Blog honetan hitz egin izan dugu, beste batzuetan, Gabonez eta tradizioez. Are gehiago, neguko ziklo honi buruz hausnartzen dugunean, halabeharrez eta zuzenean gure ohitura “zahartzat” hartzen ditugu, testuingurutik kanpoko zerbait esatearren.
Hain zuzen ere, orokortuz, XX. mendean, Gabon Gaua familiarekin ospatzetik edo, gehienez ere, auzokoekin solasaldi, dantzaldi eta abestaldi artean egotetik, edota oilar-mezara joatetik, Urte Zaharrean irten eta taberna eta kotilioietara joatera igaro gara; hala, familiarteko giroa Errege bezperara eraman dugu.
Gabonak mundu osora zabaldu dira, eta, halabeharrez, neguko solstizioarekin lotutako zenbait erritual ordezkatu ditu; horren adibide da, esaterako, Inuzente Eguna: jazarpen eta infantizidio masiboa. Bitxia bada ere, hainbat mendez historiatzat jo izan dena, hau da, ustez fikzioa baino gehiago errealitatea zena, guztiz bestelakoa dela ikusi da azterlan sakonetan, egun horretan komunikabideek zabaltzen dituzten albisteen moduan. Are gehiago, sare sozialak sortu direnetik, gezurrak edo fake direlakoak eguneroko bihurtu dira gure bizitzetan, eta ez egun hauetan soilik.
“¡Inocente, inocente,
que llevas la carga
y no la sientes!” (Bilbo)*
“Iñusente, potente,
txasko, txasko,
burua(ren) erdian
sartu dautse!” (Lekeitio)*
Abenduaren 28an bertan, eta alde batera utzita San Nikolas haurra Elizako ordezkari gisa gotzainez mozorrotuta koroatzen duteneko ospakizun erlijiosoa, ezin dugu ahaztu plastikozko armiarma bat jarri duena, edo doministiku egiteko hautsak zabaldu dituena, harridura, ezustekoa edo barrea, edo bi gauzak batera eragiteko.
Egia da halako txantxak jadanik ez direla egun horretan soilik egiten, baina egun horretako berezkoak izan dira gure iraganeko historiaren zati batean, eta oraindik ere hala izaten jarraitzen dute. Mende bat edo gehiago duen adibide argi bat ere badugu, txantxa «astun» deritzenetan: erroldeak edo errondak. Halakoetan, gazte-taldeek, Urte Zahar gauean egiten zuten paseoan, baserritarrek plazan erabilitako orgak lekuz aldatzen zituzten, besteak beste. Batzuetan, irauli eta alderantziz jartzen zituzten, eta, gehienetan, zuhaitzetara igotzen zituzten. Hurrengo egunean, jabeak, txundituta, ageriko trabak izaten zituen bere lana egiteko.
Segur aski, oraindik ere halako txantxak egingo dira urteko momentu horretan eta beste batzuetan, aipatutakoa izan ez arren; baina hirietan, arlo publikoan eta pribatuan, jaietako osagarriak janztea ohiko bihurtu da, aniztasunaren kontuagatik eta nazioarteko moda berrien etorreragatik.
Halaxe, Urte Zaharrean eta Urte Berrian, berotasunak jota, hainbeste petardo, su artifizial, kanpai-hots eta tramankuluren artean, askotariko osagarriak gehitzen eta agertzen dira: serpentinak, konfetia, txanoak, ileordeak, atso-miztoak, lepokoak, ordezko sudurrak, betaurrekoak eta mozorroak, maskarak, baita gala- eta mozorro-jantziak ere, uneko bat-batekotasunetik harago.
Gabonetako garaian edo, nahi bada, neguko solstizioan, euskal gizartearen ongizatearen atalean gertatutako aldaketak jai horiek ospatzeko askotariko moduak ekarri ditu, eta, modu horiek, adin-kategoria gorabehera, erreferente bat dira pertsona bakoitzaren bizitzan.
Emilio Xabier Dueñas
* DUEÑAS, Emilio Xabier; LARRINAGA, Josu Erramun (2011). Haur Folklorea Euskal Herrian. Irakaskuntzako materialak = El Folclore infantil en Euskal Herria. Materiales para su enseñanza. Jentilbaratz. Cuadernos de Folklore 13. Donostia: Eusko Ikaskuntza; 474.-475. or.