Etnografia atalak

0

Babes pertsonalerako elementuak. Egilea: Josu Larrinaga Zugadi.

Konjurazio edo babes kolektiboko elementuak behin eta berriz erabili izan dira denboran zehar, eremu geografiko zehatzen edo hurbileko ingurune sozialen arabera (familia, lagunak, auzoak, etxeak, jabetzak, etab.); eta fenomeno atmosferiko txarren, etsai gaiztoen eta haien ekintza beldurgarrien edo jainkozko zigorren eta zori txarreko boladen sinesmenekin lotuta. Elementu babesgarri horiek altueran jarri izan dira, gizatalde osoak babesteko batzuk (kanpaiak, gurutzeak, haize-orratzak, ermitak eta horietako irudi erlijiosoak, enborrak edo zuhaitzak, suak, etab.), eta bizilekuak zaintzeko beste batzuk (eskuak, atzaparrak edo hankak, ura, landareak, motibo erlijiosoak, gurutze fisikoak eta margotutakoak edo Jesusen Bihotza jartzea, etab.).

Ikus daitekeenez, pertsona babesteko edo defendatzeko bideratutako elementuak ere askotarikoak dira. Horietariko bat gurutzea dugu, bai fisikoa (gurutze bedeinkatuak oheburuetan, betiko atsedena hartzeko hilobian); bai inprimatuta edo eginda (eskapulario, oroigarri, ehun apaingarri eta deboziozkoetan, erlikietan edo bestelako elementuetan). Gurutzea kristau sinesmenaren eta, bereziki katolikoaren ikurra da. Berez, erlijioaren esparruan, Kristoren Pasioaren oroitzapena eta betiereko bizitzaren agindua adierazten du. Baina herri pentsaeran, pertsona, animalia, jabetza eta eremuak babesten ditu izaki ilunengandik edo haien ekintza gaiztoetatik.

Kuttunak edo babesteko amuletoak.                              Egilea: Josu Larrinaga Zugadi.

Beste osagai batzuk ere badira, kasurako: sua, gatza, olioak, ura eta argizari bedeinkatuak. Horiez gain, bizi-zikloan zehar kriskitinak, txilinak edo amuletoak (kuttunak) erabili izan dira; adibidez, haurrek azpiko arropan edo pixoihalean horrelakoak zeramatzaten, eta eskuz egiten ziren, begizkoa saihesteko. Ama berriek edoskitzaroan bular gogortu edo pitzatuetan harriak eramaten zituzten (erroibenarri edo zinginarri zeritzenak). Bestalde, ispiluen islak, zura ukitzeak eta gatza botatzeak bertute onuragarriak zituzten. Era berean, animalien hankak edo atzaparrak eramatea, eta gazteen zapietan zortea emateko korapiloak egitea. Arbasoen edo zenduen hilobietan argiaren eta elikagaien eskaintzak ere egiten ziren.

Antzeko helburuarekin erabiltzen ziren kutun sinbolikoak ere, hala nola aitaren egitea eta gurutze antzeko bat osatzea edo marraztea. Etxean, ogia ebakitzean labanaren puntarekin gurutzea marrazten ikusi izan dugu, eta ohikoa zen, era berean, etxeko txingarretan su-makoarekin marraztea. Hausterre egunean, fededunen bekokian margotzen da, hauxe gogorarazteko: hauts garela eta hauts bihurtuko garela. Bestalde, belaunikatzearekin batera aitaren egitea gurtzeko edo begirunea adierazteko modua da, eta ezezagunetik keinu bidez babesteko modua. Era berean, sinbolo edo aipamen soil gisa ere benetako erritu moduan agertzen da, egunari hasiera edo amaiera emateko edo jarduera zehatz eta bereziak egiteko. Otoitz laburren, bestelako otoitzen edo errogatiben erabilera erlijiosoa ere aipatu behar da. Gainera, onura lortzeko asmoz, gaizkiaren indarren eta izaera profanoko indarren aurrean, eskuekin adarren zeinua egiten da (higoa edo eztena).

Gizakiaren patua hiru ikuspegiren arteko lehian egon da beti: zientzia, erlijioa eta magia; eta hori sustraietaraino sartuta dago, eta iraun egiten du, batzuetan batera besteetan bestera egiten duela. Gure ingurura behatu besterik ez dugu egin behar urduritasun-uneetan edo krisi pertsonal eta kolektiboko garaietan. Aipatutako hiru arloak, antzinatik nagusitasuna lortzen saiatu diren ezagutzaren eta esperimentazioaren eremuak dira, elkarrekin bat eginez zein aurrez aurre jarriz, higikorrak eta iheskorrak iruditzen zaizkigun mugak zehaztu nahian. Pertsonek eta komunitateek beren erosotasun-eremua zaindu nahi dute horrela, beren bizimoduak ez aldatzeko ahalegina eginez; hala, egunerokotasunean nahiz bizibideetan eta jabetzetan ezustekorik ez izateko, behar beste babes-erritu erabiliz.

 

Josu Larrinaga Zugadi – Soziologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~