Etnografia atalak

0

Cinema Paradiso pelikularen promozio kartela.

Denbora asko da Lumière anaiek La sortie des ouvriers des usines Lumière à Lyon Monplaisir filma egin eta proiektatu zutenetik, hori izan zen zinemaren historiako lehenengo filma. Ikuskizun horri zazpigarren artea esaten zaio, eta, egia esan, lehenengo mailako arte jarduera bihurtu da; publikoarentzako narrazio eta entretenimendu modu bat da, beste arte batzuen parekoa.

Garai batean, herri txikietan batez ere, zinerako zaletasuna parrokiaren inguruan erne zen. Herrietan baziren apaiz sekularrak eta ikastetxeen ardura zeukaten erlijiosoak, beste zeregin batzuen artean katekesia ere irakasten zuten. Katekesi horren inguruan beste jarduera batzuk ere antolatzen ziren: kasurako, parrokiako edo eskolako zinema, mendi taldeak, basorako txangoak.

Ohikoa izan zen elizako arduradunen bat zinemazalea izatea, eta aisialdirako guneetako batean, batzuetan katekesia irakasten zen leku berean, filmak proiektatzea. Hasieran haurrentzako filmak izaten ziren: Rin-Tin-Tin txakurraren abenturak, Francis mandoa, Tarzanen bizipenak.

Baliabide gehiagoko familia batzuek proiektore txikiak zituzten eta etxean bertan gozatzen zuten zinema-saio laburrez, batzuetan gurasoek edo beste senide edo lagun batzuek grabatutako filmekin.

Denborak aurrera egin ahala, parrokietako aretoak telebistak erosten hasi ziren, ume-gaztetxoek haurrentzako programa urriez gozatzeko aukera izan zezaten. Halakoak igande eta jaiegunetan ematen ziren ikasturtean zehar, eta batez ere hotzak edo euriak kanpoan kirola egitea eragozten zuenean.

Era berean, gerta zitekeen misiolari erlijioso zein seglarren bat herrira bisitan etortzea, eta hitzaldi batzuk ematea nerabeak hirugarren mundua esaten zaionaren premiez kontzientziatzeko, bereziki Afrika beltzekoez. Halakoetan, hitzaldiari laguntzeko film labur edo filminak erabiltzen zituzten noizean behin.

Altamirako eliz aretoko kartela (Busturia). Labayru Fundazioa Argazki Artxiboa.

Geroago, parrokiako lokalak neska-mutil gazteek elkar ezagutzeko eta elkarrekin batzeko balio zuten guatekeak egiteko erabili ziren.

Urteak igarota, halako aretoak zinema komertzialekin lehian hasi ziren. Orduan lehenengoak beherantz hasi ziren, bigarrenek gora egin ahala. Zinema aretoetan saioak ordutegi desberdinetan proiektatzen ziren eta normala zen jaiegunetako lehenengo funtzioa ume-gazteei zuzenduta egotea;  gaur egun arte iraun du ohitura horrek.

Iraganean elizak zorrotz eta gogor kontrolatzen zuen zer zen gazteek eta adinekoek ikusteko modukoa. Filmen sailkapen morala elizetako ateetan jartzen zen, eta zentsoreek kalifikazio honetara ekartzen zuten: 1, publiko guztientzat egokiak ziren filmak; 2, gazteentzat; 3, 21 urtetik gorakoei gomendatutakoak; 3R, 21 urtetik gorakoak, erreparoekin, eta 4, arrisku larrikoak.

Aldi batean, parrokia batzuek filmen erakustaldi komertziala ere egin zuten, eta euren aretoetan inoiz ez ziren ematen 3R edo 4 kalifikazio moraleko filmak.

Dena dela, zinema arte eta entretenimendu bat izan da eta orain ere bada jende askorentzat, gaur egun beste hedabide asko dauden arren. Cinema Paradiso film bikaineko pertsonaietako batek dioen bezala: “Bizitza ez da zineman ikusten duzun bezalakoa, zailagoa da; baina egiten duzuna egiten duzula, maite ezazu”.

Segundo Oar-Arteta – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~