Etnografia atalak

0

Kutxa Entrega, Hondarribian (2022/07/25). Argazkia: E. X. Dueñas

RAE hiztegiaren arabera, adiera hauxe du identitate hitzak, beste batzuez gainera: “gizabanako baten edo talde baten berezko ezaugarrien multzoa, besteen aldean ezaugarritzen dituena”. Eta hitz horren sinonimotzat ematen ditu identifikazioa, filiazioa eta nortasuna… Nik hauek erantsiko nizkioke, besteak beste: berezitasuna eta sustraia (jatorria); betiere, ahaztu gabe identitateak lehia sortzen duela –ona nahiz txarra– zenbait kirol, ospakizun eta abarretan.

Urteko jaiak eta, bereziki, udakoak identitate ikur eta elementu sinboliko orokor nahiz espezifikoz beterik daude; bai alderdi materialetik bai alderdi immaterialetik. Nork ez ditu entzun “festa hau betidanikoa da” edo “hau ez da beste inon egiten” tankerako esapideak –dagoeneko aritu gara horretaz blog honetako beste artikulu batzuetan–.

Edozein elementu babesten da banakoaren, taldearen, auzoaren, herriaren, lurraldearen eta abarren bereizgarri gisa. Herri askotan egiten dira festak, baina norberarena izan ohi da berezia, baita besteak baino hobea ere. Are gehiago: urte batekoak ez du aurreko urtekoaren batere antzik izaten, ezta izango ere hurrengo urtekoaren antzik, toki berean izan arren. Une bat sekula guztiz berdin-berdin errepikatzen ez dela esatea bezala da hori, zeina baita egia.

Jaietako zapiak: Lizarra (2023-08-06) eta Muskildi (2015). Argazkiak: E. X. Dueñas

Festa bat besteak ez bezalakoa egiten duen eta, beraz, festari maila identitario jakin bat atxikitzen dion ezaugarrietako bat kuadrilla, konpartsa edo talde bakoitzaren izena edo janzkera da, nahiz eta festa desberdinen artean antzekotasun handiak egon ezaugarri horretan ere. Herri jaien berezko kolorea kolore zuria izatea XIX. mendearen amaierako ezaugarria da.

Gerora, zapia nagusituz joan da, beste edozein modaren antzera. Kolore eta tamaina guztietako zapiak. Zapi koadroduna lanerako erabiltzen zen bere garaian, eta ez oro har, izerdia kentzeko edo saskia buru gainean eramateko, eta, denboraren joanean, talde askoren eta, oro har, komunitateen identitate ikur bihurtu da (zapiari irudi grafikoak erantsita nahiz bere horretan).

Lekeitioko Kaxarranka (2019/06/29) eta Garaiko dantzarien bandera (2019/07/26). Argazkiak: E. X. Dueñas

Jaietako elementu, ekitaldi eta jardueretan hainbeste identitate ikur aurki daitezke herri ikuspegitik, non artikulu honetan ez baitago guztiak aipatzeko lekurik. Adibide gisa, nolanahi ere, hona hemen batzuk: kilin-kala edo San Pedroren irudia uretara iraultzeko keinua, Kaxarranka eta portuan antzarari lepoa moztea, Lekeition; Onin errekako petrilen gaineko Zubigainekoa dantza, Lesakan; San Pedroko (Hondarribia) Marinelen Kofradiako kide baten alabak kofradiaren dokumentuen kutxa buru gainean duela ematen dituen bueltak; edo Katxi lurrera iraultzea, Oiongo bandera astintzen den bitartean.

Zapi, bandera, jantzi, ospakizun eta abarrak identitatearen kausa eta efektu bihurtzen dira. Ezin esan liteke herritar guztiek berdin eta suhartasun beraz aldarrikatzen dituztenik herri edo entitate bateko kidetasuna edo, kasu honetan, ospakizunak, baina hainbesterainoko garrantzi soziala dute, ezen zaila baita identitate edo identifikazio erakarpen horretatik aldentzea: bere jaiak bestelakotzat eta, hortaz, esklusibotzat eta benetakotzat jotzen dituen talde bateko kide izateak eragindako erakarpenetik aldentzea.

Emilio Xabier Dueñas – Folklorista eta etnografoa

 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~