Etnografia atalak

0

Arrantzaleak, 1950. Bermeoko Udal Artxiboa.

Badirudi gure arbasoentzako udaren eta neguaren arteko muga San Simon eta San Juda egunak ezartzen zuela, hots, urriaren 28ak. Hain zuzen ere, horrela dio esaera zaharrak: «San Simon eta San Juda, uda joan eta negua heldu da».

Gerora, hori kontuan hartuta, Gabriel Arestik poema bat idatzi eta Xabier Letek abestu zuen, abestia famatu eta herrikoi bihurtuz.

Kantua horrela hasten da:

«San Simon eta San Juda

joan zen uda, eta negua heldu da: (bis)

ez baletor hobe, bizi gara pobre (…)».

 

Baina zer dela-eta lotzen dira abesti horretan negua eta pobre izatea?

Horren gaineko interpretazioa egiten ausartuko gara jarraian, iraganeko arrantzaleen bizimoduari erreparatuta.

Azkuek jasotako esaera zaharren artean badago honako hau: «San Simon eta Judaetan, ontziak ankoraetan». Bestela esanda, urte-sasoi horretan txalupak kaian geldi egoten ziren, aingura edo arlanka botata. Izan ere, arrantza gorabeheretan zekena izaten zen urtaro hori. Hori dela eta, arrantzaleak beste zeregin batzuetan aritzen ziren lehorrean, bisigu-arrantzari ekin arte.

Esate baterako, mendira joaten ziren, arto-sailetan malutak, hots, artaburuko hostoak batzera. Malutaren zatirik lodiena, gaineko aldea, lixibatan sartzen zen, ordu laurden inguruan erabat zuritu arte. Zuritu ostean, etxean edo txalupan, gerizpean uzten ziren, eguzkiak ez gorritzeko. Malutok hurrengo urteko atunetan erreklamo bezala erabiliko zituzten.

Halaber, bisiguetarako zereginak gauzatzen zituzten. Lehenengo, urrian zehar harrapatutako antxoa gaztea gazitu eta tinatan sartzen zuten, karnata gisa erabiltzeko. Gero, arrantzan egiteko tretzak prestatzen zituzten.

Bada, bisigu-arrantza Santa Katalina egunez, azaroaren 25ean, hasi arren, ez dirudi gehiegi harrapatzen zutenik. Horren adibide dira bi esaera hauek: «Santakatalinetan, txalupak arroseletan», hau da, bisigutan; eta «Santa Katalina noiz da? Bisiguetarako goiz da». Beste esaera batek hala dio: «Sortzez Garbi egunez, bisigu lehena».

Behin negu gorrian sartuta, ugaritzen joaten zen bisigua. Hortik esaera: «San Txilibristo, bisigua ahotik dingilizka», hau da, abenduaren 31n, erakusgai egon behar ziren bisiguak. Eta azken esaera horren ildo beretik doa San Antoni erreferentzia egiten dion beste hau: «San Anton, bisiguak al monton». Hortik aurrera, gutxitzen hasten zen bisigua.

Edonola ere, kostera horretan gutxi irabazten zuten arrantzaleek.

Hori guztiori ezin hobeto jaso zuen Andoni Basterretxeak bertso hauetan:

 

«Sortzez Garbi egunez besigu leena,

San Antonetan gero sarritan azkena,

Eder jatekoik bada jaki goxoena

Besigua erreta Gabon gabaz onena.

Santa Katalina ta San Anton bitartez

Bizitza gogorra ta irabazi batez.

Bixigu goxo dala esan oi da errez,

Baiña obe lurrean itsasora ordez (…)».

 

Alabaina, arrantzaleek bazekiten antolatzen pobreziari aurre egiteko. Kofradien bidez mutualismoa edo elkarlaguntza gauzatzen zuten. Edu horretan, eguraldi txarrarengatik itsasoratzerik ez zegoenean edo arrantza eskasa zenean, Kofradiek aurrerakinak ematen zizkieten arrantzaleei.

 

F. Javier Arrieta Idiakez

Deustuko Unibertsitateko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakaslea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~