Etnografia atalak

66-1

Pottokak Lapurdin. Michel Duvert. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Pottoka Historiaurreko haitzuloetako hormetan adierazitako zaldia al da? Edo Kristo aurreko lehen mendeetan sartutako zaldien ondorengo etxekotua? Estandarren arabera kalibratutako animaliak oinarri zituen XVIII. mendeko eredu ingelesaren araberako arraza batekoa al da? Arabiar zaldien, zaldi militarren, kontrabandoko zaldien… arteko mendetako nahasketen emaitza da egungo pottoken populazioa. Bi pottoka mota daude, mendiguneen bi isurialdetan bizi dira, Zuberoatik hasita Bizkaiko mugetaraino. Neurri handi batean, ez dakigu zer jatorri duten espezie horiek. Pottoken polimorfismo berezia, ordea, ez da oztopo izan Zaldiaren eta Zaldiketaren Frantziako Institutuak (les Haras) ofizialki aitortutako klase ukaezin bat identifikatzeko, eta bere arraza-estandarra ezarrita dago gaur egun.

Euskal poney hori (soingurutzeko garaiera 1,47 m azpikoa da) landa-espezie bat da. Bizitza mendian igarotzen du, eta zelaietako, basoetako eta oihanpeetako bazka apurraz elikatzen da. Sasi-ardiarekin batera, paisaia mantentzen laguntzen du. Arraza hobetu nahi izan zen, eta, batez ere, merkatuan zuen balioa. Horretarako, zenbait poneyrekin nahasi zen, baina saiakera horien fruitua bere kabuz ezerezten joan zen, zainketa egokiak ez izateagatik eta herrialdeko baldintza gogorretara ez egokitzeagatik.

Etxerako erabiltzen ziren zaldien erroldak gainbehera egin zuenean, pottoken erroldak ere behera egin zuen. Atzeraldi horrek zaldi-ganaduaren % 80ari eragin zion Frantzian. Abeltzaintza ardatz zuen ekonomia hark behar adina balioetsi gabe zuenez, nekazaritzaren beheraldi orokorrak pottokaren gainbehera lasterragotu zuen. Erdi-mendiko larrea, gero eta gutxiago zaindua, haren natura-ingurua izan zena, pottokaren ohiko aterpe bihurtu zen. Eta, han, borda-barrukietan eutsi zion. Orduan, P. Dutournierrek, sasoi hartan Sarako auzapeza zenak, ekimen batekin bat egin zuen, 1971n Pottokaren Elkarte Nazionala sortzea ekarriko zuenarekin, hain zuzen ere. Lehen talde horrekin bat egin zuten penintsulako euskaldunek.

66-2

Pastore Lore Festa Azkainen (Lapurdi). Michel Duvert. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Ekimen multzo horri, agintariek jarritako arretari eta batez ere aisialdian bultzatutako dinamikari esker, aukera berriak sortu ziren pottokarentzat, eta haren hazkuntza berreskuratu egin da. Kalkuluen arabera, Iparraldeko mendietan soilik 2000 bat izango dira. Gaur egun, jarraipena egiten zaie, eta gurasoak hautatzen dira, askatasunean bizi direnen nahiz larreetan hazten direnen (gero eta gehiago dira) artean: Larhun mendian borda bat eraiki da pottokak tratatzeko (txertoak eta bermizidak), ganadua aukeratzen da, odol-ahaidetasuna prebenitzen da, eta tokiko lehiaketak edo lehiaketa nazionalak antolatzen dituzte, ale onenen hazleak saritzeko.

Michel Duvert – Etniker Iparralde – Etniker Euskalerria Taldeak

Jatorrizko testua frantsesez.

Informazio gehiago nahi izanez gero, hauek kontsulta daitezke: Michel Duvert. “Témoignage d’un vétérinaire praticien basque: l’élevage et la santé animale en Labourd dans les années 1950”. Anuario de Eusko-folklore 45 (2004-2005), 255-290 or.; Pottoka, el poni del Pais Vasco. Bizkaiko Foru Aldundia. 1997.


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~