Etnografia atalak

0

Luis Manuel Peña. Labayru Fundazioko Argazki Artxiboa.

Argazkian agertzen den objektua ezaguna da guztiontzat. Hau, halere, benetan da berezia, Karrantzako Haranean (Bizkaia), ni bizi naizen tokian, landa giroko lurraldean jartzen den lehena delako. “Hiri-ornigarriak” deritzenen parte dira. Kaleko argiak duela hamarkada gutxi jarri zizkiguten, saguzarren poztasunerako, haien inguruan biraka ibiltzen ziren gauez eta. Ondoren, espaloi batzuk egin zituzten, eta Karrantzako Haranaren erdialdean, behiak nagusi ez diren lekuan, ‘zebrabide’ batzuk margotu zituzten.

Semaforo hau instalatzeak zer pentsatua eman dit, azken urteotan urbanizazio-prozesua gero eta handiagoa delako, eta ez gure gizarteak lurra hormigoizko azal gogorrez estaltzeko egiten duen ahaleginagatik bakarrik, baizik eta urbanizazio-prozesua pentsamoldeetan ere hedatzen delako, horiek eraldatuz eta berdinduz.

Etnografian aritzen garenok eta Jose Migel Barandiaranen eskolako kume garenok, badakigu gure ikerketan landa-eremuari gehiago erreparatu izan zaiola urbanoari baino. Barandiaranen lanarekin kritiko diren antropologoek, batzuetan, bere lanetan hiri-arloa, urbanoa, ez ikertzea egozten diote. Egia esan, munduko biztanleria gero eta gehiago kontzentratzen ari da hirietan, eta, horregatik, oztoporik gabe ari dira hazten. Prozesu hori landa-pentsamendutik ulertu ezina da. 

Autokritika egin nahi nuke landa-munduan jaio eta bizi garenok elkarrekin hausnarketa egiteko daukagun ezintasunaz; horrela ikusi ahal izateko bizitza honek dituen alderdi onak eta gabeziak. Orduan, hiriak eman dezakeen positiboa har genezake, gure balioak gordez. Baina beldur naiz ez dela hori gertatzen ari: sarritan hiritarren bizioak hartzen ditugu gure idiosinkrasia urtzen den bitartean. Eta hori guztia gure herriak odolusten dituen giza odoljarioari begiratzen diogun bitartean. Landa eremuan bizi garenok hausnarketa hori egiten ez badugu, hiriko ikuspuntuak gailenduko dira beste guztien gainetik. Hori nabarmen ere nabarmena da animaliekiko harremana ulertzeko moduan gertatzen ari den talkan. Azkenean, gure kultura museo etnografikoetan eta testu antropologiko batzuetan zokoratuta geratuko da.

Landa-bizitza ondoen ezagutzen dutenak adineko pertsonak dira, baina askotan ez dira gai beren pentsamendua modu deskriptiboan adierazteko. Horren ordez, anekdota itxurako iruzkinen bidez komunikatzen dira, baina behar bezala aztertuta, beren ikuspegi zehatza erakusten duten azalpenak dira. Aspaldian baserri bateko adineko emakume bati medikuarengana lagundu nion. Esan behar da nire gurasoen belaunaldiko asko —eta zer esanik ez nire aitona-amonen belaunaldikoak— hirira mediku espezialistengana baino ez dira joaten. Semaforo baten aurrean geldirik geundela, esan zidan: “Zein esanekoa den jende hau, guk elorri-alanbrea edo artzain elektrikoa jarri behar dugu ganaduak gurutzatu ez dezan, hemen gizontxoa gorri jartzen da eta denak gelditzen dira”.

Luis Manuel Peña – EtnografiaSaila – LabayruFundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~