Pirinioetako aberastasun-iturri nagusia ganadua da, eta haren atzetik, zuhaitzak, hau da, zura. Mendikatearen mendebaldean, azpimarragarriak dira Kinto, Irati eta Belagoa-Belabarze basoak; bertan, pagoek garaiera handia har dezakete. Ez da harritzekoa, beraz, duela gutxira arte pago horien zura eta zuraren merkaturatzeak indar handia izatea. Basoen aberastasuna zela-eta, mendiko jendearen artean almadiazainaren lanbidea sortu zen. Nafarroan almadia esaten zitzaion enborrak ibaietan barrena eramateko zur-enbor horiez egindako baltsari. Pirinioetako baso horietatik zenbait lekutara joaten ziren, bai eta Kataluniara ere, han baitzeuden gertuko ontziolarik garrantzitsuenak. Kontuan izan behar da antzinako errege-bideetatik zaila zela gurdiak eta galerak goi-mendietako basoetaraino iristea. Hori dela eta, askoz ere azkarragoa eta errazagoa zen enborrak ibai-ibilguan barrena garraiatzea. Hala, zenbait egilek, besteak beste, Balcellsek, adierazi dute dokumentuetan almadiazainak Nafarroako ibaietan ibili izanaren lehen aipuak XIV. mendekoak direla. Hasiera batean, Aragoiko nabateroak ziren flota-buru, eta XVII. mendearen erdian hasi ziren bertako herritarrak, jada almadiazainak, Pirinioetako mendiak ustiatzen.
Plataforma flotagarri hauek errazago eramaten ziren udan, ibaia urez gainezka zegoela. Ordura arte, enborrak ibai-ertzetan biltegiratzen ziren, garraioa antolatu bitartean. Oro har, azarora arte soilik nabigatzen zen, Pirinioetako uren arriskugarritasuna nahiz mendi-paisaian nagusi egiten zen neguko hotza zirela-eta. Hala, martxoaren amaieratik hasita, uholdeak etengabeak zirenean eta urak hazita (mayencas esaten zieten) jaisten zirenean, baina urtzaroaren lehen urak (aguas de madre) pasatu eta gero, baltsa horiek Nafarroako Ezka (Erronkaritik hasita), Zaraitzu eta Irati (izen bereko basotik hasita) ibaietan barrena ibiltzen hasten ziren Zangozako bidean. Pagoak, haritzak eta izeiak (Abies alba) Tortosa bidean jartzen ziren; bidaia luze horiek hasieratik oso arriskutsuak ziren, ostatu- eta hornidura-sarea izan arren.

Gaur egun, Pirinioetako haran horietako askoren oroitzapenean geratzen da zurgintzako lanbide hori. Batzuetan, ardatz nagusitzat ibaia zuen zur-garraioari buruzko museoak edo erakusketa-guneak sortu dira. Gertu adibide bat dugu, zehazki, Burgin (Erronkariko haranean), han baitago Almadiaren Museoa, eta urtero Almadiaren Eguna ospatzen da. Ospakizun neofolkloriko hori apirilean edo maiatzean izan ohi da (data ez da finkoa), eta 2005ean Turismo Interes Nazionaleko Festa izendatu zuten. Herrian bertan, almadiak Ezka ibaitik nola jaisten ziren erakusten da. Mendikateko beste leku batzuetan ere antzeko ekitaldiak antolatzen dituzte, eta Aragoiko goi-haranetako nabateroak izaten dira protagonistak.
Pablo M. Orduna – Etniker Nafarroa – Etniker Euskalerria Taldeak
Informazio gehiago nahi izanez gero, hauek kontsultatu daitezke:
Pablo Orduna. “Pastores y almadieros a orillas del Irati” in ZZEE., El Puente de Aoiz (Aoiz-Agoitz). Madril, 2011, PSP, 85-128. or.
Juan Cruz Labeaga. Almadías en Navarra. Merindad de Sangüesa. 1992.
Argazkien oharrak: Almadiak Ezka ibaian, 1930. Santa Maria del Villarreko Markesa. Almadiaren Eguna Burgin (Erronkari), 2010. Pablo Álvarez Vidaurre.