Etnografia atalak

0
fig460tomocasayfamilia

Zeanuriko (Bizkaia) familia bateko oinordeko edo etxegaia, c. 1920. Felipe Manterolaren argazkia. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Iraganean, ezkontza zela-eta, ohikoa izaten zen ezkongaien gurasoen arteko akordio edo itunak egitea, eta bikoteak ere parte hartzen zuen bertan, ezkontzaren baldintzak ezartzeko. Akordio hori zein ezkontza formalizatzeko agiri publikoa ezkontzako kontratua izenarekin ezagutzen ziren. Landa-giroko munduan, baldintza horiek familia-etxearen titulartasuna eta horren inguruko betebeharrak jasoko zituen semearen edo alabaren alde egin ohi ziren. Beste aldeak ezkonsaria ematen zuen.

Bizkaian, duela gutxi arte, bi erregimen juridiko zeuden, baina bien arteko desberdintasunak murriztuz joan dira: alde batetik, elizateei edo Lur Lauari zegokien foru zuzenbidea zegoen; eta, bestetik, hiribilduak arautzen zituen zuzenbide komuna (espainiarra). Lur Lauan, testamentua egiteko askatasuna zegoen, eta, oro har, hautatutako semeak edo alabak jasotzen zituen etxea eta bertako ondasunak (etxerakoa); baina, zuzenbide komunaren arabera, herentzia hiru zatitan banatu behar zen: senipartearen 1/3, zati berdinetan, derrigorrezko oinordekoen artean; hobekuntzako 1/3, nahierara, derrigorrezko oinordekoen artean; eta xedapen askeko 1/3.

1992ko Euskadiko Zuzenbide Zibilaren Legeak aurreko sistemaren zati bat aldatu, eta bateratu egin zuen, bai eta Euskal Autonomia Erkidego osora zabaldu ere. 2015ean lege berria egin zen, eta hori aurrerapausoa izan da hainbat ezarpen lurralde osora zabaltzeko, batez ere oinordetza-eskubideari dagokionez.

portada

Printzipioz, Kode Zibilarekin bat etorriz, euskal lurraldean bi urtez egonez gero (nazionalitate espainiarra izanik), auzotasuna lortzen da, eta, horrela, lurralde honetako erregimen propioaz gozatzeko aukera dago. Dena dela, Bizkaiko Lur Lauak bi berezitasun interesgarri dauzka: tronkalekotasuna eta senar-emazteen ondasunen foru komunikazioa. Tronkalekotasunari esker, maila baterainoko senide tronkalak saka-eskubideaz (lehentasunez erosteko) baliatu daitezke hirugarrenei ondasun tronkalak saltzean; horrela, ondasun horiek familiatik ateratzea saihesten da. Foru komunikazioaren arabera, aldiz, senar-emazteen artean beste ondasun-erregimenik ez badago, eta oinordeko legitimoak daudenean, ondasunen komunikazioa egiten da, eta dena biena da.

Senar-emazteei esleitu dakizkiekeen elkarrekiko testamentu-ahalordeak edo alkarpoderosoak (alkar+podere+oso) Euskal Herri osora zabaldu dira, eta, hartara, bizirik dirauen ezkontideak ondoen iruditzen zaion moduan jardun dezake.  Euskal zuzenbide zibilari buruzko legean, zati legitimoa aldatu egin da, eta, 4/5 tradizionaletatik, 1/3era pasatu da. Era berean, ezkontide alargunaren eskubideak sendotu egin dira, eta, testamentuan jaso gabeko ondorengotza emanez gero, lehentasuna izango du, aurrekoen aldean.

Alkarpoderoso deritzona oso instituzio interesgarria da, bizirik dirauen ezkontideak ondasun tronkalei buruzko erabakiak hartu baititzake, senide tronkalen artean. Gainera, ondasunen foru komunikazioari esker, senarrak emaztea hartu behar du kontuan, egin nahi duen edozein ekintzatarako; izan ere, haren sinadura behar du, eta, hortaz, emazteak kontsiderazio berezia izan du aspalditik, beste erregimen batzuekin konparatuta.

Segundo Oar-Arteta – Etniker Bizkaia – Etniker Euskalerria Taldeak

Informazio gehiago nahi izanez gero, Atlas Etnográfico de Vasconia bildumako Ritos del Nacimiento al Matrimonio eta Casa y Familia liburukiak kontsultatu daitezke.


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~