Maiatzaren lehen egunean edo Gurutze Santuaren egunean (maiatzaren 3an) haur koadrila ugari dago kalean. Ohiturazko arropaz jantzita, kartulina edo kartoizko mitra pontifikalak buruan, apaingarri modura. “Aingerutxo”, “santu txiki” edo hil-oihalez apaindutako gurutze ñimiñoa daramate angarila baten gainean. Abesten ibiltzen dira, behin eta berriro errepikatzen dute kantu bat a capella, erremusina eskatzen duten bitartean. Hori da Balmasedako sanfelipeen jai-ospakizunaren oinarria. Eta aurten, 2023an, 150 urte betetzen dira Los Niños Revista de Educación y Recreo egunkarian ohitura berezi eta bitxi horri buruz argitaratu zen lehen testigantza jaso zenetik (Madril, 1873ko maiatza).
Balmasedako haurren diru-biltzeak ez du parekorik gertueneko jai-inguruan. Hala ere, emakumezkoak (neskak, gazteak edo emakumeak) eta umeak (jaunartzea hartu gabeak) protagonista diren antzeko ospakizunekin lotzen da, San Markos eguneko jaitik (apirilak 25) Igokunde egun aldakorrera arteko udaberriko erregu-sasoian. Elementu naturalistak eta Mariaren irudiarekiko debozio erlijiosoa uztartuz (Ama Birjinaren edo loreen hilabetea); uztartze horrek ernatzen ari diren soroen babesa eta zaintza bilatzen du, atmosferaren balizko ezbeharren aurrean. San Felipe eta Santiago edo Gurutze Santuaren diru-biltzearen ospakizun xaloaren kasua, dirudienez, Gaztelako beste eremu batzuetan hedatutako ospakizun klasikoa izan zen, XIX. mendean izan zuen zabalkundeagatik, eragin ohi zituen eragozpenengatik eta zentsore erlijiosoen zein sekularren mesfidantzagatik indarra galduta.
70eko hamarkadan desagertu zen arte, ohitura eta tradizioa izan ziren kommemorazio honen indar eragilea; emakumezkoek (amek, arreba-ahizpek, klaratarrek, mentoreek eta sustatzaileek), umetxoen gogoak eta, 20ko hamarkadatik, nesken parte-hartzeak bermatu eta bultzatutako kommemorazioa. 80ko hamarkadan, zenbait pertsonak eta taldek hartu zuen jaia dinamizatzearen ardura. Mende eta erdian zehar zeharo aldatu ziren protagonistak (talde mistoak eta beste adin-kategoria batzuk), ezkutuko gidariak eta jaiaren egituraketa, apaintzeko parafernalia (irudiak jartzeko angarilak eta haien urkilak, zutoihalak eta estandarteak, lore-apaingarriak, zilarrezko platertxoak, kanpaitxoa erabiltzea, etab.). Baina hori guzti hori, taldeetako kideek, Balmasedako hiribilduko auzune eta kaleetan erremusina eskatzen duten bitartean, beren ibileran daramaten mitra klasiko eta arruntak sinbolizatua.
Jaiegunetako irteeretan abesten den kantu bakun errepikakor edo erretolika musikalean biltzen dira ospatzen diren kommemorazioen (maiatzaren 1ean San Felipe eta Santiago, eta 3an Gurutze Santua) deskribapenak, erreferentzia erlijiosoak edo udaberriari buruzkoak, diruzko opari baten eskaera zuzena, dirurik ez emateagatik haurrek egindako mehatxuak, eta, orobat, tokiko gertakariei buruzko aipamen laburrak ere. Azken urteotan kantuaren eta errepikaren euskarazko bertsioa ere gehitu da.
Ospakizuna pil-pilean zegoenean, ume taldeek, amek lagunduta, merienda edo txokolate-jana antolatzen zuten; hala ez zenean, irabaziak partehartzaileen artean banatzen ziren. Gaur egun, erakunde eta instituzioek hiribilduan dabiltzan koadrilen arteko lehiaketa bultzatzen dute, adinekoek beren haurtzaroa ekartzen dute gogora eta balmasedarrek aktiboki parte hartzen dute Bizkaiko lehendabiziko hiribilduko ohituren harribitxia den ospakizun horretan.
Josu Larrinaga Zugadi – Soziologoa