Duela gutxira arte, ohitura eder bat egoten zen gure artean, San Joan egunean eginda. Eguzkia ikusi eta mirestu behar zen egunsentian, uste izaten zelako bere goreneko eguna zela, udako solstizioa. Horregatik, inoiz baino ikusgarriago eta alaiago agertzen zen zerumugan, pozarren bere ospakizun handia zela jakitean.
Antzinako tradizio hari buruzko aipamenik gardenena Pascual Madozek eskaini zigun 1845 eta 1850 urteen artean egindako Diccionario Geográfico lanean. Bertan, erresuma osoari buruzko informazioa jaso zuen, herrietatik bidalitako erantzunen bitartez. Eta honela dio “Gorbeia” sarreran (jatorrizkoa, gaztelaniaz): «Batez ere San Joan Bataiatzailearen egunean harrigarria izaten da egunaren hasieratik gailurrean egoten den jendetza, eguzkiaren irteera ikusgarriaren zain“. Oso ekitaldi ezaguna zen baina, deigarria bada ere, egun ez dugu haren oroitzapenik eta inkesta etnografikoetan ere kale egin digu.
Kasualitatez, Ruperto Urquijo (1875-1970) poeta eta musikari laudioarrak ere bere abestietako batez jaso zuen hain errotuta zegoen ohitura hura. Areatzako bainuetxeko udako egonaldiak aprobetxatzen zituen doinu haiek konposatzeko eta, horrela, bere abestien bitartez, XX. mendeko lehen urteetako eszena bitxiak zehaztasunez deskribatzen zituen. Bere konposizioetako batean (Vísperas de San Juan) azaldu zigun nola egiten zen Gorbeiarako txango jendetsu hura, eguzkia irteten ikusteko eta ondoren dantza, txokolatada eta abar egiteko. Gehien interesatzen zaigun zatiak honela dio hitzez hitz (jatorrizkoa, gaztelaniaz):
«Goazen denok artzainek egarria asetzen duten iturri ederrera. Goazen denok beti joan izan ziren bezala, goazen iturrira San Joan delako.
Altxa Ana Mari, ez nagikeriarik izan, eguna urratzear dago eta laurak dira. Altxa Ana Mari, gaurko goizean eguzkia irteten ikustea delako gauzarik bikainena».
Aipatzen duen iturria Igiriñaokoa da, gailurrerantz igotzean azkena, Iturriotz edo Lekuotz izenez ezaguna.
Han elkartzen ziren gailurretik jaisten zirenak, nagiagatik egunsentia bertatik ikustea erabakitzen zutenekin.
Eguzkia gurtzeko bisita hura mistizismoz inguratua zegoen kasu batzuetan, eta gorputzaren penitentzia neketsuaren bidez espiritua purifikatzeko erabiltzen zen. Hori dirudi R. Mª de Azkuek eskainitako aipamena irakurrita: «Yaun Donias-bezpera gabean Ipiñati Gorbeiara ortozik yoaten dira, andik eguzkia urteten ikusteko» (Euskalerriaren Yakintza-I, 1935).
Horren guztiaren azpian, agian, Kantauriko arku osoan eta Europako beste leku batzuetan orokortua zegoen sinesmena egon zitekeen. Haren arabera, eguzkia dantzan irteten zen egun horretan, mugimendu txiki batzuekin, bere jaia zela jakitean oso alai zegoelako: «San Joan egunean, eguzkiak dantzan egiten du» (jatorrizkoa, gaztelaniaz) dugu 1921eko Eusko folklore Urtekariaren lehen alean.
Horri dagokionez, deigarria da 1740an Benito Jeronimo Feijoo fraide eta Espainiako Ilustrazioko figura gailenak egindako gogoeta desesperatua, uste hori gaitzesteko: «Eguzkiak egun horietan dantzatzen duena da urteko gainerako goiz argi eta bare guztietan dantzatzen duena; izan ere, irtetean, bere izpiak mugimenduan bezala irudikatzen dira, edo bata bestearekin jolasean bezala, eta horrek eguzkia dantzatzea izatea uste nahi izan zuen jende xeheak».
Dena dela, gaur egun ere, gutxi batzuk igotzen dira Gorbeiaganera San Joan egunetan, leku eder hartatik izpi berriak irteten ikusteko. Lilura, bete-betean. Eta eguzkiak dantzatu ala dantzatu ez… hori izan dadila norberak ikusi nahiko duenaren araberakoa.
Felix Mugurutza