Etnografia atalak

0

Argazkia: Nasapuntakoa Karmengo jaietan; Armintza, 2012. Egilea: Akaitze Kamiruaga, Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Landareek eta zuhaitzek presentzia handi eta etengabea izan dute nekazari-gizarte tradizionaletan. Bereziki, izaera esanguratsua eta kutsu komunitario edo profilaktiko bizia duten zuhaitzek. Horiek udaberriko sasoian, balizko uztaren babesleak dira; eta uda garaian, berriz, beren presentzia bereziak agerian uzten edo gauzatzen duen uzta-biltze arrakastatsuaren oroigarri izan daitezke. Testuinguruotan, maiatzeko arbola edo jai-arbola deiturikoak (San Joaneko zuhaitza edo makala, Donienatxa, etab.) ohikoak izan dira eta izaten dira.

Era berean, komunitateen elementu sinboliko bilakatzen dira (Amerikaren independentziaren zuhaitza, Frantziako askatasunaren zuhaitza, Gernikako haritza, Malato zuhaitza, etab.), edo haren ohiturazko antolakuntza-egiturarena. Lurralde edo erkidegoen mugak adierazten dituzte, jai eta ospakizunen ikur dira, ohorezko ikusizko oparia, “maitasun adeitsurako” gazteen baliabidea eta ezkontzen iragarpen bikaina, baita bazterreko jokabideen zigor-seinale ere. Zabaleragatik edo garaieragatik aukeratutako zuhaitzak, gazteek moztuak eta garraiatuak, eta muino estrategiko batean edo herriko plazako eremu publikoan jarritakoak.

Argazkia: Iurretako gazteak donienatxa garraiatzen; 2013. Egilea: Igone Etxebarria, Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Bestalde, zuhaitz koreografikoak ditugu zinta-dantza, zuhaitz-dantza edo kordoi-dantzetan. Aldaera horiek eboluzioa egin dute enbor totemiko horretatik, zeina ohikoa baitzen Europako Antzinako Erregimenaren testuinguru tradizionalean; eta, kasu batzuetan, Amerikara ere esportatu baitziren. Gaur egun, txirikordatze-ariketa horiek jai jakinetan (Inauteriak, Gorpuzti Eguna, herrietako zaindarien jaiak, etab.) agertzen zaizkigun errituzko dantza-sorta egituratuei lotuta daude. Dantzariek zutabe baten inguruan egiten eta desegiten dute amarauna, doinu jakin baten erritmoan. Litekeena da goialdean landare-elementuak izatea apaingarri (loreak, baratzeko produktuak edo adar berdeak), beren hasierako jatorria gogoratzeko; dantzarekin batera mugitzen diren panpina edo txotxongiloak, edo dantzarien balentriak biribiltzeko zabaltzen diren gailu mekanikoak (uso hegalariak, edo bestelako efektu eszenikoak). Antzinako bizitza begetala, lotura duena lurraren barreneko errotzearekin, gainazaleko handitasunarekin eta adarrek zeru-sabaiarenganako duten gertutasunarekin.

Era berean, gizarte-erabilera orokortua ikus daiteke, esaterako, donibane-zuhaitz modura baliatzen direnean, azala kendutako arbola batean edo zutoin bertikal eta lurtar batean, zeina arrandiaz hautatu, moztu eta lekualdatzen den. Plaza publikoan kokatu ondoren, enborra koipeztatu egiten da, eta, haren goi-muturrean, elementuren bat jartzen da (bandera edo zapia, gurutzea, lore- edo landare-apaingarriak, jatekoren bat), gazte arinek, sari preziatuaren bila, eskalatuz erdietsi beharko dutena.

Donienatxa apaintzen; Iurreta, 2013. Egilea: Igone Etxebarria, Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Itsasertzeko eskualdeetan, donibane-zuhaitz bertikalen ordez, nasapuntakoak jarri ohi dira, horizontalak; portuko bokalean, ontzi batean edo sakonera egokiko itsasadarren ertzetan kokatzen dira, ur gainean egon daitezen. Mutur-muturrean, bandera bat jartzen da, eta horixe hartu behar dute parte-hartzaile bipilek, zilindro labainkorraren gainetik oinez, uretan plaust egiteko arriskua saihestuz. Sofistikazioz eraikitako donibane-zuhaitzak ere existitu dira (gurpil erakoak, edo birakariak), erdigunean duten errotazio-ardatz baten inguruan eragiten direnak. Horiek bueltaka ari direla, parte-hartzaileek ardatz mugikorraren mutur batetik bestera igaro behar dute oinez, jausi gabe, objektua (bandera edo zapia) atzemateko, eta, hala, jokoaren garaile izateko.

Josu Larrinaga Zugadi – Soziologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~