Etnografia atalak

0

Egilea: Pantxix Bidart Pla.

Negu guziez Iparraldeko mendiak sutan eta ketan ikus ditzake gure eskualdetik ibiltzen den orok. Su horiek kabalen larre eta alhaguneen kudeaketa eta garbiketa dute helburu. Iparraldeko etxaldeek zabaltasun murritza dutenez, inguruko mendien beharra dute alhagunetzat. Ondorioz, mendia, etxaldea bezala zaindu eta artatzen dute. Gehienetan makinekin lantzen ahal ez dituzten eremuak suarekin garbitzen dituzte.

Suaren erabilpenak helburu desberdinei ihardesten die.

Lehena, kabalen bazka ekoiztea. Surik gabe eremu horiek sasitzen dira eta oihan bihurtzen. Sua ongi kudeatua bada, bazka emendatze nabaria ematen du eta kanpoko bazkaren erosketa baztertzen.

Bigarren helburua transmisioa da. Izari ttipiko etxaldeak izanki, laborariak ―eremu batzuk ez baditu baliatzen ere― ondoko belaunaldiarentzat zaintzen ditu. Badaki, oihantzen uzten baditu, ondokoek zailtasunak izango dituztela eremu hauek berriz bazkaleku bihurtzeko.

Hirugarren arrazoina, Europatik etorritako diru laguntzak. Hauek helburu ekologiko eta ekonomiko batzuei ihardesten diete; laborariak, diru laguntza horren beharrari.

Azken arrazoina estetikoa izan daiteke. Batzuek, haien ingurunea garbi mantendu nahi dute, betidanik ikusi duten bezala. Sasitzea eta oihantzearen urruntzeko, suaren ohiturarekin jarraikitzen dute, bazkalekurik ez beharrean ere.

Mendiko eremuak maiatzetik azarora arte baliatzen dituzte laborariek. Eremu kolektiboak dira. Ondorioz, eremu horien mantenimendua ere kolektiboa da. Normalean, lauzpabost laborariren artean kudeatzen dute suaren piztea eta jarraipena, aurretik, udaletxeari baimena eskatuz.

Su horiek ez dira nolanahika egiten. Jakitatea eta gaitasunak eskatzen dituzte:

– Landarediak garbiketa zer maiztasunekin beharrezkoa duen neurtu behar da.

– Eguraldia kontutan hartu beharra dago, partikulazki haizea.

– Sua menperatzeko tresnak eskuragarri behar dituzte beti laborariek (palak, edo otez egindako erratzak).

– Sua piztu aurreko egunetan, honen hedapena mugatu behar da, bazterrak moztuz, halako baradera bat sortuz. Batzuek, sua gelditu nahi duten muga aurretik erretzen dute.

– Batzuek sua goitik behera kudeatzen dute, besteek petik gora. Hirugarren teknika tustaz tusta sua emaitea da, hau da, han-hemenka eremu murritzak errez.

Neguko suek begi bistan ditugun paisaietan eragina dute. Landaredi desberdinak emaiten ditu kabalen beharrei egokituak.

Suak egiten diren eremuetako animalien gain den eragina ez da hain argia, ikerketa eskasez, agian. Neguan egiten direnez, animalien ausentzia eta lurraren hezetasuna direla medio, iduri luke ez dutela zuzenean abere bioaniztasuna murrizten, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak ondutako txostenaren arabera (ilovepdf_BIBLIO-URL_FUSIONNÉ_VF.pdf (ehlgbai.org)).

Aspaldiko praktika honek, noski, aldeko eta kontrako iritziak ditu. Txostenean dioten bezala, erantzunak ez dira binarioak. Eztabaida piztu zuen istripu larria izan zen 2000ko otsailean, Ezterenzubiko mendi mazeletan. Hala ere, geroztik praktikak kontrol gehiagorekin irauten du.

 

Pantxix Bidart Pla

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~