Uda jaien garaia da, eta jaiekin batera dantzatzeko aukera izaten da. Gaur egun herriko plazetan dantzari gutxi ikusten bada ere, duela ez urte asko jendea dantza gosez zegoen, baina baltseoa edo “agarraua” izenaz ezagutzen zen dantza lotua egiteko debekuarekin egiten zuten topo.
Jadanik Areatza-Villaron (Bizkaia) 1897an antolatutako Euskal Jaiak zirela eta, El Nervión egunkariko J. Larrea kronistak honelako komentarioak egiten zituen irailaren 12ko alean: “… y en cuanto a las costumbres morales de Arratia, todo cuanto se diga es poco; baste con mencionar que en la romería celebrada el jueves último en Arteaga (Artea), se prohibió el valsear, y lo mismo sucede en esta villa, pues las autoridades no permiten que los “mutilleks” se agarren a las “neskatillaks” para bailar al son del tamboril”.
Urteak aurrera joan ahala Arratiako herri gehienetan debeku hori indarra galduz joan bazen ere, Zeanurin ez zen berdin gertatu. Hemen dantza lotua egitea 1963. urtera arte galarazita egon baitzen. 1943ko uztailaren 30ean, Zeanuriko alkateak zabaldutako agiri batean zera esaten zen: “No se admitirá para amenizar los festejos, más instrumento que el clásico tamboril quedando prohibido el llamado baile “agarrao”; no autorizándose más baile que el llamado suelto, es decir, a base de chistu y tamboril, que es el único que de tiempo inmemorial ha venido practicándose en esta anteiglesia”.
Autoritate zibilek baltseoaren aurkako jarrera gogorra mantentzen bazuten, pulpituetan ere ez ziren atzean gelditu.
Oraindik Zeanuriko edadetuek gogoratzen dute umetan abesten zuten dantza lotuaren aurkako abesti hau:
Jantzara mutilak
Itxi baltseo zikina!
Aurrera neskatxak
Ohitura garbiakaz
Aupa mutilak!
Gora neskatxak!
Zuen ohitura onakaz
Zapaldu beti
Jantza nahastua
Zorakeri guztiakaz
Egoera horrek desadostasuna, lotsa eta egonezina eragiten zituen Zeanuriko gazteengan, eta baltseoan egiteko Arratiako beste herri batzuetara, batez ere Artean igandero zegoen erromeriara, joaten ziren.
Esanguratsua da San Inazioetan Gorbeiako jaietan gertatzen zena: Zeanuri aldean, Igiriñaon, txistularien doinuarekin dantza soltean bakarrik egin zitekeen. Orozko aldean, Sastegin, berriz, soinularien doinuarekin baltseoan egiteko aukera zegoen, eta gazte zeanuriztarrak horra joaten ziren.
Hirurogeiko hamarkadaren hasieran, gazteen presioa tartean izanik, agintari zibil eta erlijiosoen aldetik zegoen baltseoaren aurkako jarrera biguntzen zihoala esan daiteke eta 1962ko Andra Mari jaietan, herriko gazte talde batek Oromino soinujolea ekarri zuen, dantza lotuan egin ahal izateko “erromeria paraleloa” antolatuz. Soinularia ordaintzeko txapela pasatu zutenean, Maurizio Larrakoetxea karmeldar prailea handik igaro zen eta txanpon batzuk emanez hau esan omen zuen: “Beste leku batzuetan pekatu ez badok, hemen be ez dok izango”.
1963ko Andra Mari jaietako egitarauan Orquesta Nervión agertzen da. Gertaera horrek jadanik dantza lotuan egiteko debekuaren amaiera adierazten du.
Jon Urutxurtu