Etnografia atalak

0

Leire Ibarrola gaztagilea. Izoria (Araba), 2023-04-03. Egilea: Fernando Hualde.

Gaztagintza tradizionalari buruz ikuspegi etnografiko batetik hitz egiteak, gura barik, artzaina dakarkigu gogora, mamia zurezko molde baten gainean estutzen ari dela, ahalik eta gazur gehien ateratzeko; hori izan da, behintzat, Gorbeian, Aralarren, Urbasan eta Iratin ikusi den ohiko irudia, eta ez zaigu arrazoirik falta.

Hala ere, aitortu behar da leku guztietan ez dela berdina izan. Gure herrian badugu zerbait ―eta horrek argi eta garbi bereizten gaitu beste eskualde eta eremu geografiko batzuetatik―: gure arbasoek gazta egiteko erabiltzen zituzten metodo eta tresnak aztertzean ikusi genuenez, hemen beste lekuetan baino askotarikoagoa den aukera eta aberastasun etnografikoa dugu. Horretaz ohartzeko, nahikoa izango zen antzina gazura ateratzeko erabiltzen ziren moldeei erreparatzea; baziren zurezkoak (hondodunak eta hondorik gabeak, uztai finkokoak eta uztai doigarrikoak, gaztainaz, pagoz, urkiz eta abarrez eginak…), zeramikazkoak, zinkezkoak, zumitzezkoak eta abar.

Egilea: Fernando Hualde.

Azken horiek aztertuko ditugu orain, zumitzezkoak. Ez dira oso ohikoak, oso eremu zehatzetara mugatuta baitaude, eta «otzara-gazta» deritzona egiteko balio dute. Leire Ibarrola gaztagileak Izorian (Aiarako harana, Araba) kontatzen duenez, «Felix Mugurutza euskaltzainak 1906ko testu bat aurkitu zuen, Barandiaranek idatzia; testuan, ordurako, otzara aipatzen zen lantze-teknika gisa, eta aditzera ematen zuen otzara, saski eta gaztanotzara hitzek esanahi bera zutela; gaur egun, berriz, otzara saski gisa soilik itzultzen da, baina garai hartan gaztanotzara ere esan nahi zuen».

Egia esan, landare-ehunez, zumez egindako molde hori gazta mota berezi batekin lotu ohi da gazta-kulturan: ehundura jakin batekoa eta ore bigunekoa izaten da, gutxi prentsatua edo prentsatu gabea, eta ardiarena (latxa eta Karrantzakoa) edo ahuntzarena izan daiteke. Antzina kobazuloetan eta txaboletan egiten zen, Araban zein Nafarroan baina Logroñotik hurbil edozein kasutan, azken hori, funtsean, Errioxako hiriburuko ijitoak zirelako molde horien hornitzaile nagusiak, beste batzuk egon arren.

Beraz, lagunartean otzara-gazta deiturikoa hainbat tokitan aurki dezakegu: Karrantzako haranean (Bizkaia), Arabako zenbait eremutan, esaterako Aiaran (Izoria, Arespalditza, etab.), Oionen, Arabako Errioxan eta abar, eta Nafarroako Viana herrian ere aurki zitekeen. Gainera, Errioxako Cameros bailara mugakidean ere oso zabalduta egon zen, arrazoi berberengatik.

Oso ohikoa zen gazta horiek Logroñoko eta Urduñako azoketan aurkitzea, eta azken horretatik Gasteizkoetara eta Bilbokoetara iristen ziren: «Nire ama Maria Jesus eta amona Basilia asto batean joaten ziren, astar batean, lehenik gaztaz betetako saskiekin, iratze- edo aza-hostoen artean jarrita, zamarien mugimenduak eragin ziezaiekeen hondamenditik babesteko, eta, geroago, gurdiz joaten hasi ziren; Urduñara iristen zirenean, errekardariak zituzten zain, prezioekin tratuan ibiltzen zirenak, eta berehala erosten zieten salgaia, trenez Bilbora joateko, Erriberako Azokara, edo hiriarteko autobusez Gasteizera, hiriburuak inguru horretako produktuez hornitzeko, baita saski-gaztaz ere. Tratua azkar egiten zen, haiek trena edo autobusa hartzera joan behar zutelako, eta baserritarrak, nire ama eta amona esaterako, Urduñan geratzen ziren herriko jendeari saltzen, edo etxez etxe joaten ziren, zituzten eskaerei erantzuteko, errekardariek erosi ez zietena salduz; azoka bilgune alaia zen Urduñarentzat, festa baten modukoa, santomasak bezalaxe», dio Izoriako Leire Ibarrolak. Logroñoko azoka Cameroseko eta Arabako Errioxako artzainek hornitzen zuten.

Egilea: Fernando Hualde.

Azkenik, informazio gisa, esango dugu zumezko molde horri Karrantzan (BI) eta Aiaran (A) otzara esaten zitzaiola. Hona hemen pieza beraren beste izen batzuk, gaztelaniaz: cestaño (Guardia [A], Viana [NA]) eta cilla (aletegi) (Gallinero de Cameros, Errioxa).

Fernando Hualde – Etnografoa – Labrit Ondarea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~