San Joan gaua eta solstizio-jaia babes-erritu ugarirekin lotu izan dira mende eta mendeetan: egun horretan isuritako ur onuragarriaren erabilera, lurrazpiko eta aireko izaki kaltegarrien aire-zirkulazio askea, su garbitzailearen erabilera eta jaiegun berezi honetan errege astroak duen garrantzia. Eguzkiak bultzatu du jai hau urteko egunik luzeena izatearen sinesmen kolektiboa (zientifikoki gezurtatua), baita egunsentian egiten den dantza berezia, luzaro desiratua (sundog edo parhelio izenez ezagututako efektu optikoa), eta sugarrekin gauez argia hedatzen eta ingurukoen itzalak dantzarazten dituzten suteak ere. Hortaz, ez da harritzekoa pertsonak eta komunitateak xarmatuta geratu izana une horretako ikuskizun bisualarekin, eta ahalegina egitea etxeko edo taldeko jai-jardueretan bera antzeratzeko.
Gogoeta horietan murgildurik, gaur egungo sute arautuen aurrean, neure buruari galdetzen nion nola aldatu den San Joan jai zirraragarri hau eta zein bide hartu duen gaur egun. Hasteko, izenaren aldaketa laizistak edo naturistak ditugu, ildo kristautuaren aurrean: udako solstizioa edo udako solstizio-jaia. Harreman estereotipatua dute jazarritako sorginen eta akelarreen munduarekin (Inkisizioaren biktimei erauzitako aitorpenetan maiz aipatzen zuten absentismo sabatikoa, San Joan jaira joan behar izateagatik), eta keinu artifizialak egiten dizkiote mundu exoteriko edo mistikoari.
Landare-ikurrak erakargarri estetiko edo turistiko gisa ugaldu dira, San Joan zuhaitz klasikoa eta salbuespen batzuk kenduta. Ur onuragarria erabiliz lortutako azalaren eta ilearen zaintza, berriz, industria kosmetikoaren eta farmazeutikoaren esku dago gaur egun. Gogoan ditut oraindik Karrantzako laurogeitaka urteko emakumeen aurpegi alaia eta emoziozko adierazpena, gau magiko honi buruz hitz egiten zidatela: beren aurpegi eta ileen garbiketak, suak argitutako berbenak eta gaupasa egiteko askatasun ezohikoa. Nabaria da testuingurua eta errealitate soziala aldatu egin direla, eta horrek zuzeneko eragina du San Joan jai seinalatu eta tradiziozko hau bizitzeko eta ulertzeko moduan.
Gaur egun, plaza publikoan egiten da landetako, baserrietako eta auzuneetako su berezia, uda garaia iragartzen duten su handi-handiekin (nahi ez diren eta balio ez duten material berriak erretzeko), eta parafernalia eszenografiko oso bat dute inguruan, argian eta soinuan oinarrituta. Alde batera utzi gabe ekitaldi horiek antolatzeko nahitaez hartu beharreko segurtasun-lizentziak eta -neurriak. Antzerki-izaerako ikuskizun koreografikoak eta musikalak sortzen dira nonahi, hiriko estetikan oinarrituta edo tradizioaren idealizazioan inspiratuta, erromeriekin edo berbenekin lagunduta, eta dezibelio eta watt maila altuekin eutsita.
Azkenik, ez hartu artikulu hau kritika gisa, asmo bakarra ospakizun honen eraldaketa egiaztatzea baita, lehen tradizioan oinarritua zena egungo errealitate berrira egokitu baita. Nolanahi dela, substratu komunari eutsi, eta komunitate osoari dagozkion alderdiak ditu bizirik oraindik, esaterako, harreman kolektiboa eta belaunaldien artekoa, argi-ilunpea eta ur-sua binomioak, eta komunitate oso batek gauez jai-ospakizuna egiteko duen giza premia nahitaezkoa, luzaz desiratutako udako opor-aldiaren sarrera gisa.
Josu Larrinaga Zugadi – Soziologoa