Iraganeko ondarea eta ezagutzak belaunaldiz belaunaldi transmititu izan dira, eta transmisio hori ahoz egin izan da mendeetan zehar. Holan osatzen eta moldatzen joan dira osagaiak, lanak, jarduerak eta kontakizunak, gaur egun ezagutzen dugunera heldu arte. Horixe da komunitate bakoitzaren kultura-ondarea.
Hala ere, prozesu historiko honetan, gorabehera asko gertatu dira, eta lekukoentzat (igorleentzat) halabeharrezkoak izan arren, tradizioa aldaezina dela esaten jarraitzen dugu. Hortik dator hitz horren zentzu nagusia, eremu soziokulturaleko lanak eta hipotesiak adierazteko balio duena. Adituek eta jakintsuek hitz horrekin batera pareko beste batzuk ere erabiltzen dituzte: folklorea, sasi-folklorea, revival eta eratorriak.
Ez da kontu hutsala, alderdi erlatibo horri erreparatzen badiogu, hizkuntzaren bidez transmititzen baita, gaur egun inmaterial esango genukeena. Izan ere, tradizio hitza da herri mailan gehien erabiltzen dena zerbait norberarena edo “bizitza osokoa”, edo “betikoa” dela defendatzeko eta zabaltzeko.
Hala ere, hitz horren esangura ez da beti gaur egunekoa bezalakoa izan, ezta erabilera ere. Horretarako, agian, hitzaren jatorria aztertu beharko genuke; ibilbide luzea duela dirudien arren, hainbesterako ez delako. Hiztegietan bilatuz gero, XVIII. mendearen hasieran agertzen da lehenengoz, antzinako zerbait adierazteko, gurasoengandik seme-alabengana transmititu dena, etenik gabe eta belaunaldiz belaunaldi. Hori hala izan da XX. mendearen azken herenera arte.
Batzuetan, tradizio berbaren sinonimo gisa erabiltzen da ohitura hitza, jatorrian herriaren legeei eta ohiturazko zuzenbideari lotua dagoena. Amaitzeko, Folklore hitza (folk = herri + lore = jakintza), XIX. mendearen erdialdean W.J. Thomsek sortutako neologismoa da. Ikerketa arlo edo diziplina gisa sortu arren, aurreko mendearen hasieran, aipatutako berben baliokidetzat erabiltzen hasi zen.
Tradizioa, ohitura edo folklorea izan, ez da lehenaldiko ondare material edo inmateriala, magia-trikimailu baten bidez norbaitek orain 3.000 urte asmatu eta guk “arkaikoa” edo “antzinakoa”, eta antzeko kalifikatzaileekin apaintzen duguna. Oro har, anonimotzat jotzen da eta pertsona edo talde batek “sortutakoa” da, lekualdaketa geografikoarekin edo gabe. Laburbilduz, jakinaren gainean edo konturatu gabe, etengabeko prozesu baten emaitza da. Denboran zehar, gorabeherak gorabehera, une bakoitzeko egoera eta errealitate soziokultural eta politikoetara egokituz eta moldatuz, bizirautea eta behin eta berriro birsortzea lortu du.
Emilio Xabier Dueñas
Folklorista eta etnografoa