Etnografia atalak

0

Errematerako jatekoen bedeinkazioa. Garai (Bizkaia), 2013. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

San Anton Abat edo san Anton (urtarrilak 17) bizitza eremutarrarekin lotzen da, sendotasunarekin –deabruaren hainbat eta hainbat tentazioren aurrean–, eta ikonografia klasikoan hari lagun egiten dioten suidoak babestearekin. Ganaduari eta etxeko abereei, normalean, jai ematen zitzaien haren egunean. Era berean, bedeinkatu egiten ziren, Gabonetako enborraren hondarren gainetik pasaraziz, artean kea zeriela zeudela; edo ukuiluaren ateburuan jarritako elementu babesgarri bat zeharkatuz; ogi eta ur bedeinkatuak emanda; edo, bestela, patroiaren izeneko ermita edo eliza bat inguratuz.

Elkarte tradizionalen ohiturazko tratu sozialen artean, nabarmendu dezakegu elkarri laguntzekoa edo taldeko elkartasuna, auzo nahiz herri mailan. Nahitaezko egiturazko zeregin komunitarioen esparruan, auzolanak izenez dira ezagunak, eta bideak, zubiak, ermitak eta eskolak konpontzen gauzatzen ziren, bai eta karea egiteko lanetan ere, besteak beste. Bazeuden, era berean, elkarlaneko borondatezko elkarrekiko prestazioak auzoen artean, kooperazioa eskatzen zuten eta baliabideak aurreztea eskatzen zuten lanetarako (artozuriketak, txerribodak, goruetan, linuaren lanak, etab.), edo ahalegin handia eta energia eskatzen zutenak (luberritzea, sega, gari-jotzea, etxebizitzak berreraikitzea, etab.); zorigaitzaren edo gabeziaren aurrean esku hartzen zen (zimaur-lorra, bildots-lorra, etab.), eta ondasun-laguntzak ematen zitzaizkien ezkondu berriei edo gizarte-bazterketako egoeran zeuden tokiko taldeei.

Alabaina, era berean, auzo-erakundeak eta artisauen elkartasuneko erakundeak ere eratzen ziren; kofradiak, ermandadeak eta gremioetako elkarteak izaten ziren. Kofradiak lurralde- eta gizarte- eta administrazio-unitate baten bueltan eratzen ziren (kontzejuak, auzoak, alkate-auzoak, sindikatuak edo parrokiak), eraikuntza erlijioso subsidiarioei lotuta edo sentimendu kartsuaren inguruan bilduta. Eta, hemengo gure zereginari dagokionez, laguntza-forma edo elkarri laguntzeko borondatezko aseguru soilak eratu ziren (ganaduzaleen ermandadeak, suteenak, heriotzenak, ondasun higigarri eta higiezinenak, etab.). Ganaduzaleen ermandadeek Egiptoko santua zuten patroitzat, eta mezetara joaten ziren haren ospakizunean, kofradeen bandera hartuta zaldi-segizioan paseatuz. Elkarbizitza-espazioen (herria edo auzoa) eta jardueraren edo ganadu-jabetzaren arabera egituratzen ziren, eta zerrenda-egile bat (maiordomoa edo priorea) aukeratzen zuten; hark eramaten zituen kontuak, eta lagun egiten zioten beste bi edo hiru kabok, zeinak, aldian behin (bi edo sei hilabetean behin, lekukoen edo herrien arabera), kortetara joaten ziren, ganadua tasatzera (kopurua, egoera edo kalitatea hartzen zituzten oinarritzat), edo, bestela, plazan elkartzen zituzten. Hala, tasazio-balioaren arabera, diru-ekarpena egin behar zen. Aberea gaixotuz gero edo istripuren bat izanez gero, “proportzionalki” ordaintzen zen, eta, animalia ondo  bazegoen, haragia elkartekideen artean banatzen zen.

Abereen bedeinkazioa Gixunen (Lapurdi). Josu Larrinaga Zugadiren Artxiboa.

Bestalde, zenbait herritan, eskasia-sasoietan jatorria duten praktikak ere badaude. Esate baterako, jaieguneko eukaristia-ospakizunera elikagaiak eramaten dira, ondoren, kanpoan, errematea egiteko, eskaintza publikoan. Halaber, herri batzuetan txerri gizenduak (cucho) zozketatu, eta bildutakoa karitatera bideratzen zen. Zenbait santutegitan, animaliek –jendeak ere bai– erabiltzen edo kontsumitzen zituzten ogiak, ura eta elementuak (arranak, kanpaitxoak, kandelak, aparejuak, etab.) bedeinkatzen ziren.

Auzotarren arteko kooperazio komunitarioko halako zereginek bat-bateko oturuntzak eta une koreografikoak (txakolin dantza, irri dantzak edo jolas dantzak, askotariko dantzak, etab.) ekartzen zituzten. Era berean, kofradia edo ermandadeetako nekazari eta ganaduzaleen taldeek, jaiak, erromeriak, ganadu-azokak eta prozesio-ekitaldiak antolatzen zituzten, eta dantzariek –herrikoak nahiz kontratatuak– harrera ona egiten zieten, erritu-dantzak eginez.

 

Josu Larrinaga Zugadi – Soziologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~