. Ontzia kobrez edo letoiz egiten zuten, eta kirtena metalezkoa edo egurrezkoa izaten zen. Kirtenari esker sutontzia eroso mugi zezaketen ohe barruan, beroa azalera osoan barreiatzeko. Su-ontziaren barruan sukaldeko txingarrak sartzen zituzten; eta, batzuetan, harri beroak edota sutan berotutako adreilu-zatiak. Horregatik, egunez, berogailu horiek normalean tximiniaren inguruan egoten ziren, hormatik zintzilik, kirtenean egindako zulo bati esker.

Adineko askok esaten duten bezala, arrazoi askoz, “hotza oinetatik sartzen da”, oinetatik hartzen eta galtzen baitugu gure gorputzaren beroaren zati handi bat. Beraz, sutontzi bat eduki ezik, askoz ere sinpleagoa zen zerbait erabiltzen zuten hotzari aurre egiteko, esaterako, adreilu trinko huts bat, aurretik labean edo sukaldeko sutan berotuta, oinaldean jartzeko. Oihal edo trapu batean biltzen zuten, izarak ez zikintzeko eta beroari ahalik eta denborarik luzeenean eusteko.

XIX. mendean ur bero-beroa edo irakina erabiltzen hasi ziren, baxera, beira edo metalezko ontzi batean isuriz, eta kortxozko edo zeramikazko tapoi batekin itxita. Ontzia metalezkoa ez bazen, iltze luze bat sartzen zuten, bero pixka bat xurga zezan eta ontzia hauts ez zedin ura sartutakoan. Ontzi hori oihal batekin edo trapu batekin bildu, eta adreilu trinkoa bezalaxe erabiltzen zuten.

Horiek izan dira gure arbasoek logelak eta oheak berotzeko erabili dituzten metodoetako batzuk, gure etxeetan jatorri fosil edo elektrikoko energietan oinarritutako berokuntza-sistemak agertu aurretik. Deskribatutakoen antzeko sistema batzuk, baina modernoagoak eta eboluzionatuagoak, oraindik erabiltzen dira, oso bakanka, ordea; esaterako, ur-poltsa eta manta elektrikoa. Nolanahi ere, guztiek helburu bakarra izan dute eta dute: oheratzean bero aski ematea eta, horrela, neguko gau luze eta hotz-hotzetan lasai lo egin ahal izatea.

Zuriñe Goitia – Antropologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~