Etnografia atalak

0
Teila gorria. Fotografía de Xabi Otero tomada de Euskaldunak, 4

Teila gorria. Xabi Otero. Euskaldunak, 4.

Arkitektura funtziotik haratago, sinbolismoz beteriko elementua da teila euskal folklorean eta etnografian. Etxea adierazten du, nagusiki; etxea eraikina baino modu zabalagoan ulertuta.

Jabetza pribatua adierazten zuen, herri-jabetzatik bereizteko. Esate baterako, herri-lurretan kokatutako artzain-borda batzuei ezin izaten zitzaien teilatua teilaz estali, jabetza higiezinetarako erabiltzen baitzen teilazko estalkia.

Teilak etxea adierazten zuen, etxekoen babesleku modura, jarraian aipatzen ditugun adibideetan, besteak beste.

XIX. mendearen amaierara arte, ohitura zen etxeko teilatu-hegalaren azpian, teilapean, edo alboko baratzean lurperatu edo hobiratzea bataiatu gabe hildako haur jaioberriak. Halakoetan, bi teila erabiltzen ziren haurtxoaren hilkutxa modura, etxe babeslea irudikatuz.

Alero de casa carranzana. Luis Manuel Peña

Alero de casa carranzana. Luis Manuel Peña. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Ildo beretik, adierazgarria da elizan sartzearen erritua. Erditu ondoren, emakumeak etxean igaro behar izaten zuen berrogeialdia. Aldi hori igaro eta elizara joaten zen lehen aldian, buru gainean teila bat zeramala sartzen zen, berrogeialdian ez zuela etxeko atea zeharkatu adierazteko. Arrazoiren batengatik elizan sartzea egin aurretik etxetik atera beharra suertatuz gero ere, teila batez babestuta ateratzen zen.

Antzina, herri batzuetako ohitura zen hildakoaren arimari zerurako iragaitzan laguntzeko teila bat altxatzea edo gelako leiho bat irekitzea. Batzuetan, altxatutako teilak gurutze forman jartzen ziren.

Foru batzuetan, oinordekotzari lotzen zioten teila, adibidez, Bizkaiko Foruan. Eragileari oinordekoa aukeratzeko askatasuna aitortzen zitzaion, eta, hala, zilegi zitzaion gainerako oinordeak baztertzea, honako formula hau erabiliz: Arra bete lur, teila bat eta erreal kuarto bat baino ez zuentzat.

Teila erabiltzen zuten, orobat, lursailak zedarritzeko. Etxearen jabetzako lurrak zedarritzeko, mugarriak jartzen ziren. Ohikoa zen mugarrien azpian teila puska bat edo gehiago jartzea; hala, mugarria benetakoa zen zalantza sortuz gero, altxatu egiten zuten, eta teilarik egoteak edo ez egoteak argitzen zuen zalantza.

Teila noraino iritsi, hantxe amaitzen zen etxea. Ildo horri jarraituz, Bermeoko alkateak teila bat jaurtitzen du urtero Izaroko uhartearen parean, Madalena egunean —uztailaren 22a—. Hauxe esaten du teila jaurtitzean: Honaino heltzen dira Bermeoko itoginak! Ospakizun horretan, mugarritzea egiaztatzen da; teila erabiliz lekuko gisa, esan bezala.

Adibide etnografiko horiek guztiek erakusten dutenez, etxearen eta haren jabetzen eta, hedaduraz, jabetza pribatuaren sinbolo gisa erabili izan da teila.

Daniel Rementeria – Lorra Kultur Elkartea

Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Euskal Herriko Atlas Etnografikoa obraren Ritos del Nacimiento al Matrimonio eta Agricultura liburukiak.


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~