Etnografia atalak

0

Bonifacio “Fasio” Arandia eta Maurizia Aldeiturriaga. Artea (Bizkaia), 28/06/1986. Argazki-egilea: Emilio Xabier Dueñas.

Beti interesatu izan zait gizakion burmuinak zer gaitasun eta bizitzak aurrera egin ahala zer portaera dituen jakitea; izan ere, ezezaguna eta harrigarria da, baita ikuspuntu zientifikotik ere. Horrenbestez, ezaugarri dudan adoreak lagunduta, hausnarketa kritiko ausarta egingo dut.

Bizipenak eta horiek oroimenean sorrarazten dituzten oroitzapenak dira gizakiaren eta gainerako animalien arteko desberdintasun nagusietakoak, esperientziatik bestelakoak eta denbora-espazio jakin batean eratzen direnak. Ahula bezain selektiboa da oroimena; eta fisikoa bezain psikikoa, kontzeptuari eta prozesuari dagokienez. Hala ere, oroitzapenik gogora etorri ezean, ahanztura nagusitzen da, zahartzaroko aje eta nekeek, Alzheimer gaitzak, narriadura kognitiboak eta abarrek eraginda.

Patxi Bijuesca eta Pedro Olabarrieta. Zaratamo (Bizkaia), 15/03/1986. Argazki-egilea: Emilio Xabier Dueñas.

Adituen teoria, esperimentu eta probek agerian uzten dituzten desadostasunak desadostasun, bizi izan dugunaren eta benetan gertatu denaren arteko ibilbide zabal samarra marrazten du ahoz aho zein begiz etengabe gauzatzen den proiekzioak. Batetik bestera igarotzeko muga lausoa gainditzeko, ahalegina eskatzen da, baita zintzotasuna edota kontrola ere, sarri askotan. Beraz, funtsezkoa da bereiztea esperientzia zuzenean eta horrek dakartzan oroitzapenetan oinarritzen diren bizipenak; eta, bizi izan ez arren, ikusi edo entzun dugun zerbaiten oroitzapenak.

Folklorearen, Etnografiaren, Historiaren (orokorra edota tokian tokikoa), Antropologiaren (Kulturala edo Soziala) eta azken urteetan ‘Memoria Historikoa’ esan ohi zaion munduan, baita antzeko beste eremu batzuetan ere, kasu deigarriak eta arazotsuak aurkitu ditugu bildutako edo jasotako informazioaren balioari buruz.

Iruzkin labur eta landugabe hau nik neuk inkesten bidez jaso dudan informazioari egokitzekotan, nahitaezkoa da galdera hau egitea: ahozko testigantzetan, berriemailearen eta norberak ondoren egiten duen interpretazio pertsonalean, zenbat den egiazkoa, alegia. Beste etnografo batekin eztabaidatzeko aukera izan nuen behin, landa-lanean ahoz biltzen ditugun datuetatik zenbat ote den interpretazioa. Entzungarria izan zen, nire iritziz behintzat, hark arestian aipatu dugun galderari eman zion erantzuna: inkestatzaileak ez duela interpretatzen ziurtatu zidan. Subjektiboak ez bagina bezala. Ez al gara konturatzen geuk ere parte hartzen dugula, neurri handiagoan edo txikiagoan?

Iñaki Bengoetxea eta “Malentxo” Arrospide. Lizartza (Gipuzkoa), 19/02/2017. Argazki-egilea: Emilio Xabier Dueñas.

Gauza bera gerta liteke bildutako datu bat errepikatzean. Iturri desberdinak bat badatoz datu horretan, orduan, zergatik ematen diegu balioa aldaerei batzuetan, jatorrizkoaren deformazioak besterik ez badira ere.

Ez gara ohartzen informazioa baliozkotzat ematen ari garen une berean, gabezia edo oinarrizko akatsen bat izanda ere, informazio hori ondare bihurtzen dela. Zer esanik ez jakinaren gainean, interes pertsonalek bultzatuta, eginez gero. Erraz ahazten dira sostengutzat hartzen ditugun azterketa kritikoa, idazkiak edota ikus-entzunezkoak (sinesgarritasuna alde batera utzita, noski), nahiz eta batzuetan ukaezinak izan. Behin baino gehiagotan izan gara lekuko, zer edo hura bete-betean baieztatu eta horren ekarpen kulturala zabaldu ondoren, ustezko hipotesia ezeztatzen duen argazkia agertu denean.

 

Emilio Xabier Dueñas – Folklorista eta etnografoa

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~