Etnografia atalak

Txistulariak Bermeoko madalenatan, 2013.

Antza denez, historiaurretik katalogatzen da landa-txirulen erabilera, baina Erdi Arotik aurrerakoa da Mendebaldeko Europa osoan (Italia, Frantzia, Espainia, Portugal, Amerika, etab.) garatu eta hedatu zen iraultza musikala: hiru zuloko txirularen eta danbolinaren konbinazio melodikoa, pertsona bakar batek interpretatuta (juglareak eta ministrilak). XVI. mendean, jauregiko dantzak irakatsi ez ezik, nobleziaren torneoak eta ospakizun sozialak ere girotzen zituzten. Ezohiko egoera horretan oinarritu ziren klase herrikoiak eta figura hori bereganatu zuten beren ospakizun erlijioso, zibil, jai, prozesio, erromeria, protokolozko ekitaldi edo animazio ibiltarietan. Harrigarria bada ere, guztientzat “danbolin-jole” (tamborilero) izen orokorra erabiliko dute. XVIII. mende inguruan, musika arloan izan zuten bilakaera eta garapenarekin, bai esparru nobleetan bai plebeioetan, lehia bizia sortuko da musika irakurtzen zekitenen eta ez zekitenen artean (prestigioa eta kontratazioetan eta hobeto ordaindutako eskaintzetan hobeto kokatzea bilatuta).

Txistularia. Jose Arrueren irudia.

Beraz, gure “txistulari” ezagunek bi instrumentu hauek partekatu dituzte (txirula eta ttun-ttuna, soiñua edo salterioa ahaztu gabe) beste hainbat lekutako parekoekin: Oxforden (pipe and tabor), Korsikan (pipaiolu edo tamborinu), Bearnon eta Gaskoinian, La Provencen (tambourinaire), Portugalen (tanborileiro Alto Dueron eta Alentejon), eta Espainian (Kantabria, Asturias, Burgos, León, Zamora, Salamanca, Extremadura, Huelva, Huesca, Katalunia, Balear Uharteak edo Tenerife); XVI. mendetik XVIII.era gizarte-bizitzako esparru guztietan izan zuten goren mailatik eta monopoliotik gaur egun dituzten geografia- eta funtzio-gune mugatuetara. XIX. mendean gainbehera bizkorra etorri zitzaien, beste tresna batzuk eta musika- eta dantza-moda batzuk sartu zirenean; XX.enean, Euskal Jaietan egindako ahaleginei esker lehenengo, eta urte batzuk geroago Txistularien Elkartearen sorrerari esker, berreskuratu eta berpiztu egin dira eta gure ondare kulturaltzat hartzen ditugu.

Baina talde instrumental horren eta jotzaileen ezaugarri komunetako bat goraldiko mendeetan zehar izan zuten funtzio instituzionalizatu eta orokorra da. Ikasketa teknikoa eta musikala begiz edo belarriz, edota puntako maisu baten babespean egiten zen. Eta egoera ekonomikoaren eta bakoitzaren trebetasunaren arabera, batzuek euren musika-tresnak ere egiten zituzten. Jaietarako kontratazio publikoa (udalek bere gain hartu arte) herriko gazteen esku egoten zen; euren ardura zen harrera egitea, lotarako lekua eta mantenua ematea, eta jaietako eginbeharretan laguntzea. Ez zen harritzekoa izaten noizbehinka konpromisoren bat zela eta, osagarri ekonomikoren bat ere bilatzea.

Jaietako betebehar ugarien artean, honako hauek aipatu daitezke: dantzaldietan musika animazioa ipintzea, jai bakoitzeko dantza erritualen zuzendaritza (musika eta/edo dantza), jaietako ekitaldietan egin beharreko protokoloak (bezperak, dianak edo alboradak, agintarien bila joatea eta eurei laguntzea, bazkalosteko emanaldiak edo etxeetara kortesiazko bisitak egitea, dantza publikoak animatzea edo jaiei amaiera ematea). Bere izen ona eta tradizioari eustea baldintza hauen araberakoa zen: interpretatzeko gaitasuna edo errepertorio-barietatea, jai-giroan luzatzeko gaitasuna, eskatzen zieten musikara egokitzea; edo hain gutxi izanik, hurbiltasuna edo aisialdi kolektiboa dinamizatzeko aldez aurreko jarrera.

 

 

Josu Larrinaga Zugadi

Soziologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~