Munduko hizkuntza guztiek ez dute zenbaki zehatzik erabiltzen. Amazoniako Munduruku eta Piranhã kulturak, adibidez, anumerikoak dira, hau da, kopuru zehatzak adierazteko berbak erabili beharrean, termino orokorrak baino ez dituzte erabiltzen “batzuk” edo “zeozer” bezalako ideiak adierazteko.
Hizkuntza askotan, oinarrizko zenbakiak 5, 10 eta 20 izan ohi dira, eta ez dirudi txiripa hutsa zenbaki horiek bat etortzeak esku bateko hatz kopuruarekin lehenengoa, esku bietako atzamar kopuruarekin bigarrena, eta atzamar gehi behatz guztien kopuruarekin hirugarrena.
Hizkuntza proto-indo-europar gehienek 10ean oinarritutako zenbaki sistema erabiltzen dute, hamartarra izenekoa, adibidez, gaztelaniak. Euskarak, ordea, sistema bigesimala erabiltzen du, 20 oinarria duena: hogei (20), berrogei (40, bi aldiz 20), hirurogei (60, hiru aldiz 20). Ezaugarri hori partekatzen du, frantsesarekin ez ezik (frantsesak sistema erdi bigesimala erdi hamartarra erabiltzen du), maien eta uto-azteken hizkuntzekin. Badirudi zeltek eta bikingoek ere sistema bigesimala erabiltzen zutela.
Baina zein da euskararen zenbakien etimologia?
Bitxikeria lez esango dugu Sabino Aranak berak, Reforma de la numeración euzkérica lanean, oinarrizko zenbaki gehienak hatzekin lotu zituela, baina bere azalpenok, nahiz eta euretariko askok sen linguistiko handia erakutsi, ez dute behar adinako sakontasun eta zorroztasun zientifikorik dauden daudenean onartuak izateko.
Koldo Mitxelenak gai honen inguruan egin zituen ekarpenak, Orotariko Euskal Hiztegia-n ez ezik, Las etimologías vascas en la obra de Luis Michelena argitalpenean ere aurki ditzakegu, Juan Jose Arbelaizek atonduta. Koldok proposamen interesgarriak egin zizkigun, gehienak geroko euskalariek onartuak, nahiz eta, bere ohiko zuhurtziaz, gehienbat forma dokumentatu zaharrenak egiaztatzera mugatu, berreraikuntza apal batzuk gorabehera.
Manuel Agudek eta Antonio Tovarrek, Diccionario etimológico vasco (amaitu gabea) lanean, proposamen etimologiko ugari eskaintzen dizkigute euskararen zenbakietarako, Bouda, Campión, Gavel eta Lafón bezalako egileen eskutik. Horietako asko, baina, beste hizkuntza batzuetako hitzekin duten antzekotasun morfologiko hutsean oinarritzen dira, eta, azterketa sakonagorik ezean, asago lotzen dira epistemologia zientifikoaren bidetik.
Lakarrak berreraikuntza linguistikoaren bidea hartu zuen bere proposamena egiteko, eta Etymologiae, (proto)uasconicae LXV zein Haches, diptongos y otros detalles de alguna importancia lanetan oinarrizko zenbakietarako etimologiak aurkeztu zizkigun, Trask edo Mitxelena bezalako autoreen proposamenen bat profitatuz. Hala ere, haren proposamenek, koherentzia semantiko makala erakusten dute, besteak beste, Eduardo Orduñak kritikatu zuen moduan.
Bestalde, Ferrer i Janek antzekotasun handia aurkitu du iberierazko eta euskarazko lehen hamar zenbakien artean, El sistema de numerales ibérico: avances en su conocimiento bere lanean erakusten digunez. Iberierak planteatzen dizkigun zalantza guztiak gorabehera ―izan ere, gaur egun iberikoa letraldatzeko gauza gara, baina ez ulertzeko, iberikoaren Rosetta harria falta baitugu―, esan dezakegu ikerketa bide berri bat ireki zaigula, agian egunen batean euskararen eta iberieraren arteko harremana hobeto ulertzen lagunduko diguna.
Azkenik, Gomez-Acedoren proposamenera iritsi gara, Reconstruction of the Ancient Numeral System in Basque Language lanean dakarrena. Proposamen horretan pausatxo bat egingo dugu, une honetan, eta neure iritzi apalean, horixe baita hipotesirik onargarriena, osotasunari eta koherentziari dagokienez.
Haren planteamenduko gako hitzak erhi (hatza, atzamarra) eta ahur (eskuaren barrualdea) dira. Hipotesi horren arabera, zenbakiak izendatzeko euskal sistema zaharrean, zenbaki bakoitza irudikatzeko eskuetako hatzek hartzen zuten kokapena hartzen zen kontuan. Labur-labur azalduta, bat zenbakiak atzamar bat irudikatzen zuen (*bada-eri>*bader*bade>bat: hatz bat dago); bi zenbakiak, beste atzamar bat (*berr-eri>*berrei>*berri>*birri>*bi: beste hatz bat), baina hiru zenbakirako, esan liteke luzatzen diren atzamarrak barik, ahurrean tolestuta geratzen direnak hartzen direla kontuan (kasu honetan bi dira). Laugarren zenbakiaren kasurako, protagonista esku ahurrean geratzen den hatza izango litzateke, ez luzatzen diren lauak (*eri-ahur>*elahur>laur/lau: hatz bat esku ahurrean). Eta horrela, aldaera batzuk gorabehera, 10. zenbakira arte (*amahi-eri>*hamai-eri>*hamaeri>hamar: amaitu hatzak, edo hatz amaituak).
Bukatzeko, ‘digital’ hitzak (frantsesez numérique), gaur egun hain modan dagoenak, gure zenbakien antzinako jatorria hatzetan dagoela gogorarazten digu zeharka.
Joseba Santxo
Filologo eta ikertzailea