Urteko azken lau hilak ditugu hizpide honako honetan. [Ikus Urteko hilak euskaraz (1) eta Urteko hilak euskaraz (2)]
Irail. Hona hemen ‘ira-hila edo -ilargia’, ira + (h)il, leku batzuetan garoil deitua, garo + (h)il, horixe berori adierazteko. Buruil forma jakingarria ere badugu. Iritzi ugari dago hitz horren inguruan, buru lehen osagaiak bai ‘burua edo hasiera’, bai ‘errematea edo amaiera’ esan nahi baitu. Horregatik, batzuek, esaterako Vinsonek, euskal nekazarien egutegi zaharraren lehen hiltzat jotzen dute iraila, eta beste batzuek, berriz, hala nola Wagnerrek, Campiónek edo Caro Barojak berak, azkentzat. Horren interpretazio desberdinak ulertze aldera, Caro Barojaren hitzak berreskuratuko ditugu: “bistakoa da hasiera batean hil batzuk ez zetozela bat egutegi latindarraren hilekin”.
Urri. Itxuraz etimologia gardena duen izen hau, urril eta urrieta aldaerekin batera, dirudiena baino ilunagoa da. Astarloak ‘eskasi-hila’ bezala interpretatzen ditu, baina ez da, egia esateko, gauza guztiz ziurra. Argiagoa da, ezezagunagoa bada ere, bildil formaren esanahia: ‘biltzearen hila edo ilargia’, alegia, Caro Barojaren arabera.
Azaro. OEHk forma honen etimologia ematen digu: (h)azi + aro. Azil aldaera, Caro Barojak ‘hazi-hila edo -ilargia’ bezala ulertzen duena, baita latinetik datorren zemendi (Erdi Aroko latinezko sementia hitzetik, eta hori semenetik) eta zemendil hibridoa ere esanahi berekoak lirateke. Eta badugu beste forma bat, nekazaritzarekin erabat lotua eta ez hain ezaguna: gorotzil ‘gorotz- edo simaur-hila edo -ilargia’.
Abendu. Gaur egungo egutegiaren urteko atzenengo hil honek etimologia latindarra du; izan ere, advenire ‘heldu’ aditzetik datorren adventus izenetik eratorria da, eta Kristoren etorrerari egiten dio erreferentzia. Abendua izendatzeko ditugun beste bi hitz ere aipatuko ditugu, zein baino zein ederragoa. Bata lotazil da, Caro Barojaren esanetan ‘hazia erne edo ernamuintzen den hilabetea’ litzatekeena, eta neguil ‘neguko hila edo ilargia’ bestea.
Hizkuntzaren diakronian zehar ibilalditxo linguistiko eta etnografiko polita egin dugu. Eta, amaitzeko, aipamen berezia egingo diogu Caro Barojaren Sobre la religión antigua y el calendario del pueblo vasco antzinako euskal egutegiari buruzko lanari, gogo-begietan izan dugu-eta argitalpen honetarako. Bereak dira gure azken-aurreko hitzak: “agerian geratzen da, behinik behin, euskal egutegiak ilargiarekin, jatorriz, eta, gerora, nekazaritzarekin duen lotura estua”. Orain guri dagokigu altxor hori zaintzea, betiko iraun dezan.
Joseba Santxo Uriarte – Filologo eta ikertzailea
Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa