Etnografia atalak

0

Egilea: Zuriñe Goitia

Arnasketa da pertsonaren bizi-funtzio garrantzitsuenetakoa. Modu inkontzientean arnasten dugu, oharkabean, pentsatu beharrik gabe. Baina, batzuetan, gure arnasa nahastu egiten da, biriken beheko aldean dagoen muskulu bat, diafragma, uzkurtu egiten delako bat-batean, behin eta berriro, halako hots berezi bat ateraz: “hipa”. Horrelaxe etorri ohi da zotina. Mugimendu erreflexu bat da, normalean denbora-tarte mugatu batez irauten duena, eta etorri bezala joaten da, bere kabuz. Ez da ezer larria. Arrazoi nabarmenik gabe agertu badaiteke ere, zotin iragankorra (zotin, txopin, txokin, kika, ipotz, txokoleta) azkar edo asko jatearekin, alkohola edo gasa duten edariak hartzearekin edo bat-bateko zirrararen bat sentitzearekin lotzen da.

Zotina agertzeak deseroso sentiarazten du zotina duena, eta, askotan, irribarrea eragiten du ondokoengan. Baina, laster batean, zotina desagerrarazteko laguntzen hasten dira guztiak, askotariko metodoak erabiliz. Ohitura handia izan da zotina duenari sustoa ematea, adibidez zerbait lapurtu izanagatik salatuz eta galdetuz: “zer harrapatu duzu?”. Donibane Garazin, haur batek zotina zuenean, hala aurpegiratzen zitzaion: Aphezaren moltsa [poltsa] ebatsi duk/dun. Ustekabeko soinu bat eginez edo bat-batean zotina zuenari ur hotza botaz ere eman zitekeen sustoa. Haurtxoak, berriz, gora botatzen ziren, hala, ikararekin zotina desagerrarazteko.

Beste irtenbide bat ura modu jakin batean edatea zen (zurrutekoak); esate baterako, aurreko mendeko 20ko hamarkadan, zazpi hurrupa egin behar ziren arnasarik hartu gabe, edo Gure Aita esanez. Toki batzuetan, horixe egin behar zen, baina sudurra edo belarriak estutuz. Baziren zotina kentzeko ura edateko modu bereziak ere, hala nola urez betetako edalontzia batere okertu gabe edatea, ahotik urrunen dagoen edalontziaren aldetik edatea, edota edalontzia zerbaiten gainean utzi eta eskuekin ukitu gabe edatea.

Erabiltzen zen beste metodo bat arnasari ahalik eta luzaroen eustea zen, lehenik arnasa ondo hartuz. Azkuek Bizkaiko lurretan jaso zuenaren arabera, zotina zeukanak kontatzen hasi behar zuen arnasaldi batean, ahalik eta zenbakirik handienera iristeko.

Askotariko irtenbideak ematen zitzaizkion, herri edo inguruaren arabera. Leku batzuetan, zotina zeukan pertsonaren gorputz zati baten gainean zerbait egin ohi zen; adibidez, Abadiñon eta Elgoibarren, ezker eskumuturreko arteria sakatuta eduki ohi zen eskuin eskuaz; Hondarribian, hiru kolpetxo eman behar ziren bekokian ukabilarekin, hiru zotin egin aurretik, edo/eta Telleriarten (Legazpi), hatz nagiaren azken hezurreko artikulazioa estu-estu lotzen zen.

Gure inguruan, XX. mendeko lehen hamarkadetan egin ziren inkestetan jaso zenez, izan ziren izaera superstiziosoagoa zuten erremedioak ere. Zabalduenetakoa zera zen, jantzi edo gauza bati buelta ematea. Zotina zeukana osatzeko, nahikoa zen txapela, kasketa edo kapelua azpikoz gora janztea, hau da, barruko aldea kanpora begira zuela. Buruan ezer ez zeramanak jantzita zeraman zerbaiti buelta eman ziezaiokeen; maukaren ertzari, alkandoraren eskumuturrari edo mantelari. Berastegin eta Hondarribian, musu ematen zitzaion harri bati, eta lurrean uzten zen, musu emandako aldea behera begira zuela. Aezkoan, berriz, alde batetik bestera mugitu behar zen zerbait hiru aldiz berriro zotina egin aurretik, hiru aldi horietako bakoitzean hau esanez:

Jesus, Ama Birjina,

ongi etorri txopina,

bart etorri bazina,

ongi afaldurik fain zina [joango zinen].

Zotina desagerrarazteko etxeko erremedioen zerrenda oso da luzea, eta horien eraginkortasuna frogatzen duen ebidentzia zientifikorik ez badago ere, erabiltzen edo gomendatzen dituztenek eurei balio izan dielako erabiltzen edo gomendatzen dituzte. Gu ere zotinka hasten garenean, funtzionatu izan digun zerbait erabilita edo gure konfiantzazkoa den norbaitek esandakoari jarraiki, zotinari aurre egiten saiatuko gara.

Zuriñe Goitia – Antropologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~