Etnografia atalak

0

San Kristobal Busturian (Bizkaia), 2019. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

San Kristobal uztailaren 10ean ospatzen dugu gure inguruan, gaur egun gidarien eta kamioilarien zaindaritzat daukagun santuaren omenez. Baina nondik dator ohitura hori?

Bada esaunda bat horren inguruan, Gurutzi Arregik Ermitas de Bizkaia liburuan Balbina Arrese Busturiko berri-emaileari jasotakoa; eta oraintsuago, 2022an beste herritar batzuei jaso dieguna. Munduan beste hainbat lekutan ere sineskera bera dago:

San Kristobal gizon erraldoia zela eta, ibaiak igarotzeko zubirik egoten ez zenean, jendea alde batetik bestera eramaten ibiltzen omen zen. Baina ume bat etorri zitzaionean, astunaren astunaz, esan omen zion: “Ez dut uste mundu osoa ere zu bezain astuna izango denik”. Eta umeak erantzun: “Mundu osoa ez ezik, hura egin duena ere eraman duzu lepoan. Ni Jesukristo naiz, zuk zure lanbidean zerbitzatu duzuna”.

Kristobal deitura grezierako Christophoros izenetik dator, eta ‘Kristo daramana’ esan nahi du. San Kristobal aldi batean mandazainen patroia izan zen, gero kamioilariena eta gaur egun txofer guztiena.

Lehenago hirien sarreran egoten zen haren irudia, eta hari begiratuta bakarrik, bidaiarako babesa ematen zuelako ustea zegoen. Geroago, apurka-apurka zabaltzen joan da errepideetako profesionalek santuaren irudia eramatea, kamioietan sarri ikusi izan duguna. Irudi horretan Jesus umea besoetan daramala, eta zuhaitza edo palmera bat makilatzat duela agertzen da. Jesus umeak, aldi berean, munduaren irudia darama eskuetan gehienetan.

San Kristobal egunez, autoa lorez apain-apain jantzita. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

XX. mendearen erditik aurrera, zabal ospatu izan da jai hau auto-gidarien artean. Gidarien, taxilarien, kamioilarien eta abarren elkarteak eta ermandadeak egin izan dira. Eta ohikoa izan da erromeriak, prozesioak eta bazkariak egitea, autoak lorez apaintzeaz gainera. Bermeon, Busturian, Bergaran eta beste hainbat lekutan egiten dira auto karabanak, ondo-ondo apainduta eta herrian zehar bozina jotzen.

Bergarako Aldaiegia auzoko ermitan auto erosiberriak bedeinkatzen dituzte eguneko mezaren ostean. Goiburu hau dute bertan: San Kristobal. Belarriko minaren kontrako eta txoferren zaindaria.

Izan ere, san Kristobal santu osatzaileen arteko bat dugu, kasu honetan belarriko mina kentzen duena. Lehen aipatu dugun Gurutzi Arregiren lanean, hainbat ermitatan dago jasota ohikoa zela santuari eskatzea belarriko minik ez edukitzeko, eta horretarako bedeinkatutako olioa ematea belarrietan. Hala jasota dago Foruan, Nabarnizen, Busturian, Munitibarren eta Igorren kasurako, herri bakoitzeko San Kristobal ermitan.

 

Igone Etxebarria – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~