Etnografia atalak

Bisonte de Altamira (Cantabria). Museo Nacional y Centro de Investigación de Altamira

Bisonte de Altamira (Cantabria). Museo Nacional y Centro de Investigación de Altamira.

Etorkizuneko milurtekoen historiaurrea gara. Alabaina, horrek ez gaitu sentiarazten primitibo; aitzitik, nolabaiteko harrotasunez begiratzen diegu aurreko belaunaldietan arbaso izan genituenei, hobekuntza handiak lortu ditugulakoan haiei egozten diegun kaskartasunarekin alderatuta. Etnografian dihardugunon artean, ordea, badugu susmoa iritzi horrek hutsune asko dituela; hainbeste, nahiago baitugu aldaketaz jardutea, aurrerabideaz baino gehiago, Barandiaranek bezala.

Ezin uka daiteke aurrerapen materialak badirela, izan; baina garai orotan izango zen unean uneko teknologia punta-puntakorik eta saiatuko ziren aurrerapen guztiak probetxu gorena ateratzeko moduan ustiatzen. Ukaezina da, halaber, gaur egun berrikuntza teknologikoak modu esponentzialean ari direla bilakatzen, eta, hala, ez direla beharko milaka urte, ezta ehunka ere, eraldaketa handiak ikusteko; belaunaldi bakoitzak zeharo ‘zaharkiturik’ uzten du aurrekoa, ikuspegi teknologikotik. Baina konplexutasun material horrekin batera, bada beste konplexutasun bat, gure baitako munduarekin lotua, haitzuloen garaian bezala eta modu tribalean portatzen jarraitzen baitugu neurri handi batean.

Gure espezieak, esaterako, ongizate maila bikaina izan zuen Madalen Aroko zenbait alditan. Tenperatura egokia, janari ugari, populazio txikia eta, uste izatekoa da, gatazka askorik ez eta denbora ugari, haitzuloak kalitate ezin hobeko pinturez apaintzeko. Gero, gorabeherak gertatu ziren kliman, eta iraultza neolitikoa etorri zen: janari gehiago izanik, nabarmen handitu zen populazioa, eta gizartea ‘konplexuagotzen’ joan zen, baina gizakiak ezin izan zituen eragotzi goseteak eta gatazkak.

Orain, iraultza berri bat bizitzen ari gara, iraultza digitala. Abantaila handi bat ekarri digu: informaziorako sarbidea demokratizatzea. Baina baditu eragozpenak ere; hala nola ‘ezagutzen’ galera orokorra. Gure aro digitaletik, askitasunez begiratzen diegu haitzuloetan sartu eta beren inkontzientearen arrastoak haien hormetan adierazten zituzten historiaurreko izaki haiei. Baina garapen ikusgarria lortu zuten beren ekoizpen artistikoaren kontserbazioari dagokionez. Altxa dezala eskua gure sorkuntza digitalak, haitzuloetako margo batzuk bezala, 30 000 urtez kontserbatuko direla bermatzeko moduan dagoen guru teknologikoak.

Ez dut ezkor azaldu nahi: soilik nabarmendu nahi dut ezin diegula iraganean bizi izan zirenei goitik behera begiratu, begietara baizik, beti baitago haiengandik zer ikasi, eta ez gutxi. Ez dakit gai izango garen etorkizuneko arkeologoei Altamira berri bat edo Chauvet ikusgarri bat oinordekotzan uzteko; izan gaitezen apalak: oinordekotzan zabor kantitate izugarria jasoko dutela da ziur esan dezakegun gauza bakarra.

Luis Manuel Peña – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~