Kultura-ondare immateriala boladan dago. Baieztapen irmo horrekin, ondarearen esparru horri buruzko hausnarketa egin nahi dugu. Izan ere, 2003an UNESCOk Kultura Ondare Immateriala Babesteko Konbentzioa idatzi zuen; Espainiar estatuak 2006an berretsi zuen, eta, ondoren, beste tresna hauen bidez gauzatu: Kultura Ondare Immateriala Babesteko Plan Nazionala (2011), Kultura Ondare Immateriala Babesteko maiatzaren 26ko 10/2015 Legea; eta beste hainbat erreformaren bitartez, terminoa bera eta haren aplikazioa erkidegoetan arau batzuetan ere sartu da.
Konbentzio hori garatzeak, azken urteetan, zenbait eztabaida piztu ditu, hala nola patrimonializazio-prozesuak egiteko kudeaketa-ereduak; haien izaera, beste ondare-esparru ukigarri batzuekin lotuta; eta, zer zeregin betetzen duen komunitate eramaileak, alegia, 2003ko Konbentzioak ezarritako esparruetan sailkatutako jarduera immaterialen protagonistek.
Zuzenean pertsonei loturik dagoen ondarea da; alderdi materiala oinarritzat du tradizio sakoneko ezagutzak eta ekintzak gauzatzeko; eta arriskurik handiena eta larriena da zaurgarriak izatea. Jaiak, errituak, errezetak, artisautza, ahozko tradizioa, hizkuntzak eta beste hainbat eta hainbat jardun, gehienetan kode tradizionaletan eta ohiturazkoetan oinarrituak; horiek dira ondarearen kudeaketaren xede nagusiak administrazioarentzat, komunitate eramaileen inplikazio zuzenarekin, nahiz eta ez den beti horrela.
Nazioartean ondare izendatzeko prozesuen paradigma da UNESCOren Kultura Ondare Immaterialaren Zerrenda Adierazgarrian sartu izana kanpaiak eskuz jotzea; hala, euskal eta nafar lurralde zenbaitetan oraindik presente dauden kanpai-jotzeak sartu dira, besteak beste, talde hauek babestuak: «Juane» Arientzako kanpaijole eskola elkartea, Gipuzkoan; eta Bandeadores de Artajona (Artaxoako Bandeadoreak) eta Campaneros de la Catedral de Pamplona (Iruñeko Katedraleko kanpai-jotzaileak) Nafarroan, beste askoren artean.
Eskuzko kanpai-jotzea soinuzko lengoaia bat da, duela zenbait mendetatik Europa osoan hainbat komunitatek erabili dutena. Mendeetan zehar, funtzio nagusia komunikatzea izan da, eta funtzio sozialak bete izan ditu komunitatearentzat: informatzea, koordinatzea, lurraldea mugatzea eta babestea. Tradizioan, kanpai-jotzeek komunitate-bizitza antolatzeko balio izan dute, bai eta denbora eta espazioa mugatzeko ere; lanekoa, egunerokoa, jaiegunetakoa eta dolukoa. Hortik dator, beraz, hala esparru erlijiosoan nola zibilean, errepertorio zabal bat eta forma eta teknika ugari egotea, suteen, ekaitzen, errogatiben, orduen eta bizi-zikloko gertakarien berri emateko; eta, gainera, bizitzako hainbat alderdi arautzeko –jaiak, errituak, lana eta egunerokoa–.
Eta behin izendapena eginda, galdera hauek egin behar dira: balio al dute ezertarako ondare mota horrekin lotutako izendapenek? Jasotzen al dituzte eta erantzuten al diete halako adierazpenek eskatzen dituzten benetako babes-premiei? Ildo horretatik, prozesu horiei lotutako alderdi positibo bat adierazpen horren ikusgarritasuna da; era berean, balioan jartzen da eta ezagutzera ematen da gaur egungo gizartean. Aldi berean, iraganean herritarren artean praktika hori ohikoa izan eta orain galduta dagoen beste komunitate batzuetan ere ezagutarazteko balio du. Izan ere, ezagutzen dena baino ez da baloratzen.
Egoera honen beste errealitatea Administrazioan eta hark halako ondarea kudeatzeko duen gaitasunean dago. Erakunde publikoek ondareari buruz duten interesa, sarri, halako adierazpenen alderdi ekonomikoekin eta sustapenekoekin lotuta dago, eta ez hainbeste artisautzaren edo zenbait praktikaren errealitatearekin berarekin. Horiek itotzen ari dira globalizazioaren eta landa-eremuaren despopulatze izugarriaren ondorioz; halaxe gertatzen da eskuzko kanpai-jotzearekin.
Ondarea kudeatzeko ardura dugunok lan egin behar al dugu patrimonializazio-prozesuak indartzeko ondasun immaterialen esparrurik ahulenetan? Argi eta garbi, bai. Babesteko erabiltzen diren metodologiak egokitu egin behar dira ondare-mota horren eta komunitate eramailearen beharrizan zehatzen arabera. Ez du ezertarako balio halako adierazpen immaterialak aitortzea, ez badakartza beste alderdi garrantzitsu batzuk, besteak beste, jardun horien transmisioa eta bizitza erabilgarria bera, ikuspegi errealista eta global batetik.
Julio César Valle Perulero – Aholkularitza Arloa
LABRIT ONDAREA-LABRIT PATRIMONIO