Etnografia atalak

Txakolin(a) historikoki penintsularen iparraldean ekoitzi izan den eta urte batzuetatik hona Euskal Herrian jatorri izendapena duen edari alkoholdun baten izena da.

Esparru sozio-kulturalean, edari hori zerbitzatzen eta dastatzen zen gunea (eraikina, lokala, etab.) izendatzeko ere erabili izan da.

Alabaina, badu izenak beste esanahi bat, ezezagunagoa; hain zuzen ere, Bizkaiko, Gipuzkoako eta, hain zabalduta ez badago ere, Arabako lurraldeetan askotariko koreografia, doinu eta letra aldaerekin ezaguna izan den dantza bat izendatzen du.

R. M.ª de Azkuek bertsio bat baino gehiago bildu zituen, eta lan honen egilearen landa-lan batean ere (1) dozenaka jaso ziren, gehien-gehienek ahapaldi nagusia berdintsua dutelarik:

“Txakolin, txakolin,

txakoliñek on egin,

txakoliñek emongotso

Maritxuri zer egin.”

Txakolin botilak eta dastaketa, nekazaritza azoka batean (1995). Argazkia: E. X. Dueñas.

Erdi dantza erdi trebetasun jolasa da, eta, haren letra kantatuz dantzatzen zuten gazteek zein helduek ―gizonak ia beti―, tabernako astialdietan; apustuak ere egiten zituzten, hura bizkorren nork egingo. Ardo edo txakolin pitxer bat izan zitekeen saria. Plazan ere egiten zen dantza, erakustaldi gisara.

Denborak aurrera egin ahala, dantza taldeek beren errepertorioetan sartu dute, eta haurrek ere hartu dute lekukoa, eta topaketa eta alardeetan dantzatu ohi dute.

Koreografia sinplea du, baina ez erraza, baldin eta abiadura bizian egin nahi bada, trebezia erakusteko: jartzen dira lurrean, gurutze (edo gezi) forman, bi makila, erratz, burdin, gerriko edo antzeko zeozer. Txistuaren edo/eta kantuaren doinuan jauzi egiten da, ahal izanez gero oinak paralelo direla, objektu horiek ukitu edo bota gabe, betiere. Gogoan dut behin bizitako pasadizo bat: Gorbeiako artzain bat, Zeanurikoa bera, saiatu zen behin eta berriro egiten Txakolin dantza, akatsik gabe eta tximista bezain bizkor, baina makilak behin eta berriro bota besterik ez zuen egiten. Hori bai, aldi berean, etengabe kantatzen zuen: “Txako ta txako, txako ta txako, txako ta txako, txako ta txako, txako ta txako, txakolin, txakolin, txakoliñak on egin”.

Txakolin. Lauro (Loiu, 1987). Argazkia: E. X. Dueñas.

Azpimarratzekoa da dantzaren testuingurua; izan ere, bazuen halako tabu ukitu bat, debekatua denaren kutsua, edo, gutxienez, espazio pribatu eta itxietan oso ortodoxoa ez zenarena.

Tipologia hori ez da eskualde horretako esklusiboa: Zuberoan, bada makila dantza bat lurrean gurutze modura jarritako makilen gainean jauziak eginez dantzatzen dena. Eskozian eta Irlandan, gurutzea osatuz jarritako bi ezpataren gainean dantzatzen dute dantzariek Sword Dance deritzona. Katalunian, Ball de bastons edo Ball de l’Heure Riera egiten dute. Finlandian, Tikku Tanssi. Eta Brasilen ere ikusi dugu lurrean jarritako makilen gainean filigranak egiten dituztela.

Edonola ere, zehaztu beharra dago ez dela denetan gizarte-testuinguru bera, eta horrek egiten duela berezia txakolina edo txakolin dantza; berezia iraganean eta berezia orain.

 

Emilio Xabier Dueñas – Folklorista eta etnografoa

 

(1) Dueñas, E. X. Danzas-juego de Bizkaia. Argitaragabea, 1987.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~