Mendeak zehar, etxeko lanetan eta familiari loturiko eginkizunetan aritu izan dira emakumeak, salbuespenak salbuespen. Beren betebeharren artean zegoen, besteak beste, elizan familiaren hilobia zaintzea ere.
Alabaina, zeregin horietatik aparte, makina bat lanbide eta eginkizun daude nagusiki emakumeek bete izan dituztenak eta, oro har, bigarren mailakotzat hartu izan direnak. Adibidez, emagin, jostun, maistra, bendejera, esnezale… lanak; eta saregile, neskatila, sardinera eta txirlari lanak, kostaldeko herrietan.
2018an, Busturiko emakumeak, bizitzaren ardatzean bideo kontakizuna osatu genuen, Busturiko Udalaren eskariz. Lan hura osatzeko, herriko hainbat emakumeri elkarrizketa egin genien. Eta bizitzan zehar askotariko lanetan aritutako emakumeekin elkartu ginen; esate baterako, Rosa Mari Mintegirekin, zeina aritu baita azken bi hamarkadetan txirlari lanbidean, modu profesionalean. Hona hemen, labur azalduta, zertan datzan bizibide hori.
17–20 emakume bitarteko talde bat itsaskitan ibiltzen da, oinez, Urdaibaiko itsasadarrean, itsasbeherak irauten duen sei orduetan. Hondarretan erdi hondoratuta egoten diren txirlak edo almeja finak biltzen jarduten dute urritik otsailera bitartean, nahiz eta, askotan, martxora arte luzatzen den txirla sasoia. Urtean sei hilabetez lan egin, eta sei hilabetez atseden hartu, beraz, baina, bitarte horretan, gizarte segurantzako kotizazioa ordaindu arren, kobratu gabe.
Almejak hondarretatik ateratzeko, eskularruak eta gider laburreko aitzurtxoa erabiltzen dute, eta balde batean gordetzen dituzte bildutako aleak. Hondarretan ikusten diren bi zulo txiki-txikik erakusten dute non dagoen txirla: begiak deritzen bi zulotxok. Topatutakoan, aitzurraren puntaz hondarpetik ateratzen dute. Pistarik ezean, eremuka zulatzen dute hondarra txirlak aurkitzeko, aitzurrean eginez. Elkarrizketa egin genion emakumeak jakinarazi zigunez, azkenaldian hondar asko sartu da, eta okerragoak dira lanerako baldintzak.
Azaldu zigun lan gaitza dela, oso gorputz jarrera deserosoan egon behar baitute —kebrauta amaituten dozu eguna, dio, hitzez hitz—; baina, hala ere, entretenigarria, konturatu gabe igarotzen delako denbora.
Txirlak 38 mm-ko neurria izan behar du, gutxienez. Harrapaketak egunaren arabera, itsasaldien arabera, ilargiaren arabera eta eguraldiaren arabera izaten dira; eta, esate baterako, egun batean bil ditzakezu zortzi ale eta beste batean zortzi kilo. Berak zioenez, kapritxosoa da almeja: ez du atsegin haizea, eta nahiago ditu egun grisak —egun ustel-usteltxuak, diosku—, zirimiria –edo txirimiria, han esaten dioten moduan– eta lainoa.
Garai batean, txirlariak berak arduratzen ziren bildutakoa saltzeaz, partikularrei edo inguruko jatetxeei. Aurrerago, baina, legez arautu zen bildutako txirla guztia Mundakako lonjara eraman behar zutela, handik egin zezaten banaketa.
Lanbide honen sekretuak ametatik alabetara transmitituz joan dira, eta badira tradizio luzeko ibilbidea duten zenbait txirlari familia.
Akaitze Kamiruaga – Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa