Etnografia atalak

0

Iturria: Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa. Egilea: Nerea Etxebarria.

Urteen poderioz, herrietako ohitura eta bizimodu asko aldatu egiten dira, eta aldaketa horiek hein batean jasotzea da etnografiaren xedea.

Gaur egungo bizimoduak zeharo eraldatu duen usadioetako bat saltoki txikiei dagokiena da. Behin baino gehiagotan aipatu dugu emakumeak lan-munduan sartzea izan dela, informatzaile askoren iritziz, familien bizitzako aldaketarik nabarmenetako bat, XX. mendean eta XXI.a hasi zenetik hona. Lehen, familiak ugariagoak ziren, eta ohikoa zen etxe berean hiru belaunaldi bizitzea: aitita-amamak, gurasoak eta seme-alabak. Gainera, etxeko andreak etxeko lanak egiten zituen, eta beti egoten zen norbait bertan.

Gaur egun, aldiz, familiak txikiagoak dira, eta adinekoak beren etxeetan bizi dira autonomoak diren bitartean, edo, bestela, egoitza batera joaten dira. Etxean bizi diren gurasoek bertatik kanpo lan egiten dute, eta haurrak, txikitatik, haurtzaindegira edo eskolara eramaten dituzte. Horrenbestez, egunaren erdiko orduetan etxean inor ez egotea da ohikoena. Gainera, astero egun bat erabiltzen dute, normalean ostirala edo larunbata, saltoki handietan erosketa mardula egiteko, eta, hala, hozkailua eta janaritegia aldi baterako betetzeko.

Iturria: Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa. Egilea: Nerea Etxebarria.

Ondorioz, etxeko andreek antzina egiten zuten eguneroko erosketa hutsaren hurrengoa da gaur egun. Izan ere, ogia eta prentsa ere saltoki handietan saltzen dira. Eta zer esan Internet erabiltzeko ohitura gero eta hedatuagoaz, online erostea eta fabrikatzaileei produktuak banatzea errazten diena, merkatari txikiei kalte egiten dien neurri berean.

Janari-denda, harategia, arrandegia, merkatua, ile-apaindegia… elkarrekin biltzeko lekuak ziren, herriko gertakarien berri emateko, bizilagunen osasun-egoeraren eta gaixotasunen berri jakiteko, etab., botika-osteen eta kasinoen moduan. Saltoki txikiak itzaltzen ari dira, eta gero eta lonja eta lokal gehiago dago eskuragarri.

Segundo Oar Arteta – Labayru Fundazioa/Etniker Bizkaia

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~