Zazpitxaboleta Belatxikietako tontorraren azpian dagoen zelaia da, pagadi txiki, heze eta gozoa izan zuena eta alboratxoago, momentuan abelazkuntza hain indartsua zeneko, zazpi ardi-korta. Inguruetako biztanleek antzinatik aukeratutako parajea, lanbide horretarako aukera ezin hobeak eskaintzen zituelako. Erdi Arotik aurrera kortabasoz jositako ingurua, abaro tokiarekin, errekasto egarri-asegarriekin eta abereak larratzeko larre eta haitz-bitarte umelekin.
Beste alde batetik, inguruetan nahiko piztia kaltegarriak ere izaten ziren eta haiei aurre egiteko Mugarran hasi eta Aramotzerainoko pastoreak azeri-batzarretan elkartzen ziren arazoari aurre egiteko. Batzarrak urte baten Mugarran egiten ziren eta hurrengo urtean Belatxikietan, eta horrelako batzar baten elkartuta zeudela Zazpitxaboleta inguruko lur-jabe berria izan zen Don Emiliano Zuloagak kezkatuta ikusi zituen pastoreak inguruan ermitarik ez zegoela eta, momentuan kristau-fedeak indar handia zuelako.
Ermita 1948ko azeri-batzarrean ipini zen martxan pastore haien ardurari erantzunez. Baimenak eskatu bai Elizari bai Udalari eta auzolanean egin zen beharra. Lana lau hilabete luzatu zen eta 1949ko uztailaren 30ean, San Inazio bezperan ur bedeinkatu ontzia ipinita amaitu zen ermita. Gau hartan su artifizialak egon ziren eta haiekin ikaraldi ederra ere sute txiki bat sortu zelako, udaberri hura oso sikua izan zen eta.
Larreako hermano Teodororen aholkuak jarraituz, aurretiaz aukeratu zen bertan izango zen santu titularra: Loiolako San Inazio. Benetan jende pilo itzela batu zen San Inazio egun horretan, jai ikusgarria egin zen bertan egun osoan, udako euri zaparrada batek jaiari azkena eman arte.
Aurrerantzean ermitak bere maiordomoak eduki zituen urte askoan, haien ardurapean zegoen ermita eta jaia. Gero aterpeetako bizilagunekin batera beste komisio bat eratu zen, eta azken urteetan ermitaren ardura alde batetik doa eta jaiarena beste batetik. Hasiera batean pastoreak eta abeltzainak elkartzeko tokia izatetik mendigoizaleen gogoko tokia izatera pasatu da, gizarteak hartu duen norabideak horrantz bultzatuta.
Urte askoan San Inazio, Zazpitxaboleta eta Belatxikieta askoren erreferente izan dira: erlijio jaia, euskaldun giroa, paraje ederra, eta askorentzat bizi-oroitzapen politak… Baina denborak aurrerantz egitean sinesteak eta ohiturak aldatuz joan arren, gaur egun ere gure herriko ermitarik bisitatuena dela esango nuke, ermita edota ingurua. Ez dago ikustea besterik azken urteetan Gabon eta Gabonzahar egunetan bertan batzen diren izugarrizko jendetzak, nahiz eta beste helburu batekin igo, baina bertara zeozerk erakarrita lez.
Ermita egin zeneko 75. urte honetan ez genuke ahaztu behar hurrengo kontuak: pastoreen kezka bati erantzuna eman guran egin zela ermita, auzolanean egin zela, eta askoren borondate onez. Gure lana da orain hareen ahalegina hurrengoei helaraztea ahanzturan jausi ez dadin.
Juan Martin Iriondo – Ikertzailea