Etnografia atalak

Garruzeko (Nafarroa Beherea) hilerria. Emilio Xabier Dueñas.

Nire ikerketetan lehentasunik eman izan ez diodan arren, izugarri gustatzen zait gizakiaren heriotzaren inguruko gaiak hartzen duen eremu zabala. Kasu zehatz honetan, hildakoen kultua adierazteko moduei dagokiena: ustezko beste munduan amaitzen den bizitza.

Bizkaitarra naiz, eta lurralde horretan hilerri gutxi ikusi ditut eliza edo ermiten ondo-ondoan. Horregatik, ilusioz-edo gogoratzen dut nola, Lapurdiko bat bisitatu nuen lehen aldian (Nafarroa Beherea eta Zuberoakoek antzeko ezaugarriak dituzte), harritu ninduten inguruaren garbiak eta zainduak, ornamentazioak, souvenirrek edota hilarriek.

Mendiko (Zuberoa) hilerria eta eliza trinitarioa. Emilio Xabier Dueñas.

Elizaren eta hilerriaren arteko batasun horrek, nire kasuan behintzat, mirespena eragiten du, sekulako balioa duen ondare bizia ikustean; eta hain berezia den betiko biltoki isilean, ‘dagoeneko ez daudenak’ baino ez daude, gehienetan.

Ikusi eta hazta daitekeelako da bizia. Erabili egiten delako da, hain zuzen ere, bizia. Bertako lore-landareak etengabe berritzen direlako da bizia, salbuespenak salbuespen. Kultu partikularrerako balio duelako, eta, sasoi jakin batzuetan, Domu Santuz, bereziki, eliztarrek apaizaren laguntzaz bisitatu egiten dutelako da bizia. Beste ospakizun batzuen parte ere badelako da bizia; besteak beste, Gorpuzti-eguna, Besta berri edo Pesta berri (Fête-Dieu) bertakoentzat: urtero, prozesio-segizioak elizatik irten eta hilerria inguratzen du plazarako bidean, txaranga batek interpretatzen duen melodia batez lagunduta. Bitartean, oilarrak dantzan dabiltzala, hankak lurretik altxatu gabe, eta bi bandera airean kulunkatzen direla.

Disko-formadun hilarriak (anonimoak) Itsasuko (Lapurdi) hilerrian. Emilio Xabier Dueñas.

Eta zer ikusiko dugu hilerri horietan? Bada, begiratu batean, garai bateko pertsona ospetsuen hilobiak: Luis Mariano (González) abeslaria, Agnès Souret (lehen miss Frantzia) edota Etxahun Iruri koblakaria, txülülaria eta dozena bat Pastoralen autorea, besteak beste. Hala ere, kontu egingo duzuenez, gehien-gehienak beren aldiko bizilagunentzat ez ziren hain ezagunak izango.

Baina ezaugarri bera dute maiz tenplua erabat inguratzen duten hilerri horiek: burdinazko edo pintatutako gurutzeak eta arkupearen hilobietako lauza handiak; hilarri tabularrak; eta, batez ere, disko-formako hilarriak. XVI. mendetik XXI. mendera bitarteko hilarriek, hain justu, giza irudi, lanbideetako objektu edo tresna, marrazki astral edo geometriko eta JHS inizialak (Jesus gizakien salbatzailea, antza) erliebean landuta dituzte.

Multzo osoaren, edo elementu bakoitzaren, antzinatasuna alde batera utzita, zera nabarmenduko nuke: hilerri txiki horietan eta beren elizetan nagusi den isiltasuna; hilobi eta panteoietako inskripzioetan eta bi mundu-gerretako hildakoen omenezkoetan ageri diren deituren kadentzia; edota mendiren baten gailurrean zein beiratez itxitako espazioetan bakartuta dauden gurutze eta hilarriak.

Lehen eta Bigarren Mundu Gerran eroritakoen omenez. Altzüküko (Zuberoa) hilerria. Emilio Xabier Dueñas.

Sinbolo nabaria harrian eta herri-sentimenduan. Arrastoa utzi zuten harginen lanean, baina baita biziaren ondorengo heriotzak ematen duen testigantza-mailan ere.

Emilio Xabier Dueñas – Folklorista eta etnografoa

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~