Etnografia atalak

0

Iturria: Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Jata mendiaren ekialdeko adarrek zedarritzen dituzten muinoetako batean ezkutatuta dago Zumetzagako San Migel baseliza, bakardadeak eta misterioak inguraturik. Mendetako haritzek, gaztainondoek eta milaka urteko arteren batek zabaltzen dute beren itzal babeslea tenplu xume baina historiko honen gainean. XII. mendearen amaieran eraiki zutela uste da, estilo erromaniko berantiarrean. Haren alboan, harribitxi eder hori zaintzen, Zumetzaga baserria dago.

Eraikin apala da baseliza, ekialdera begira dago eta nabe angeluzuzen bakarra du; abside ia karratu bat du buruan. Kanpoaldean, kontrahorma sendoak ditu, irudi guztiz berezia ematen diotenak. Hormak zein gangak harlangaitzez eginak dira, eta fatxada bakoitzean bao bat dago. Horietako hiru sartzeko dira, eta elizaren burualdean leiho txiki bat dago. Leiho horretatik sartzen da, hain zuzen, barrualdea argitzen duen argi apurra. Leiho hori eta hegoaldera begira dagoen atea dira eraikinaren egitura interesgarrienak.

Haren albotik bide bat dago, hegoaldetik Markaidarantz eta Larraurirantz doana, eta iparraldetik, berriz, arrapala malkartsu batek Bakiora eramaten gaitu. Ibilbide horrek garrantzi handia izan zuen arterago, izan ere, Bakioren eta Mungiaren arteko gaur egungo errepidea eraiki zen arte, Zumetzagako bide hori zen bi herri horien arteko komunikabide bakarra.

Iturria: Zuriñe Goitia.

Garai batean nahiko zabalduta zegoen herri sinesmen baten arabera, Bakioko eta Mungiako agintariek erabaki zuten behin betiko ebatzi beharra zegoela ordura arte muga komunaren zehaztugabetasuna zela-eta sortutako arazoa. Bakiotarrak pozik zeuden auzokideak konbentzitu zituztelako mugarriak (munarriak) jarriz konpon zedin kontua, tartean epailerik edo abokaturik sartu gabe, eta Bakio herri txikia zenez, aukera hartaz baliatu eta euren lurraldea handitzen ahalegindu ziren.

Adostutako eguna iritsi zenean, bi asto apaindu, eta janari eta edari ugariz zamatu zituzten, mungiarrak ahalik eta ondoen lausengatzeko; horrela, pozik eta baikor, Zumetzagara abiatu ziren, beren helburua erraz lortuko zuten itxaropenarekin. Bideko aldapa igotzen hasi eta berehala, nekeak eta egarriak hartuta zeuden, eta geldialdi bat egitea erabaki zuten, indarberritzeko. Mungiako herritarrek baino askoz ere bide laburragoa edukitzearen abantailarekin fidaturik, etenaldi hura behin eta berriro errepikatu zuten ibilbideko hainbat lekutan.

Mungiatik zetozenak, atsedenik gabe, tipi-tapa, hitzartutako orduan iritsi ziren baselizara. Baina han ez zegoen inor, eta, luzaroan zain egon ondoren, Bakiorako bidean aurrera jarraitzea erabaki zuten, haien ordezkarien bila.

Topatu zituzten azkenik, eta haiek, oso adeitsu, era guztietako janari eta edariak eskaini zizkieten. Mungiako agintariek gustura dastatu zuten Bakioko bizilagunen txakolin ospetsua. Hainbat orduz berriketan eta kantuan jardun ondoren, baten bat konturatu zen hasia zela iluntzen eta arazoa konpondu beharra zegoela. Egoera ikusita, mungiarrek proposatu zuten zegoen argi eskasa aprobetxatzea eta mugarriak leku horretatik bertatik jartzen hastea. Bakiotar gizajoek onartu behar izan zuten; eguna amaitzen ari zen, eta ez zeuden ibiltzeko moduan eta ez zeukaten negoziazioei ekiteko indarrik. Beraz, batzuk eta besteak handik bertatik hasi ziren mugarriak jartzen, eta, handik aurrera, Zumetzaga eta Emerando Mungiarenak izan ziren behin betiko.

Bakiotarren ordezkariek, lotsatuta itzuli beharrean herrira, euren lanaren meritua zabaldu zuten bolo-bolo herrian, eztabaidarik eta gatazkarik gabeko akordioa lortu zutela nabarmenduz. Euren asmoek porrot egin bazuten ere, egun bikaina igaro zuten.

Irailaren 29an ospatuko da Zumetzagan, beste urte batez, San Migel eguna. Meza kantatua izango da baselizan, eta, gero, bertsolariak, tortilla lehiaketa, jolasak eta erromeria herrikoia antolatu dira, baseliza inguratzen duen Zumetzagako landa izeneko parajean. Mungiako, Larrauriko, Bakioko, Emerandoko eta inguruko beste leku batzuetako jendea elkartuko da inguru eder horretan, eta, jurisdikzio mugarriak ahaztuta, adiskidetasunez eta alaitasunez ospatuko dute egun berezi hori.

 

Zuriñe Goitia – Antropologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~