Etnografia atalak

0

Beheko sua. Larrabetzu (Bizkaia), 2014. Argazkia: Akaitze Kamiruaga. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Sukaldea —edo ezkaratza, Gernikaldean diogunez— izan da eta oraindik ere bada etxearen bihotza, eta sukaldeko sua bihotz horren bizigarri. Funtsezkoa zen etxekoen janaria prestatzeko, bai bizilagunena bai piztiena, eta etxea berotzeko ezinbestekoa. Suaren ingurumarian ematen ziren ordurik gozoenak; hainbeste bizipen eta istorio zahar kontatzen ziren bertan, eta ezagutzak ere hantxe transmititzen ziren belaunaldiz belaunaldi.

Baserrietako beheko sua eraikitzeko, hiru aldeko markoa behar izaten zen, gaztaina-zurez edo haritz-giharrez egina. Bazterreko bi aldeak hormari josten zitzaizkion, eta hirugarrena horiei biei. Irmo eta sendo finkatu beharra zegoen, eror ez zitezen. Barrualdea adreiluz eraikitzen zen, trenkadak egiten diren bezalaxe. Oinarria, aldiz, burdinurtuzkoa zen, landua izanez gero, okertu egingo litzatekeelako, bestela; eta sukaldeko zola baino goratxoago muntatzen zen. Atzealdeko txapa ere burdinurtuzkoa izaten zen gehienetan, edo hareharrizkoa inoiz, irudi erlijioso edo profanoz apainduta, esaterako Gernikako Arbolaz.

Burdinazko hagaxka batek zeharkatzen zuen kea ateratzeko tximiniaren goialdea, eta hagaxka horretatik zintzilik egoten zen laratza. Burdinazko kate lodi bat zen, mutur bakoitzean kako banarekin, galdarak handik esekitzeko.

Ke-irteerarik ez zuten su baxu zaharrenetan zurezko tramankulu bat egoten zen, bi zutoinez osatua: bata goitik behera, sabaiari lotua, eta bestea zeharretara, aurrekoarekin bat eginik. Bigarren horretatik kate luzea zintzilikatzen zen, eta kate horretatik laratza; hala bada, sukaldeko erdigunera eraman zitekeen bertan esekitzen zen galdara, han bete eta husteko. Zurtoin horien zura lehor-lehor eta kedarra bera bezain beltz gelditzen zen. Eta petrolio-argia jarri ohi zen albo-hormaren baten, garai bateko sukalde ilun haietan argi egiteko.

Neurri desberdinetako pertz eta galdarak erabiltzen ziren suburuko laratzetik dindilizka: harrikoa edo lixiba egiteko ura berotzekoa, esnea egosteko galdaratxoa, txerri-jana prestatzekoa, odolosteak galdarraztatzekoa… Zinkezkoak edo kobrezkoak izaten ziren, eta dendetan eros zitezkeen.

Hiru hankako treberak erabiltzen ziren eltzeak edo zartaginak su gainean eusteko, baita haragia, arraina zein sagarrak txingarretan erretzeko parrilla ere. Honako beste tresna hauek ere eskura egoten ziren: taloak jotzeko zurezko talo-ohola, taloak gainean erretzeko talo-burdina, burruntzia, gaztainak erretzeko danbolina, hauspoa, tenazak…

Antzina, pospolorik ez zegoenean, edo nekez ikusten zirenean, errautsez estaltzen ziren txingarrak hurrengo egunera arte. Sua berpizteko, abarrak erabiltzen ziren, hauspoarekin lagunduta, behar izanez gero. Gehien berotzen duen egurra gurbitzarena —gurbitzari gurguxea esaten diogu guk— dela adierazi digute gure berriemaileek; izan ere, denek gogoko zuten sugarria da gurbitz-egurra, su bizi eta garbia ematen eta ke zuri-zuria ateratzen duelako. Gereziondoarena ere egokia da oso, eta artearena, haritzarena, ipuru zuriarena, akaziarena eta sagarrondoarena ere bai. Pikondoaren zurak, berriz, ez du berotzeko balio, eta gaztainondoarenak su hila ematen omen du.

Sugaineko apala koadro gorri edo urdindun oihalez janzten zen, edota paperezko apaingarriez. Gainean, argimutila, metalezko txokolate-ontzia edo pitxerra jartzen ziren. Eta, sutondoan, zizeilua —txixilua, alde honetan— eta aulki batzuk. Han, epel-epeletan, katuak zeruan bezala sentitzen zirela diote.

 

Segundo Oar-Arteta – Labayru Fundazioa

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

 

Informazio gehiago nahi izanez gero, Euskal Herriko Atlas Etnografikoa obraren Etxea eta Familia liburukia kontsultatu daiteke.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~