Etnografia atalak

Iturria: Turismo Zuzendaritza Nagusiaren argazki artxiboa.

Oria ibaia Gipuzkoako ibairik esanguratsuena da. Aizkorrin jaio eta 75 kilometroren baitan 18 herritatik igaro ondoren, Orio herrian itsasoratzen da. Kostako herri honek, ustez tradizio arrantzalea badu ere, izatez hain ezaguna ez den beste ogibidea garatu izan du antzina. Oriako errioaren inguruan, hau da, itsas korronteen eragina jasaten den ibaiaren eremuaren inguruan, hainbat ontziola izan dira XVI. mendetik gaurdaino. Nola liteke hori? Izatez, Orioko itsas labarrak badu ezaugarri berezi bat, bertako korronteek nabigaziorako leku oso arriskutsua egiten zuten. Egun herriak duen itxura honen aurretik, hau da, ibaia bideratzen eta babesten duten bi barra handiak eraiki aurretik, benetako zailtasunak eta arazoak zituzten oriotarrek itsasoratzeko. Hau honela, arrantza ez beste lanbideak garatu ziren inguru hauetan.

XX. mende hasierako ala ontzia.                                Argazkia: Eider Arruti.

Usurbil herriko Aginaga auzotik hasi eta Oriora bitarte, 20 ontziola identifikatu dira. Bertako gradetan Espainiako Itsas Armadarako, zein erosle pribatuentzako arrantza ontzi handiak edota bestelakoak eraiki izan dira. Ogibide tradizional askoren moduan, industrializazioa eta plastikoaren edo kasu honetan fibraren erabilerarekin, desagertzera jo dute ontziola tradizionalek. Dena den, badira artxiboetako dokumentuetan eta armadoreen kontratuetan ageri ez diren ontziak. Ala, errioan gora eta behera garraiorako zein arrantzarako Orian oso erabilia izan den ontzi berezi bat da. Hauek baserrietan eta ibai ertzetan egiten ziren. Askotan, kontratu eta planorik gabe. Eraikitzen azkarrak, sinpleak eta diseinu eta adornurik gabeak, lanerako erreminta ziren. Ala izena, badirudi Orian soilik erabili dela, baina ontzi mota honek gabarra edo txanel moduan ezagutzen diren ontziekin antzekotasun handiak ditu: sakonera txikia, zabalera handia eta pertsona bakarrak korronteen laguntzaz bolumen handiko eta pisutsuak diren kargak garraiatzeko erraztasuna eskaintzen du.

Ohikoa izan ohi zen, itsas ertzean hondarra jaso eta ibaian gora korronteen laguntzaz eramatea, ondoren, eraikuntzarako saldu edota baserrietan erabiltzeko. Hau ez da ordea ontzi hauek zuten erabilera bakarra, Orioko itsasontziek ere bazituzten beraien ala propioak, hauekin arrantza ontziak kargatu eta atontzeko beharrezko elikagai eta material guztiak garraiatzen zituzten bertara. Orion ibaia gurutzatzen zuen zubia eraitsi zutenean berriz, ibaiaren ertz batetik bestera pertsonak, ganadua eta bestelakoen garraiorako erabili ziren. Noski ibaian arrantzatzeko ere erabili izan dira. Egun oraindik Orion badira ala ontzi gutxi batzuk. Gehienak, hain preziatu bilakatu diren angularen arrantzarako erabiliak orain arte. Gutizia honen desagerpena bezala, herri batek errioa bizitzeko zuen moduaren islada izan den ontzia ere galbidera doala dirudi. Zorionez Euskal itsas ontzigintza tradizionalean aski ezagun den Albaolak, Orion Mutiozabal Txoren Ontziola proiektuaren bidez, ontzi tradizional honen berreskurapenerako hezkuntza proiektu interesgarria jarri zuen martxan pasa den ekainean, eta dagoeneko eman ditu bere fruituak lehen ala ontziaren uretaratzea ere ospatu delarik. Modu honetan errioaren inguruan hezi, ondare hau ezagutu eta bizitzeko beste era bat ekarri dute herrira.

 

Eider Arruti – Antropologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~