Etnografia atalak

0

Hilando con el huso. Carranza, 1986. Miguel Sabino Díaz.

Artzainen baserrietan oso ohikoa zen, 1960ko hamarkadara arte, norberak erabiltzeko gordetzea mantaren bat —hala deitzen zitzaion artileari—. Koltxoiak betetzeko eta haria egiteko erabiltzen zen, eta hari horrekin jantziak egiten ziren, oro har, galtzerdiak, abarken lokarriak eta txalekoak.

María Luisa Ruiz-Quintano hilando en el barrio de Cezura, 1986. Miguel Sabino Díaz.

Mantetako artilea garbitu egiten zen, baserrian bertan edo handik hurbileko ibai edo putzuren batean. Hasteko, zikina garbitzen zioten; horretarako, zinkezko bainuontzi batean uretan jarri aurretik, eskuaz astintzen zuten eta zakar gehienak kentzen zizkioten (ote edo belar hondarrak, etab.). Lehenengo garbiketaren ondoren, ur epela botatzen zuten bainuontzian eta Chimbo xaboiaz garbitzen zuten artilea, garbi eta zuri utzi arte. Jarraian, lehortzen jartzen zuten, etxetik hurbileko sastraka batzuen gainean.

Lehor-lehor zegoenean, trapu baten barruan jasotzen zuten, lau erpinetatik helduta, eta urrira arte gordetzen zuten; hain zuzen ere, garai horretan, emakumeek artilea egiten zuten eskuz, bi tresna bakun erabilita: gorua eta ardatza.

Gorua, etxeko gizonek egina, sahatsez edo gorostiz egindako makila zen, gutxi gorabehera 1 m-ko luzera eta 2 cm-ko lodiera zituena; goiko muturrean goru-burua zuen, non artile-sorta txiki bat jartzen zen (mataza ere deitua), solte eta harro, iruteko prozesuan. Goruak berak bi ebakidura zituen; haietan, ziri bana sartu eta handik denboraldi batera kentzen zituzten, egurra lehortu ondoren, eta hala hartzen zuen goru-buruak bere ohiko itxura sabeldua.

Ardatza, XX. mendearen azken herenera arte maiz erabilia, burdinazko barra txiki bat zen, eta Haraneko errementerietan egiten zituzten, gehienetan. Luzeraz 30 eta 40 cm artean izan ohi zuen, eta zabalagoa zen goiko muturrean; han, ildoak zituen kiribilean, eta 3 cm-ko diametroko gurpil bat izaten zuen txertatuta beheko aldean.

Encuentro de hilanderas de Euskal Herria en el barrio de Ambasaguas. Artzai Topaketa, 2016. Miguel Sabino Díaz.

Haria egiten hasi aurretik, artilea txarrantxatu behar zen, hots, harizpiak leundu eta askatu, matazak egiteko; Karrantzan, prozesu horri escarmenar esaten zioten, gaztelaniaz. Iruten hasteko, mataza bat jartzen zuten goru-buruan; gero, gorua hanka artean jartzen zuten, pixka bat makurtuta. Jarraian, ezkerreko eskuko hatzekin, matazako artilearen harizpitik tiratzen zuten eta bihurritzen hasten zen; hala, haria txirikordatzen hasten zen eta, ardatzaren kiribiletako batean sartuta, korapiloa egiten zitzaion muturrean. Prozesua hasita, ezkerreko eskuko hatz lodiaz, erakusleaz eta hatz luzeaz matazako harizpitik tiratzen eta haria txirikordatzen zen, eskuineko eskuaz ardatza biratzen zen bitartean, hariz betetzen zen arte. Beteta zegoenean, haria moztu eta harila egiten zuten, eskuz. Lan hori behar adina bider egiten zuten, lortu nahi zuten hari kopuruaren arabera.

Miguel Sabino Díaz – Etniker Bizkaia – Grupos Etniker Euskalerria


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~