Negua gure kulturan sasoi iluna izan da, hotz dago, argi-ordu gutxi, soroetan lanik ez, uztak batuta daude.
Garai batzuetan aldi horretan hainbat eske-erronda egiten izan dira, gazteek batez ere. Batzuk erronda luzeak, talde handiek eta ondo antolatuek egiten dituzte, Marijesiak edo Abendua, eta gaur eguneko Olentzero kasurako.
Baina horietako bi Gabonetan etxeko umeek familiartean edo auzorik hurbilenekoen artean egiten zituztenak dira. Zituztenak diogu, nahiko galduta daudelako.
Bata Urtebarri egunekoa da. Oraingo umeen artean arrasto gutxi geratzen bada ere, lehenago normala zen (neu ere ez naiz ibili bakoa) umetan osaba-izekoei erdi txantxetan erdi benetan abestu eta paga eske ibiltzea.
Gure herrian, Bedian, kantu hauek batu izan ditugu:
“Urte zaharra joan da, barrie etorri
ni enoa hemetik ezer emon barik”.
“Urte barri barri
dekonak ez dekonari,
nik eztekot eta niri,
ezpabere txarri belarri.”
“Aingeruek gara
zeruti gatoz,
emon limosnea
por amor de Dios.”
Bigarren hori Markinan ere berdin jasota daukagu. Eta Berrizen beste hau batu dugu:
“Urtebarri barri,
daukonak ez daukanari,
zuk badaukazu emoiguzu,
ez badaukazu zuzenduizu.
Aginaldo Jaungoikoagaitik,
cantaremos dos,
en caso de aguinaldo
Jaungoikoagaitik.
Kantereten bat,
maileretan bi,
ekazu aginaldo
Jaungoikoagatik.”
Bigarrena Erregen eguneko eske-erronda da. Orduan ere berdin, umeek elkartu eta auzoan bertan etxerik etxe eskean joaten ziren abestuz. Kantua antzekoa da batu dugun herri guztietan, baina oso galduta dagoenez, aipamenak lausotuak daude, ez da erraz ulertzen. Gainera, herritik herrira badira osagai ezberdinak ere: Martiniko, estudianteak, katuak oilandak eroan, gerezi txikia…
Hona Bedian bertan Mª Victoria Garaik eta Paben Uribiondok emandako kantua (luzeagoa zela dio Pabenek):
“Apalazio zaldune
hiru erregen egune.
Hiru erregek bialdu gaitu
limosnatxu bat biule.
Zotzak eta paluek
Martinikon kontuek.
Martinikori eroan dotsiez
hiru oilanda katuek.
Hareen hazurrak batu ezinik
harek dabilz saltuek.
Tiritaina Mari Montaña
Intxaurtxu bi eta lau gaztaina.”
Gaur egun galduta dago ohitura, eta kantua nahiko nahastuta heldu zaigu. Bertan esaten den moduan, etxekoek intxaurrak eta gaztainak ematen zizkieten, geroago dirua ere bai.
Berri-emaileren batek esan izan digu Urteberri nesken eguna izaten zela eta Erregen gizonena. Horregatik, Urteberri egunean neskek mutilei kantatzen omen zieten “Urtebarri barri”, eta Erregenetan mutilek neskei “Erregen, erregen”.
Berrizen beste aldaera hau jaso dugu:
“Erregen, erregen, Mari montaina
lau intxaur eta bost gaztaina.
Hiru Erregen eguna
zotzak eta paluak,
estudianteen kontuak
estudianteak sasi-sasi (sasi-eskola)
asko jan eta gutxi ikasi.
Keriza txiki beti
aurten da zure urtea
hemetik aurrera egingo’tsut
heldu eta jan eta bakea.”
“Erregen, Erregen Mari montaina,
zazpi intxaur eta zortzi gaztaina,
haren ganean lau sagar,
nik bai altzoa zabal-zabal.”
Igone Etxebarria
Labayru Fundazioa
Gehiago ikusi herriondarea.eus:
Busturia: http://herriondarea.eus/eu/ficha/urtebarri-eta-apalazio?map=1
Zamudio: http://herriondarea.eus/eu/ficha/apalazio-eguneko-kantua?map=1
Dima: http://herriondarea.eus/eu/ficha/erregen-eguneko-kantua?map=1
Basauri: http://herriondarea.eus/eu/ficha/urtebarriko-errezitadua-1?map=1
Bedia: http://herriondarea.eus/eu/ficha/urtebarri-1?map=1
http://herriondarea.eus/eu/ficha/urtebarri-eskea?map=1
Berriz: http://herriondarea.eus/eu/ficha/urtebarrikoak?map=1