Etnografia atalak

0

Iturria: Juanra Melchisidor

Bizkaian ermita asko ditugu eta ia guztietan bertako santuaren egunean edo garaian ospakizunak egiten dira. Erritu erlijiosoez gain, jaia komunitatean ospatzeko, bestelako hainbat jarduera antolatzen dira gaur egun, herri-bazkariak, dantzaldiak edo jolasak, esaterako. Jarduera horien artean lehiaketak oso ohikoak dira, normalean kirolarekin edo gastronomiarekin lotuta daudenak. Baina badaude txapelketa batzuk hain ohikoak ez direnak, horren adibide da Gordexolako Berbikiz landan San Kosme eta San Damian ermitako jaietan antolatzen den txosna lehiaketa. Esan beharra dago, Gordexolako ermita honetako adbokazioa San Joan Bataiatzailea izan arren, bere jaieguna irailaren 26an egiten dela, San Kosme eta San Damian martirien egunean eta horregatik askok izen horretatik ere ezagutzen dute.

Lehiaketa honen ohitura aspaldi-aspalditik dator. Lekukoek esan digutenez, orain 100 urte inguru, herriko aberatsenak (batzuk Ameriketatik etorritakoak) eta bertako baserritar batzuk hasi ei ziren jaietan eguraldi txarretik babesteko txabola horiek eraikitzen. Berez, orain beste esanahi batekin gehiago erabiltzen dugun arren, horixe da txosna hitzaren adieretako bat: iraupen laburrerako egiten den txabola edo eraikin arina.

XX. mendearen erdialdera arte, 5-6 txosna baino ez ziren eraikitzen, eta batez ere, San Kosme eta San Damian egunean bazkaria jateko erabiltzen zituzten. Orduan familien txosnak izaten ziren, baina apurka-apurka herritarren artean guztiz zabaldu zen, eta gaur egun ia kuadrilla guztiek euren txosna egiten dute. Aurten, kasurako, 30 txosna eraiki dituzte.

Egilea: Ane Larrondo

Jaiak hasi aurretik, hilabete bat lehenago hasten dira lanean. Beste garai batean askoz ere sinpleagoak ziren, eta gaztaina-adarrak eta irak baino ez zituzten erabiltzen. Gaur egun, ostera, benetako etxetxoak eraikitzen dituzte, ikusgarriak dira. Hori bai, arau batzuk jarraituta egin behar dituzte: lehen egiten zen antzera, txosnak eraikitzeko, batez ere egurra eta irak erabili behar dituzte. Ordu askotako lana izaten da eta inbertsio handia eskatzen du, nahiz eta material asko urte batetik besterako gordetzen duten. Kuadrilla bakoitzak gai berezi bat aukeratzen du eta horretan oinarritzen dira txosnak apaintzeko orduan.

Orain urte nahiko txosnen lehiaketa egiten hasi ziren, eta udalak horretarako aproposko araudia sortu zuen. Bertan zehazten dira izena emateko epeak, txosnak eraikitzeko lekuak, neurriak, erabili beharreko materialak, etab. Kuadrilla bakoitzak erabakitzen du gero, lehiaketan parte hartu edo ez ―parte-hartzeak denbora eta dirua eskatzen duelako―. Baiezkoa izatekotan, talde bakoitzeko bi kide aurkezten dira, epaimahaia sortuz eta haien artean puntuatuz. Aipatzekoa da txosna bakoitzeko epaileak ez direla hurrengo urtean errepikatzen, eta urtero txosna bati esleitzen zaiola San Kosme eta San Damian jaiak antolatzeko eta kudeatzeko ardura.

Lehiaketako irabazleek eta lehenengo postuetan geratzen diren hamarrek, hurrengo urtean euren txosna jartzeko lekua aukeratzeko eskubidea izaten dute. Lehen paluak jartzen zituzten lekuak hartzeko, baina beste batzuk kendu egiten zituztela ikusita, erabaki hori hartu zuten. Irabazleei saria ematen zaie dirutan, baina sari hori sinbolikoa izaten da, eta inondik inora ere ez du betetzen egindako gastua. Beraz, lehenengo postuak lortzea gehiago izaten da “ohore” kontua, diruagatik baino. Gordexolar gehienentzako urteko jairik garrantzitsuena da, argi islatzen da hori, gaur egun bizi-bizirik dirauen tradizioa delako, belaunaldi berrien parte-hartzea handia delarik.

Nerea Etxebarria Gumuzio – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~