Etnografia atalak

0

Jose Arteta, azken taloaska egilea. Iturria: Felix Mugurutza.

Duela lau bat hamarkada arte, artzaintza tradizionala desagertu aurretik, taloaska zen Gorbeiako artzainek gehien estimatzen zuten ondasunetako bat. Makilarekin batera, artzainak bere txabolan harrotasun handienaz erakusten zuen elementua zen, ondasun preziatuena.

Taloaska, funtsean, oraska moduko bat da, mutur batean helduleku bat duena. Saroiko egonaldi luze haietan ogiaren ordez jaten zen taloa oratzeko erabiltzen zen, haranera behar-beharrezkoa zenean baino ez zelako jaisten. Ogia ezin zitekeen mendian egin, baina bai edonora egokitzen zen taloa.

Horrez gain, eguneroko dieta osatzen zuten indabak jateko ere erabiltzen zen taloaska. Eta, tamaina handikoa zenez, bere inguruan artzain batzuk batu ohi ziren, buru bakoitzeko koilara bana zutela, baina ontzi beretik janda guztiek. Horrela, taloaskak ahalbidetzen zituen sozializazioa, partekatzea eta elkarrekin egotea bakardadea etsai txarrena zen ingurumari haietan.

Taloaskak zurez eginak izateak pentsarazi zuen, azterlan etnografikoetan aipatu zen gutxietan, oso antzinako erlikia izan zitekeela, neolitikoa ere, beste artzain-tresna batzuk interpretatzen ziren moduan; hala nola, kaikua, abatza, malatsa eta abar.

Hala ere, oso objektu erakargarria izan arren, ez dugu horri buruzko ikerketarik ezagutzen, ezta gaur egunera arte iritsi diren elementuen katalogaziorik ere. Gauzak horrela, proposamen batzuk egiten saiatuko gara, horretara, sareen sarera jotzean, aukera izan dezagun aurkitzeko gaur egun existitzen ez den edukia.

Ondo da. Duela hamarkada batzuk taloaskei egokitzen genien antzinatasun mugagabe hark liluratzen gintuen arren, badira haren jatorria birplanteatzera garamatzaten hainbat alderdi. Alde batetik, Gorbeiako mendigunera mugatuta egotea, nahiz eta erabilera handikoa izan, susmagarria da. Antzinate handiko artzaintza-objektua izan balitz, zalantzarik gabe, artzaintza ohikoa izan duten beste mendigune batzuetan hedatuta egongo litzateke.

Gorbeiako taloaskak. Iturria: Felix Mugurutza.

Gauza bera jazoko da bere izenarekin, oihartzun handikoa Gorbeiako mendigunean, baina ezezaguna hortik kanpo. Jakina, talo ‘arto-irin opil’ eta aska ‘ontzi’ hitzetatik sortua da. Eta, gure kasuan, hitz bakar batean idaztea erabaki dugu, azentu bakarraz ahoskatzen delako eta oso ezaguna delako talaska aldaera. Talo hitza bera, inguruko haranetan izandako artoaren kontsumoa bezala, ez doa XVIII. mendetik hara.

Artzainak alde batera utzita, ikazkinak ziren mendi hartan ibiltzen ziren beste langileak. Baina, lehenengoek ez bezala, ez zuten txabola egonkorrik, ibiltariak baitziren ikatzerako esparruen arabera. Eta, era berean, zailago zitzaien jateko baxera hauskor bat garraiatzea. Ikazkinak ziren, bestalde, talo gehien kontsumitzen zutenak, elikagai sendoagotzat jotzen zelako.

Euskararen lexiko historikoaren corpusak ere baieztatzen duela dirudi: talo hitzarekin batera talo-txabil, talo-mutil edo talo-atzu terminoak aurkitzen ditugu, guztiak ere ikazkinek taloa egiteko orea lantzen zuten zuhaitz-zurezko elementuei erreferentzia eginez. Artzainen erabilerari buruzko aipamenik ez, ezta taloaska hitza jaso ere.

XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran Gorbeiako mendigunea oso ikazkintza handiko eremua izan zenez, ez dut inolako zalantzarik planteatzeko gure taloaskak, taloa oratzeko ontzi horiek, ikazkinei zor diegula eta, ondoren, artzainek lehen aipatutako mendeetan eurentzat egokitu zituztela. Hau da, nahiko pieza modernoak izango lirateke.

Hori guztia alde batera utzita, bere fabrikazio eta zaintzaren inguruan liturgia handia zegoen artzainen artean. Eta haiekiko elkarrizketetan, bazirudien bakoitzak gordetzen zuela besteekin partekatu nahi ez zuen sekretu handia.

Nire aldetik, zortea izan nuen José Arteta Lili azken taloaska-egilea, izen handienekoa, elkarrizketatzean, hil baino aste batzuk lehenago. Berak artzainentzako taloaskak egiten zituen aitaren jarraibideei jarraituz, hark ere ekoizten zituelako.

Luis Larrea artzaina bere txabolan, 2011. Iturria: Felix Mugurutza.

Taloaskak pago-zurez egiten ziren beti, eta, Josek zioenez, garrantzitsuena zen pago lepatukoa izatea, zura “itxiagoa” baitzen. Nola ez, ilbeheran eta neguan moztu behar zen. Sikatu aurretik, aukeratutako enborra zortzi zatitan zabaltzen zen, ziri batzuk erabiliz. Eta enborraren bihotzaren zatia kentzen zioten, kanpoko aldea, azaletik hurbilen zegoena, sendoagoa zelako.

Aizkora baten laguntzaz, piezari forma ematen zitzaion eta trintxa batekin husten zen. Lehenengo, barrualdea egin behar zen beraz eta, gero, kanpoaldea. Baina fabrikatzaile eta artzain guztien beldur nagusia zura irekitzea, pitzatzea zen, oso ohikoa. Horregatik, Artetak ahalik eta leku freskoenean gordetzen zuen beti zura, estalita, ahalik eta astiroen sika zedin. Halaber, fabrikazio-prozesuan, garagar-zakuetan sartzen zuen, sikatze-prozesua moteltzeko.

Beste artzain batzuengandik ere bildua dut etengabe gantzaz igurzteko ohitura, ondo mantentzeko. Txaboletako keak azken kolore-ukitua ematen zien taloaskei, eta horrek ere babesten zituela uste da.

Amaitzeko, zorionekoa sentitzen naiz kez betetako Gorbeiako txabola haietan, taloaska batean taloa oratzen egon izanagatik edota, haietako batzuetan, indaba batzuk artzainen batekin partekatu izanagatik. Ez zen oso higienikoa, baina munduko sentsazio bikainena zela esan dezaket.

Felix Mugurutza – Ikertzailea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~