Jakina denez, Estatu Batuetako mendebaldeko kostaldera milaka euskaldunek emigratu zuen XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen zati handi batean. Gizon, emakume, gazte, familia osoak… atzerriratu ziren, lehenengo emigratzaileen urratsei jarraituz eta haiek emandako argibideak aintzat hartuz. Etorkizun oparoagoaren bila abiatu ziren, ilusioz beterik. Ama-lurra utzi eta Ipar Amerikan finkatu zirenen artean, artzain-lanetan aritu zirenek osatu zuten talderik handiena.
Beren familiak eta sorterriak atzean utzita, distantzia handiak egin behar izaten zituzten euskal artzainek larrez larre, ardiak lasai eta zabal ibil zitezen. Egunak amaigabeak ziren, eta ardi-zaintzaileak erne zeuden bitartean artaldea behar bezala elikatu zedin, beren izenak, pentsamenduak eta fantasiak grabatzen zituzten zuhaitzen azalean. Gehienek izena eta data idazten zuten, baina ausartagoak ere baziren, beste gai batzuei buruzko testuak edo marrazkiak zizelatzen zituztenak, hala nola beren sinesmen politiko edo erlijiosoak, euskal aberria edo emakume baten desioaren irrika aseezina.
Artzainek jarduera plastiko hori beren entretenimendurako baino ez zutela egiten pentsa zitekeen arren, idazkunek oso funtzio praktikoa betetzen zuten; izan ere, ondoren etorriko ziren aberkideei artzaintzarako larre gozoen berri ematen zieten. Artzain batek leku berean behinola egon ziren artzainen inskripzioak aurkitzen zituenean, eta behinolako artzain haiek denbora nahikoa izan bazuten beren grabatuak inguruko hainbat makaletan gauzatzeko, bazkaleku aparta zen seinale, artaldea larreratzeko ezin hobea. Gainera, idazkun horiek topatzeak adorea ematen zion, kultura edo ondare berbera partekatzen zutela sentiarazten zieten, eta lehendik zeuden inskripzioei berea gehitzera bultzatu.
Aiztoa edo labana zen pentsamendu horiek zuhaitzetan irudikatzeko behar zen guztia. Hautatutako enborrean ia ikusten ez zen ebaki txiki baten bidez, grabatu nahi ziren hitz edo irudiei forma ematen zitzaien. Urratuak bizpahiru urte behar zituen antzemateko; beraz, naturari bere lana egiten utzi behar izaten zion egileak. Esan liteke artzainak ‘itsu-itsuan’ zizelatzen zuela, eta ez zekiela zertan eraldatuko zen makalaren azalean agertzen zena, zuhaitza bera beratara hasiko zelako lanean, ebakia amaitu bezain laster. Zauria sendatzeko prozesuak ilundu egiten zituen pixkanaka-pixkanaka makal-zur zuriaren gainean, denborak aurrera egin ahala, gero eta gehiago nabarmentzen ziren markak. Zizelkari aditu batek bazekien zuhaitz aproposa eta tresnarik egokiena aukeratzen, ebakidura oso fina eta sakonera zehatzekoa egiteko, orbain perfektua sor zedin. Txundigarria da euskal artzainek egindako grabatu askoren edertasuna, kontuan hartuta landa-eremutik zetozela eta ez zutela inolako prestakuntza grafikorik ez artistikorik.
Bizi-adierazpen herrikoi horiek gizon haiek zituzten sentimenduak kanporatzeko premiari erantzuten zioten, arrastoa uzteko eskura zuten ingurunean: naturan, alegia. Pertsona apalen adierazpen grafiko eta idatziak dira, barru-barrukoak eta benetakoak, Ipar Amerikako mendebaldeko basoetan kontzentratuak eta euskaldunen iragan migratzailearen errealitatea islatzen dutenak.
Sortu ziren leku berean, zeuden zeudenean, daude oraindik ere horietako hainbat. Zoritxarrez, baina, ezingo dira geroko gorde, ezingo dute betiko iraun, ezingo dute erlojuaren aurkako borroka latza jasan. Zur bizian grabatu ziren, eta euskarritzat hartu zuten zuhaitzaren bizitzari lotuta dago berena ere. Naturaren ibilbideak berak dakar horiek desagertzea, beharbada, eta, modu sinbolikoan, euskal artzainek Estatu Batuetako mendebaldeko belardietan zuten presentziaren amaieraren testigantza emanez.
Zuriñe Goitia – Antropologoa
Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa