Etnografia atalak

0

Gaur arratsaldean Busturiko Altamirako Kultur Etxean Ondarearen Europako Jardunaldien programazioaren barruan, Ostu-ostuka eta txopinka izeneko ikus-entzunezkoa aurkeztuko da. Belaunaldi desberdinetako lekukoei grabatutako testigantzen bidez, dokumental horretan, Busturian orain hamarkada batzuk egiten ziren umeen jokoen berri ematen da.

Lekukoek umezaroko gogoramen asko eta asko jokoekin lotuta dituzte bizi-bizi, nagusitan ere: zenbat ibilaldi Atxapuntara, zenbat barre-zantzo, zenbat pasadizo… Sarritan umetako lagunak bizitza osorako izaten dira, haurtzaroko loturak sendo-sendoak direlako.

Umeek berez-berez eta txiki-txikitatik ikasten dute jolasten. Haurrak, haurlan dio esaera zaharrak. Eurentzat olgetak denbora-emate hutsa baino askoz gehiago dira; euren garapenerako behar-beharrezkoak diren gaitasunak lantzeko ere badira. Jokoen bidez neskato-mutikoek elkarren arteko hartu-emanak sortzen dituzte, begirunea eta adiskidetasuna sustatuta; taldean jokatzeko arauak ikasi, irudimena eta sormena garatu eta trebetasun fisikoak ere lantzen dituzte. Baina horrez gainera, ia-ia konturatu ere egin barik, jolasten dabiltzan bitartean, haurrak euskal kulturaren zuztarrekin jabetzen dira; eta jolasketa da, belaunaldiz belaunaldi, ohiturak, balioak eta tradizioak transmititzeko zubi.

Eguneroko bizimoduan, beste arlo batzuetan gertatu izan den moduan, jokoetan ere, aldaketa itzelak ezagutu ditugu azken hamarkadetan. Gaur egun, umeek jolasteko teknologia aurreratuak eta jostailu sofistikatuak erabiltzen dituzte, sarritan etxe barruetan edo espazio zarratuetan; eta azkenaldian pantailaren bat tarteko dela. Orain urte batzuk, ostera, ondo pasatzeko eta auzoko edo herriko umeekin jolasteko, ez zen gauza handirik behar. Eskura zituzten baliabideak bihurtzen ziren jostailu: sokak, harriak, zotzak eta paluak, zein txori-habiak…; eta baserri inguruak, zelaiak eta basoak, herriko plazak eta kaleak ziren jolasgune. Hortik aurrera, jokalari txiki eta gazteen parte-hartze aktiboa eta irudimena baino ez ziren beharrezko.

Busturian egin izan diren joko batzuk, esaterako: tabak, kanikak… antzina-antzinakoak dira, mundu osoan ezagunak eta mugak eta belaunaldiak gainditu dituztenak. Beste batzuk, berriz, zehatzagoak dira eta udalerriko berezitasunak dauzkate. Era horretakoak dira, kasurako, neskak zein mutilak egiten duten txopinka (korrika elkar harrapatzea) edo-ta neskek trebetasun handiz egiten duten koxo-pla, trukemearen bertako aldaera.

Gaur egun aro digitalean bizi garen arren, umeen jokoek euren balioa eta garrantzia dute. Izan ere, umeak beti ume.

Ikusi bideoa:


Akaitze Kamiruaga

Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~