Etnografia atalak

0
11.Olentzero Lesakan

Olentzero. Lesaka (Nafarroa), 2013.

Olentzero Gabonetako pertsonaia bat da Hego Euskal Herrian. Gaur egun, Olentzerok, arropa zaharrez edo baserritar- edo ikazkin-jantziz jantzita, opariak banatzen dizkie haurrei Gabon-gauean. Olentzeroren tradizioa, gaur egun, ia euskal geografia osoan zabalduta dago, euskaldunak ez diren eremuetan ere bai, baina nahiko tradizio modernoa da. Benetako tradizioa Gipuzkoan hasi zen, Zarautz inguruan, eta Nafarroako mendialdera hedatu zen. Lesakaren inguruan, oso aspalditik sustraitutako tradizio bat dute, eta Olentzero menditik jaisten dela ospatzen dute, bertan ikatza egiten ibili ondoren.

Pio Barojak Memorias lanean Olentzero bati buruz hitz egiten du (Onentzaro terminoa erabiltzen du); desatsegina zela esaten du, haurrak kikiltzen zituen izaki moduko bat, Mamorro edo Zakuaren Gizonaren klasekoa. Hemen Barojaren hitzen itzulpena:

Ez garbitzen, ez orrazten ziren ume zikin eta zorriztoak Zurriolako hondartzara eramaten zituztela, ilearekin soka bat egiten zietela, eta Onentzarok hareatzatik zehar itsasoan barrura narras eramaten zituela ere esaten zigun etxeko neskameak.

Pio Barojaren ustez, Olentzerok begi gorriak zituen, abesti herrikoiaren aldaera askotan ageri den bezala: Onentzaro, begi gorri, non arrapatu dek arrai ori… (euskaraz bigarren interpretazio bat izan dezake abesti horrek: “Onentzaro, begi gorri, non harrapatu duzu mozkor hori…” Horregatik izango zituen begiak gorrituta).

Olentzeroren ezaugarrietako bat da begi gorriak izatea. Beste bat da, are bitxiagoa, urtearen egunak adina begi izatea. Nikolas Ormaetxea Orixek Euskaldunak olerkian gure pertsonaia deskribatzen du:

Begi-gorri dator Aiton Olentzaro,
urteak egun ainbat begi ta bat geigo;
gurdia aiñeko sabel, aurpegi dana ago…
Nondik nora sortu zan jakin bage nago.

11.Pag.171-Olentzaro

Santos Etxeberriaren marrazkia, Orixeren Euskaldunak lanetik hartua.

Orixeren hitzetan, Olentzerok begi gorriak ditu, Barojak deskribatzen duen bezala, baina beste ezaugarri interesgarri bat ere badu: urte batek adina begi gehi beste bat ditu. Alegiazko pertsonaia bat urtearen azken egunean, San Silbestre jaian, urteak adina begirekin agertzea gertaera bitxia da, gure esparru geografikoan nahiz kanpoan ageri dena. Gure esparruan ez ditugu erreferentzia ugari aurkitu. Erreferentzia interesgarrienetako bat Gerardo López de Guereñuk ematen du Calendario alavés izeneko lanean. Liburuaren amaiera aldera, abenduaren 31ko Arabako ohitura bat deskribatzen du: “Egun horietan, adarra jo ohi zaie mutil gazteei, urteko egunak adina egun dituen gizon bat kaleetan dabilela esanez”.

Jabier Kalzakorta – Euskaltzaina – Deustuko Unibertsitateko irakaslea


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~