Etnografia atalak

San Juan de Gaztelugatxe. Bermeo (Bizkaia), 1994. José Ignacio García

San Juan Gaztelugatxekoa. Bermeo (Bizkaia), 1994. José Ignacio García Muñoz. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

San Juan Gaztelugatxekoa, San Juan Bataiatzailearen martiritzari eskainitako itsas santutegia, Bizkaiko kostaldeko erromesgune nagusietako bat izan da hainbat mendez. Otoitzerako, eskerako, promes egiteko, eskerrak emateko… ez ezik, esperientzia estetiko eta paisaia paregabeez gozatzeko ere paraje aparta izan da jendearentzat. Harkaitz bat da, bi arkuko zubi baten bidez lotua lehorrera, eta haren gainean daude kapera eta antzina ermitaua bizi zen etxetxoa. Ermitara igotzeko 232 eskailera maila daude, baina, tradizioaren arabera, garai batean, urteak egun adina maila igo behar ziren goraino iristeko. Handik hurbil, Aketxe uharte ia iristezina dago.

Escalones de ascenso al santuario. José Ignacio García

Escalones de ascenso al santuario. José Ignacio García Muñoz. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Gaztelugatxek ezin konta ahala sekretu, elezahar, ohitura eta sinesmen gordetzen ditu. Historiak dioenez, Juan Bataiatzaileari lepoa moztu zioten Herodesen aginduz, eta, Erdi Aroko kontakizunen arabera, Akitaniaraino iritsi zen haren burua, 1010ean. Horrela hasi omen zen Bataiatzailearen gurtza. Harkaitzaren gailurrean bazen gaztelu bat, XI. mendeko agirietan jada aipatua, eta handik datorkio izena.

Antzinako sendagintza ohituren lekuko izan da santutegia. Ama izaterik ez zuten emakumeek haurren jantziak edo objektuak eramaten zizkioten Gaztelugatxen gordetzen den Santa Ana Ama Birjinarekin eta Haurrarekin agertzen den irudiari. Loaren gorabeherak zituzten haurrak ere eramaten zituzten; haiek sendatzeko, ermitan aurkeztu eta arrosarioa errezatu behar omen zen hurrenez hurreneko hiru ostiraletan. Buruko minak saihesteko edo tratatzeko, berriz, ohitura zen ermitan txapela, urkila edo ile-orratza uztea. Eta hitz totelek txanponak eskaintzen zizkioten San Juani: eskumuturkada bat.

Romería de San Juan, 1993. José Ignacio García

Romería de San Juan, 1993. José Ignacio García Muñoz. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Kontakizunak dioenez, Bermeon lehorreratu zen San Juan, Bizkaian, eta harkaitzaren goreneraino igo zen hiru urrats erraldoitan. Hala, ohikoa zen santuak lurrean utzitako ‘oinatzetan’ sartzea oinak, kailu eta babarik ez izateko. Egiaztatu dugunez, bestalde, erromes asko eta asko igo ohi ziren oinutsik, belauniko ere bai, sakrifizio gisa edo promesak betez.

Talde-erromesaldiak edo erromeriak ere egiten dira Gaztelugatxera. Hain zuzen ere, ekainaren 24an, Bermeoko milaka erromes joaten dira Gaztelugatxera, San Juanen jaiotza ospatzera. Meza entzun, limosna eman, kanpaia jo eta, askok, eskapularioak erosten dituzte; hori guztia, jai giro ederrean. Arrietako erromesaldia, bestalde, uztailaren 31n izaten da; eta abuztuaren 29an, berriz, santuari lepoa moztu zioteneko gertaera oroitzen dute, Bakioko biztanleek batik bat.

Tocando la campana el día de San Juan de 1993. José Ignacio García

Tocando la campana el día de San Juan de 1993. José Ignacio García Muñoz. Labayru Fundazioaren Argazkii Artxiboa.

Kokalekua dela-eta, tenpluak lotura estua izan du marinel eta itsasontziekin. Hango ur bedeinkatuaz bedeinkatzen zituzten arrantza ontziak, eta, babesa eta zorte ona erregutzeko, kareletik botatzen zuten sanjuan-kargea zeritzoten sanjuan-loreen sortatxoa, su emanda, eta hiru zirkulu egiten zituen itsasontziak uretan. Ermitaren barruan itsasontzi eta txalupen maketak ere zintzilikatu ohi zituzten, boto-opari modura.

Berrikiago, sakratutasuna zentzua galtzen joan delarik, herri espiritualtasunaren eta erlijiotasunaren gune izateari utzi dio Gaztelugatxek pixkanaka. Oraingo erromesaldien eta masa-turismoaren eraginez, errotik aldatu dira bisitarien profila eta beren bidaiaren arrazoia. Gaur egungo turistak, batez ere, paisaia ikustera, argazkiak egitera eta kanpaia jotzera hurreratzen dira. Azken ohitura hori arestian aipatutako errituen parte zen, eta, orain, sineskeriatik gehiago du fedetik baino.

Zuriñe Goitia – Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa

Se ha utilizado como referencia bibliográfica la publicación Historia, tradiciones y secretos de San Juan de Gaztelugatx de Anton Erkoreka.


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~